Baso-igelaren izoztu ondorengo berpizte harrigarria

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Hotza

———————————————————————————————————–

Izotzari aurre egiten atalean ikusi bezala, ornogabeetan aurki daitezke batez ere kalterik eragiten ez duten izozte-prozesuak. Hala ere, berebiziko arreta jarri zaie antzeko erantzun edo moldaerak agertzen dituzten animalia ornodunei. Zergatia argia da: naturan berez badago izoztuta egon ondoren bizi-funtzioak mantentzen dituen ornodunik, bere intereseko zelulak, organoak, ehunak edo izaki osoak izoztuta gorde eta etorkizunean suspertzeko aukerak irekitzen zaizkio gizakiari. Horretarako, beraz, funtsezkoa da animalia horiek agertzen dituzten moldaerak ezagutzea.

Irudia: Ipar Amerikan bizi den baso-igelak biologoen arreta bereganatu du azken mendean, izozteari aurre egiteko duen gaitasunarengatik. (Argazkia: Whitewolfpack)

Ornodunen artean, baina, zenbait anfibio eta narrastitan baino ez da aurkitu izan horrelako erantzunik. Arrainek ezin dute izoztea eraman, ez eta ugaztun eta hegaztiek. Ahal dutenak salbuespenak dira ornodunen artean, baita ere anfibio eta narrastien taldeen barruan, talde horietan ere izotza saihestea baita erantzun nagusia. Baina ahal dutenen artean badira lehorrean negua igarotzen duten anfibio eta narrasti gutxi batzuk. Ohiko bizilekuetan egiten duen hotz handia migratuz saihestu beharrean, tenperatura baxuek eragiten duten izozte-prozesuak gainditzeko tresnak garatu dituzte anfibio eta narrasti horiek.

Mundu Zaharrean soilik aurki ditzakegu Siberiako arrabioa (Salamandrella keyserlingi) eta Lacerta viviparasugandila europarra. Ezagutzen diren beste guztiak (gehienak beraz) Ipar Amerikan bizi dira. Narrastien artean hiru espezie aztertu izan dira. Horien artean Terrapene carolina eta Terrapene ornata dortokak dira izotza jasan dezaketen animaliarik handienak. Chrysemys picta espezieko dortoken jaioberriak eguzkiaren beroak txitatutako arrautzetatik atera ondoren, errutegiaren inguruan gelditzen dira negua igarotzen; sarri pairatu behar dituzten tenperatura hotzek gorputzeko uraren % 50 baino gehiago izoztea eragiten dute, eta hala ere gehienek bizirik irauten dute.

Ikerketa gehienak anfibioen taldean egin dira, eta batez ere lau igel-espezie aztertu izan dira. Hyla versicolor arboletako igelaren kasuan ikusi da neguan glizerola haren fluidoen % 3 izatera hel daitekeela; igel horrek, beraz, intsektuek erabiltzen duten substantzia babesgarri bera ekoizten du izotz-kristalen kalteak saihesteko.

Baina dudarik gabe, kasurik harrigarriena Rana sylvatica baso-igelarena da, ospe handia eman baitio gorputz osoa behin eta berriro izoztu ondoren bizirik irauteko duen gaitasunak. Igel honen izozte-prozesua eta ondorengo funtzio nagusien etena harrigarriak dira benetan: arnasketa eta zirkulazioa bertan behera gelditzen dira eta ez du nerbio-sistemaren inolako erantzunik erakusten kinaden aurrean. Bere gorputzeko likido guztiaren % 65 egon daiteke izotz moduan, zeloma eta azal azpian 7-8 g izotz izan dezake, eta beraz haren organo guztiek deshidratazio maila nabaria izan behar dute. Egunetan eta asteetan izoztuta egon ondoren, izotza urtzean, funtzio guztiak berreskuratzen ditu, nerbio periferikoen kitzikagarritasuna eta erantzun erreflexuak 5-14 orduko epean ageriaz.

Izozten den baso-igelari buruzko bideoa.

Glukosa, azukrerik ezagunena, da baso-igelak babesgarri modura erabiltzen duen substantzia; glukosa metatzen du fluidoetan igel horrek neguko sasoirako prestatzeko. Hibernazioa hasi aurretik gibeleko gramo bakoitzeko 180 mg glikogenoko biltegiak osa ditzake. Dirudienez, babesgarri modura erabiltzen den glukosaren sintesia igelaren azalak kanpoko izotza ukitzean abiatzen da [1]. Izoztutako igelen funtsezko organoetan, hau da, gibela, bihotza eta zerebroan, gramo bakoitzeko 150-300 µg-koa izatera hel daiteke glukosa-kontzentrazioa (izoztu gabeko igeletan ohiko balioak gramoko 1-5 µmol dira). Gainera, glukosaren kontzentrazio-gradiente bat mantentzen dute, handiagoa igelaren muinean eta txikiagoa ehun periferikoagoetan. Horrela suspertze-prozesua lehenago gertatzen da bizi-funtzio nagusiak kudeatzen diren gunean, kanpoko aldeek izoztuta jarraitzen duten artean.

Zirkulu Artikoan bizi daitekeen baso-igel honekin laborategian egindako saioetan, muskulu, gibel eta odoleko glukosa-kontzentrazioa tenperatura jaitsierak 14 egun iraun ondoren hasten dela ikusi da. Dirudienez, intsektuek ez bezala, igel hauek ez dute erabiltzen izotzguneak modu kontrolatuan eratzeko eragilerik (INArik); tamainaz (nahiko handia) baliatzen omen dira izozte-prozesua bat-batekoa izan beharrean gradualagoa izan dadin lortzeko, horrela izotza zeluletatik kanpo baino eratuko ez dela bermatuz. Hortaz gain, hibernatzeko habi egokiak bilatzen dituzte: hezetasun maila altua dutenak, ondo babestuak.

Esan bezala, izoztu ondoren bizirik iraun dezaketen ornodunak arreta handiz ikertu izan dira eta ikertzen izaten ari dira, lortutako ezagutza kriopreserbazio-prozesuetarako oso erabilgarria izan daitekeelako. Rana sylvatica baso-igel horren kasua dugu, hain zuzen ere, ezagutzen den berezko kriopreserbazioaren adibiderik harrigarriena!

Oharrak:

[1] AMP ziklikoak bitartekari modura jokatzen duen bide adrenergiko baten bidez gertatzen da hori.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>