Itxasne Azpitarte Iraculisek oso gaztetik zekien zer egin nahi zuen: ikertzaile izan nahi zuen. “Batxilergoan nengoenetik nekien ikerketan aritu nahiko nuela. Oso argi nuen; eta, enpresa batzuetan ikertzen bada ere, ikertzaile izateko doktore-tesia egitea da normalena. Beraz, bide hori hartu nuen”, aitortu du.
Eta nanoGunen dago orain, Nanomaterialen ikerketa-taldean, tesia egiten. Pausoz pauso egin du horra iristeko bidea: “Kimika ikasten hasi nintzen, eta, bosgarren mailan, Materialen Zientzia izeneko ikasgai bat genuen. Niri harrigarria iruditzen zitzaidan nola aldatzen ziren materialen ezaugarriak, haien konposizioa aldatuta. Hala, Kantabriako Unibertsitatearekin batera UPV/EHUk eskaintzen duen Material Berrien masterra egitea erabaki nuen”.
Ez du ezkutatzen gustura egin zuela masterra, eta saria ere jaso zuen ikasketetan egin zuen lanaren ordainetan. Izan ere, 2014/2015 ikasturteko ikasle onena izendatu zuten. Ordurako, nanoGunen zegoen, tesia egiten. Hain zuzen, laugarren eta bosgarren mailen arteko udan, praktikak egin zituen nanoGunen, eta orduan ezagutu zuen barrutik han egiten den lana. “Oso baliagarriak izan zitzaizkidan berresteko horixe zela nik egin nahi nuena. Material Berrien masterra egin nahi nuela esan nien, eta, hala, arlo horretan egin nuen praktiketako proiektua. Geroztik zuzendariarekin harremanetan jarraitu nuen, eta masterraren amaierako lana ere nanoGunen egin nuen, eta tesia horren jarraipena da”.
Grinaz beteta hitz egiten du tesian egiten ari den lanari buruz. Azaldu duenez, polimeroen ezaugarriak aldatzean datza, oxido metalikoak txertatuz. “Lehendik ere erabiltzen dira oxido metalikoak polimeroen ezaugarriak hobetzeko; baina aldaketa fisikoa izaten da; hau da, geruza bat jartzen zaio gainetik, eta kito. Nire lana, ordea, sakonekoa da, oxidoak txertatzean elkarrekintza kimikoak sortzen baitira, eta horrek polimeroaren ezaugarriak sakonean aldatzea dakar”.
Kevlarrarekin ari da lanean, oso polimero ezaguna, batez ere, bere gogortasunagatik. Oxido metalikoa txertatuz, beste ezaugarri batzuk eman nahi dizkio: “Adibidez, izpi ultramoreekiko erresistenteagoa bihurtu nahiko genuke, erradiazio ultramorearekiko oso zaurgarria baita berez. Aldatu nahi diogun beste ezaugarri bat eroankortasuna da; berez isolatzailea da, baina eroale bihurtuko bagenu, ehun adimendunak egiteko aukera izango genuke”. Kevlarrarekin ez ezik, beste polimero berriago batzuekin ere esperimentuak egiteko asmoa du.
Bidea zabaltzen
Azpitarteren esanean, tesian lantzen ari den arloa erabat berria da. Horri, oso motibagarria da batetik, baina, bestetik, zaila ere bada, ez baitu nora jo, erreferentziak behar dituenean edo zerbait berretsi nahi duenean. “Oraintxe ari dira beste batzuk ere bide hau probatzen, eta ari dira artikuluak ateratzen, baina oso gutxi dira oraindik. Bidea zabaltzeak alde oso onak ditu, baina gogorra da”.
Alde horretatik, asko eskertzen du lankideen aldetik jasotzen dituen iritziak eta ikuspuntu desberdinak. “Mikroskopiakoekin eta beste arlo bantzuetakoekin ari naiz lanean, sortzen dudan materiala karakterizatzeko haien beharra baitut, eta oso baliagarria zait haiek esaten didaten guztia. Ez dut non begiratu, egiten ari naizena ondo dagoela berresteko, baina ingurukoen laguntza badut”.
Tesiaren lehen urtea du oraindik, beraz, ez du gehiegi pentsatu etorkizunean. Hala ere, garbi du ikertzen jarraitu nahiko lukeela: “Ahal izanez gero, atzerrira joatea gustatuko litzaidake, pare bat urtez edo, doktoretza-ondorengoa egitera”. Badaki, ordea, zaila dela; horregatik, enpresaren batean lana eskainiko baliote, hartuko luke. Baina badu itxaropena: “ikertzen ari zarenean, harreman pila bat egiten dituzu atzerriko ikerketa-taldeetako jendearekin, eta batek daki hortik ez ote den etorriko aukeraren bat…”. Gogoa eta kemena, behintzat, baditu.
Fitxa biografikoa
Itxasne Azpitarte Iraculis (Zornotza, 1991). 2014an lizentziatu zen Kimikan UPV/EHUn. Ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Kantabriako Unibertsitateak ematen duten Material Berriak masterra egin zuen, eta 2014/2015 ikasturteko ikasle onenaren saria eskuratu zuen. 2015eko irailean, Eusko Jaurlaritzako doktoretza aurreko beka lortu, eta “Modification of polymers through vapor phase infiltration” doktoretza-tesia hasi zuen CIC nanoGUNE ikerketa-zentroan.
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.