Zante irlatik gertu aurkitutako arrasto batzuk hondoratutako antzinako zibilizazio batenak ote ziren aztertzen aritu da ikerketa talde bat. Ez da hala. Topatutako piezek zementuzkoak badirudite ere, duela bost milioi urte gertatutako fenomeno geologiko natural baten emaitza dira.
Altxor bilatzaile zenbaiten ametsak zapuztu ditu Ingalaterrako eta Greziako ikerketa talde batek. Urpekari batzuek aztarna bereziak aurkitu zituzten Zante irlatik (Grezia mendebaldea) gertu; ur azpian, bi eta bost metro arteko sakoneran. Hondoratutako antzinako zibilizazio baten arrastoak ote ziren, hori zen ikertzaileen galdera eta kondairazaleen ametsa, baina ez da hala. East Anglia (Ingalaterra) eta Atenasko unibertsitateetako zenbait kidek elkarlanean egiaztatu dutenez, hor azpian aurkitutakoak ez ditu gizakiak egin, duela bost milioi urte inguru gertatutako fenomeno geologiko batek baizik. Marine and Petroleum Geology aldizkarian eman dituzte ikerketari buruzko azalpenak.
Urpekari batzuek aurkitu zituzten arrasto horiek. Badute zilindro formako zutabeen oinen antza, bai eta zolatutako lurzoruaren tankera ere. Dena dela, ez zituzten horrelakoetan ohikoak diren beste elementu batzuk aurkitu, zeramikazko ontziak kasu, eta horregatik susmoa hartuta zeuden ikertzaileak. Hala, ur azpian aurkitutako elementu horien eduki minerala eta egitura zehatz-mehatz aztertu zituzten; besteak beste, mikroskopia, X izpi eta isotopo egonkorren teknikak baliatuta.
Hori horrela, zementuzkoak diruditen eta disko forma daukaten arrastoak Pliozenoan gertatutako fenomeno natural baten ondorio direla egiaztatu zuten. Julian Andrews ikertzaileak eta artikuluaren egile nagusiak adierazi bezala, “zutabe zirkularren oinen itxura pixka bat duten morfologia horiek arruntak dira hidrokarburo iragazteen mineralizazioan, eta itsas hondo modernoetan zein antzinako inguruneetan ikusi izan ditugu”. Hala ere, normalean halakoak ez dira ur azaletik hain gertu aurkitzen, ehunka eta milaka metroko sakoneran baizik. Horrek egiten du berezi aurkikuntza hau.
Ikertzaileon ustez, zorupean sortu zen faila bat izan daiteke fenomeno honen abiapuntua. Hipotesi horren arabera, failak ez zuen itsas hondoko gainazala erabat hautsi, baina hari esker, zorupean metatutako gasek, eta batez ere metanoak, ihes egin zuten behetik gora. Ondoren, mikrobioen ekarpenaren txanda izan zen. “Sedimentuetako mikrobioek metanoan dagoen karbonoa baliatzen dute, erregai gisara. Metanoaren oxidazioa eragiten dute mikrobioek, eta sedimentuen kimika aldatzen du horrek. Hartara, zementu naturalaren moduko zerbait bihurtzen da sedimentua: geologoek konkrezio deitzen diote”, azaldu du Andrewsek. Kasu honetan, gainera, dolomitazko konkrezio bati buruz ari gara, eta hori ere bada berezia. Izan ere, mikrobioz jositako sedimentuetan mineral hori nahiko arrunta bada ere, itsas uretan ez da ia inoiz agertzen.
Duela bost milioi urte inguru sortutako konkrezio horiek ia ur azaleraino iritsi dira, higaduraren ondorioz. Fenomeno geologiko hori itsas hondotik hainbeste urruntzea nahiko ezohikoa dela azpimarratu dute ikertzaileek, baina sakonera handiko uretan bada arrunta, Andrewsek nabarmendu bezala: “Metano naturalak zorupeko hidrokarburo gordailuetatik ihes egiten duenean gertatzen da, horixe gertatu dela frogatzen dute. Ipar itsasoan horixe bera gertatzen da. Eta frackingaren efektuen antzekoa ere bada: gizakiaren esku-hartze horrek bizkortu egiten du fenomenoa”.
Erreferentzia bibliografikoa:
J.E. Andrews et al. Exhumed hydrocarbon-seep authigenic carbonates from Zakynthos island (Greece): Concretions not archaeological remains. Marine and Petroleum Geology. Available online 19 May 2016. doi:10.1016/j.marpetgeo.2016.05.022
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.