Asiatik datorren liztorra (eta III)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Europan izan dugun liztor inbasiorik arrakastatsuenaren protagonistari eskaini diogun artikulu-sortari bukaera emango diogu gaurkoan. Asiatik datorren liztorra edo Vespa velutinaren jatorria eta ezaugarriak ikusi genituen Asiatik datorren liztorra (I) artikuluan. Velutinaren bizi-zikloa eta honen inbasioak eragindako ondorioak aztertu genituen gerora Asiatik datorren liztorra (II) artikuluan. Amaitzeko, inbasioaren aurkako irtenbideak ikusiko ditugu.

Habia-suntsiketak

Asiatik datorren liztorrari aurre egiteko, habia-suntsiketak dira oraindik ere metodorik eraginkorrenak. Hau da bidea Asiako liztorren populazioak murrizteko. Habiaren-suntsiketa lehenbailehen egin behar da azaroaren amaiera arte. Ale guztiak barnean daudela ziurtatzeko, gauez egitea gomendatzen da, epe horretan erabat gelditzen delako liztorren kanpoko jarduera.

1. irudia: Asiatik datorren liztorrak egindako habia. (Argazkia: CODDAC)
1. irudia: Asiatik datorren liztorrak egindako habia. (Argazkia: CODDAC)

Egunez egiten diren suntsiketetan, intsektizidak (zipermetrina) edo biozidak (sulfuro dioxidoa) erabiltzen dira, pertika teleskopikoaren bitartez habian injektatuta. Gero, habia kendu eta erre egin behar da. Azken hau funtsezkoa da, hegaztiak edo bestelako animaliak kutsa ez daitezen.

Egoera jakinetara joanda, askotan ez dago habiaren kokapena jakiterik, zuhaitzetako adar garaietan kokatuta dagoelako, gehienetan ibaien aldeko zuhaitz hosto-erorkorretan. Beraz, ezkutuan mantentzen dira maiz, eta bere tamaina handia izan arte, ez dira antzematen errazak.

Tranpak

Liztorrak era askotako tranpen bidez harrapa daitezke. Ereduzkoenetako bat da beita edo amu erakargarriak (karbohidratoak edo proteinak) dituen merkatuko tranpa bat (Avispa’clac, Veto-Pharma), edo eskuz egindako tranpa bat, erlategi inguruetan eskegitzen dena.

Oraindik ez da tranpa selektiborik asmatu, eta beraz, kontu handiz erabili behar da sistema hau. Albo kalteak ahalik eta gehien saihesteko, zulo txiki batzuk egin daitezke, liztorrak baino txikiagoak baina intsektu txikiak irteteko modukoak. Gainera, belaki bat jar daiteke, intsektu horiek ito ez daitezen eta zuloetatik ihes egin dezaten.

Erakargarri selektiboak bilatze horretan, ikerketa batzuek agerian utzi dute harrapatutako dipteroetan daudela tranpen arteko desberdintasun garrantzitsuenak.

Beraz, tranpak kontuz erabili behar dira, erabilera masiboak kalte handiak ekar diezazkiokeelako bioaniztasunari. Gauzak horrela, tranpak tokian tokiko konponbide izango dira, baina ez osoko konponbide.

Vespa_velutina_nest
2. irudia: Vespa velutina erregina bat habia egiten udaberrian. (Argazkia: Francis Ithurburu, CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Espezie hauen kudeaketan, erregina fundatzaileak ale funtsezkoak dira, beraiek direlako kolonia berrien sortzaileak, eta euren agintepean daudelako kolonia osoaren jarduerak. Erreginak harrapatzeko tranpak, hibernatu baino lehen edo hibernatu osteko epean erabili behar dira. Udazkenaren amaiera eta neguaren hasiera izan daitezke une egokienak, epe horietan erregina bere garaian daudelako. Hala ere, oso eztabaidatua da tranpak udaberrian erabiltzeko aukera, garai horretan ez delako selektiboa, ez eta oso eraginkorra ere.

Izan ere, tranpak erabiltzeko unean, faktore asko hartu behar dira kontuan, zentzuzko plangintza egin ahal izateko: sasoia (uda aurrekoa, uda ostekoa), airearen tenperatura (10ºC-tik behera), ur-iturrietatik hurbil, erlategiaren kokapena… Horretaz guztiaz gain, pikeren sarrerak murriztu egin behar dira, bakar-bakarrik liztorrak baizik sar ez daitezen.

Harrapariak eta parasitoak

Berriki aurkitu dira bi espezie bizkarroi autoktono, Asiako liztorrarengan.

Batetik, Conops vesicularis euliak liztorren gainean erruten du, liztorrak hegaldian daudenean, edo loreetan dauden bitartean. Eulien larbak, himenopteroen hemolinfaz eta barneko organoez elikatzen dira, eta heriotza eragiten die liztorrei. Hau gertatzen da parasitatu eta handik bi astera. Bi velutina erregina aurkitu ziren hilda, bizkarroi hau zeukatelarik. Erreginak habia primarioa sortzen ari zirenean gertatuko zen kontua.

Bestalde, Pheromermis generoko nematodoak bi ostalari behar ditu bere bizi-zikloa osatzeko. Nematodo heldua uretan bizi da. Tokian erruten dituen arrautzetatik irteten diren larbak, uretakoak diren edo erdiuretakoak diren intsektuetara aldatzen dira, eta beren hestean kieszentzian gelditzen dira. Ziur aski, liztorrek jan egiten dituzte intsektu horiek, eta nematodoen larbekin kutsatzen dira. Nematodoak ez ditu liztorraren larbak hiltzen, baina liztorrak antzutu egiten dira. Liztor hauek ur-toki batera hurbiltzen direnean, nematodoak hil egiten du ostalaria, eta uretara itzultzen da bere bizi-zikloa bukatzeko.

Bi bizkarroi hauek ezik Nanteseko Lorategi Botanikoan, Sararcenia landare haragijalea ikusi da. Amerikako jatorria du landare honek, eta gai da Asiako liztorra erakartzeko. Izan ere, hosto barruan liztor hondar digerituak aurkitu dira.

azkonarra
3. irudia: Azkonarrak liztor asiatikoak harrapatzen ditu eta jan ere. (Argazkia: Tolosaldeko ataria)

Badira liztorrez elikatzen diren beste hainbat: ugaztun eta hegazti batzuk, zona inbadituetan bizi direnak, eta himenopteroez elikatzen direnak. Besteak beste, badugu eskinosoa (Garrulus glandarius), erlatxoria (Merops apiaster) eta azkonarra (Meles meles).

Frantziako hego-mendebaldean, aztertu da zein harraparitza egiten den velutinaren gainean eta ikusi da erle-belatzak (Pernis apivorus) habiak hondatu eraso eta hondatu egiten dituela. Izan ere, ezaguna da belatza himenopteroez elikatzen dela. Oiloak ere (Gallus gallus domesticus) ikusi dira velutinak harrapatzen.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Chardonnereau E., Thèse: Les frelons ennemis potentiels de l’abeille domestique, Faculté de médecine de Créteil, 2014, France.
  • Muller F., Rome Q., Perrard A., Villemant C.: Le frelon asiatique en Europe, jusqu’où irat-il? Insectes. 2013, 169, 3-6.
  • Rallo A & Garcia-Arbeas L.: Fauna exotiko inbaditzailea Bizkaian. Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutua. BFA/DFB. 2012, 330 or. Bilbao
  • Villemant C., Rome Q. & Haxaire J.: Le Frelon asiatique (Vespa velutina). In Muséum national d’Histoire naturelle [Ed]. 2010.

Egileaz:

Juan Carlos Iturrondobeitia UPV/EHUko Artropodoen Zoologiako katedraduna da.


“Asiatik datorren liztorra” artikulu-sorta:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.