Asteon zientzia begi-bistan #106

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

asteon zientzia begi-bistan 106

Neurozientzia

Sentimendu subjektiboak gure garunak egiten dituen kalkulu objektiboetatik abiatzen direla egiaztatu du Adam Kepecs Cold Spring Harbor Laborategy (New York, AEB) zentroko neurozientzialariak. Ikerketa honetan, gizakien eta ordenagailuen portaera konparatzen zuten asmo eta aurretik aipatu dugun tesi hori frogatzeko, bideo-joko moduko bat sortu zuten. Amaia Portugalek azaltzen digu zertan zetzan hori: Zenbait boluntariok klik soinu segida batzuk entzun behar zituzten, eta haien ustez, klik horien artean azkarrenak zeintzuk ziren esan. Erabakia zenbaterainoko konfiantzarekin hartu zuten ere adierazi behar zuten; oso ziur ote zeuden, funts handirik gabeko ustea ote zen, edo erdibideko zerbait. Hemendik ondorioztatu zutena zera izan zen: gizakien erantzunek eta kalkulu estatistikoek antzeko bidea egiten dutela. Bigarren esperimentu bat ere gauzatu zuten.

Astronomia

Aurreko astean aurreratu ziguten moduan, astronomo talde batek izar hotz baten inguruan orbitatzen duten hiru planeta aurkitu ditu. Horietatik bik bizia garatzeko baldintzak izan ditzakete. Txileko La Silla behatokian dagoen Trappist izeneko teleskopioa erabili dute aurkikuntza egiteko. Trappist1 izena jarri diote izar nano ultrahotzari. Jupiter planetaren tamainakoa eta Eguzkia baino askoz hotzagoa. Horregatik, posible izan da haren orbitan biraka dabiltzan hiru planeta aurkitzea. Hurrengo urteetan, biomarkatzaileak bilatzeari ekingo diote, hau da, biziaren presentzia iradokiko luketen zantzuak topatzen saiatuko dira.

Nanoteknologia

Cristina Cerrillok “Nanoekotoxikotasun saiakuntzak estandarizatzeko ingurumenaren aldetik adierazgarriak diren metodoak hautatzea” ikerlana egin du. Tesi hau, Europako NANoREG proiektuaren barruan (Europar Batasuneko ikerketa eta garapen teknologikoko programa batean) garatu da. Bertan, IK4-Tekniker partaide ere bada. Testuan azaltzen denez, nazioarteko mailan zenbait ekimen daude nanomaterialen ebaluazio toxikologikoa arautzeko edo horri buruzko legeak egiteko eta, kasu honetan, proiektu honen helburua legegileei erantzunak ematea nanomaterialen ingurumen eta segurtasun eta osasun alderdiei buruz.

Biologia

Asiatik datorren liztorrari buruz aritu zaigu hirugarren atal honetan Juan Carlos Iturrondobeitia. Inbasioaren aurkako irtenbideak planteatu dizkigu. Habia-suntsiketak, tranpak eta parasitoak aipatzen ditu, besteak beste. Lehenengo irtenbidea da metodorik eraginkorrena. Asiako liztorren populazioa murrizteko egiten da eta gauez egitea gomendatzen da. Tranpak ere dira baliagarriak liztorrak harrapatzeko. Baina kontuz ibili behar da, erabilera masiboak kalte handiak ekar diezazkiokeelako bioaniztasunari. Badira ere liztorrez elikatzen diren animaliak. Horiek ere ageri dira artikuluan.

Baleen ehizari eta olioari buruz hitz egin digute oraingoan Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak. Jakina da, euskaldunak garai hartan Ternua eta Groenlandiara baleen bila joaten zirela. Arpoilari onenak omen ziren eta horregatik ehiztari euskaldunak izan dira baleen populazioek izan dituzten beherakaden eragile handienetakoak Ipar Atlantikoan. Balearen ekoizkinik preziatuena, olioa zen. Izan ere, balea bakar batetik olio kantitate izugarria atera zitekeen. Gantz kantitate handiak pilatzen dituzte larruazalaren azpian, energia-erreserba gisa jokatzen du. Itsas ugaztunek metatzen duten gantzek funtzio garrantzitsu bat daukate: isolamendu termikoa. Uretan bizi diren animalientzat beroa galtzeko duten bide bakarra eroapena da. Kontzeptu hori argi azaltzen digute: Urak aireak baino erraztasun handiagoz eroaten du beroa. Ondorioz, uretan bizi diren animaliek bero kantitate handiak gal ditzakete ura gorputza baino hotzago badago. Ur hotzetan bizi diren itsas ugaztunak oso ondo moldatzen dira pilatzen duten gantz horri esker.

Ingurumena eta genetika

Petrolioa desegiten duten hainbat bakterioren genomak deskodetu dituzte. Texasko unibertsitate batean egin dute ikerketa. Zehazki, 2010ean Deepwater Horizon petrolio-plataformak izan zuen isuria degradatzen lagundu duten bakterioen genomak deskodetzea lortu dute. Ikertzaileek azaltzen duten arabera, erregaiak bi osagai ditu: alkanoak batetik, bakterioek degradatzen dutena eta bestetik, hidrokarburo aromatikoak, degradatzeko zailagoak direnak. Osagai horren aurrean, eta azterketa genetikoa eginez, ikusi dute bakterio batzuk uste baino eraginkorragoak direla hori ere degradatzerako orduan.

Sariak

Manuel Carreiras (Lugo, 1959) psikologian doktoreak jaso du 2015eko Euskadi Ikerkuntza Saria. Carreiras, egun, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroko sortzaile eta zuzendaria zientifikoa da. Neurozientzia kognitiboaren arloan nazioarteko ikertzaile nabarmenetako bat da, zehazki, irakurketaren, hizkuntzaren eta elebitasunaren prozesatzeari dagokion arloan. Manuel Carreirasen lanen kalitate zientifikoa goraipatu nahi izan du jaso duen sariak.

Ildo berari jarraiki, Tabakaleran banatutako aurtengo CAF-Elhuyar sarien inguruan mintzo dira ere Elhuyar aldizkarikoak. Xabier Artaetxebarria Artieda ingeniaria, Antton Alberdi Estibaritz biologoa, Edu Lartzaguren Urdangarin kazetaria eta Enrique Hurtado Mendieta ikertzailea izan dira irabazleak. Merezimendu Saria Kepa Altonaga Sustatxa zoologoari eman diote.

Saria lortu du Edu Lartzagurenek eta ildo horretatik, aritu da Berrian zientzia dibulgazioaz. “Behi eta berriz”, saritutako erreportajeaz mintzatu da. Horretaz gain, gaiak eskatzen zuen hausnarketa ere planteatu du; Lartzagurenek beharrezkotzat jotzen du zientziaren dibulgazioa. Bere hitzetan: “Inoiz baino beharrezkoagoa da dibulgazioa: argi esateko zer den eta zer ez den zientzia”.

Emakumeak zientzian

Caroline Herschel astronomoak teleskopio baten laguntzaz, zeru izartsuari begira eman zuen bizitza. Musika ikasten hasi zen, baina laster aldatu zuen lirika astronomia alorragatik. Bere eskutik etorri zen aurkikuntza esanguratsuetako bat diziplina horretan: kometa bat identifikatu zuen lehen emakumea izan zen. Bere hilarrian agertzen diren hitzak dira bizitza osoan zehar erakutsi zuen dedikazio horren erakusle: “The eyes of her who is glorified here below turned to the starry heavens”.

Teknologia

Go Pro kamerari buruzkoa dugu hau. Espazioan erabiltzeko frogak egiten ari dira. Adibidez, iazko azaroan, UP Aerospace Inc.-ek prestaturiko Maraia Capsule kohetearena izan zen, eta Go Pro kamerekin iritsi zen 120 kilometroko altueraraino. Baina kamerak jausi egin ziren. Testak egiten ari da UP Aerospace Inc., beste enpresa batzuk bezala, NASA eta espazio-agentzien negozio publikoan salmentak egiteko asmoz. Go Proak egin dezakeena ikusi nahi baduzu, bai espazioan eta bai pelikano baten mokoan, ez galdu testuan zehar tartekatzen diren bideoak.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.