Estitxu Villamor: “Zientzia modu arduratsuan erabili beharko genuke”

Ana Galarraga/Elhuyar Zientzia

Nonbait, irakasle baten eraginez hasi zen Fisika ikasten Estitxu Villamor. Haren hitzetan, “fisikarekiko pasioa kutsatu zigun, eta benetan gustuko nuen; horregatik erabaki nuen hori ikastea. Eta hasieratik piztu zitzaidan tesi bat egiteko gogoa eta ikertzeko jakin-mina”.
Dioenez, laugarren mailan zegoela, Nanogunen praktikak egiteko aukera sortu zitzaion, udan: “Gustura ibili nintzen. Nanogune ireki berria zen, eta gero doktoretza-tesian egin dudanaren hasiera-hasierako pausoak eman nituen. Orduan, Eusko Jaurlaritzaren beka bat eskatzea proposatu zidaten, eta probatu behar nuela pentsatu nuen”, azaldu du Villamorrek.
Irudia: Estitxu Villamor Lomas fisikan doktorea. (Argazkia: Iñigo Ibañez/Elhuyar)

Irudia: Estitxu Villamor Lomas Fisikan doktorea. (Argazkia: Iñigo Ibañez/Elhuyar)

Tesia egiten hasi zenean, baina, ohartu zen zientziari buruzko ikuspegi idealizatua zuela: “Beste askok bezala, zientziaren ikuspegi erromantikoa nuen; jakintza bilatzea dela eta hori guztia. Baina ikusi nuen, horrekin batera, badaudela beste gauza batzuk ere”. Horien artean, argitaratzeko presioa eta lan-baldintzak aipatu ditu Villamorrek.

Hala ere, horrek baino eragin handiagoa izan du Villamorrengan beste gogoeta batek: “Zertarako ikertzen da, zer interes daude atzean? Hori da kontua. Izan ere, ikerketa oso-oso garestia da, batez ere ikerketa esperimentala. Eta hori finantzatzeko interesen bat egon behar du, eta interes hori ez da beti izan beharko zukeen bezain etikoa”, baieztatu du.

Haren ustez, ikerketa benetan da garrantzitsua, eta jarraitu behar da ikertzen gizartearen onurarako, baina ondorioak aintzat hartuta. “Esaterako, ni ikertzen ari nintzenak zer aplikazio du? Bada, zuzenean, industria mikroelektronikoan, oraingoak baino ordenagailu ahaltsuagoak, txikiagoak, azkarragoak eta energia-kontsumo txikiagokoak egiteko. Hori interesgarria izan daiteke. Baina benetan da garrantzitsua mundu guztiak halako ordenagailuak izatea? Eta nondik datoz hori egiteko behar diren baliabideak? Kontuan izan behar da energia pila bat behar dela, eta erabiltzen diren materialak mugatuak direla”.

Hausnarketa egiteko beharra

Energiaren eta materialen erabilerak ez ezik, haiek lortzeko nola jokatzen duten ere kezkagarria zaio Villamorri. Koltanaren adibidea jarri du: “Kongotik ekartzen da, eta gudak finantzatzen dira hura ustiatzeko, giza eskubideak sistematikoki urratuz. Ikertzen ari garenean, ordea, ez gara horrekin gogoratzen”.

Horrenbestez, Villamorrek uste du ikertzaileek gogoeta egin beharko luketela ea nahi dioten lagundu industriari, etengabeko hazkundearen norabidean, edo agian ez ote den hobe norabidea aldatzea, eta ekonomia-sistema aldatzen ahalegintzea. “Zientzia, modu arduratsuan erabilita, lagungarria izan daiteke trantsizio horretan”, gehitu du. Eta jarraitu du: “Zientzialariak ere badira munduan gertatzen denaren erantzule, eta, zer ikertzen duten eta zertarako, beren gain hartu beharko lukete horren ardura”.

Horregatik guztiagatik, Villamorrek ikertzen jarraitzea baztertu du. “Asko gustatzen zait zientzia, eta ez dut zientziarekiko lotura galdu nahi, baina beste bide bat hartzea erabaki dut”. Oraindik ez du garbi zer egingo duen, baina irakaskuntzan edo zientziaren dibulgazioan aritzea gustatuko litzaioke, “batez ere, irizpide kritikoa sustatzeko”.

Fitxa biografikoa:

Estitxu Villamor Lomas (Gasteiz, 1987). UPV/EHUn Fisikan lizentziatu zen eta CIC nanoGUNEn aritu da ikertzen. Lehenbizi, Nanozientzia masterra zela medio eta, ondoren, doktore-tesia burutzen. 2014ko abenduan “Injection, transport and manipulation of pure spin currents in metallic lateral spin valves” izeneko tesia defendatu zuen. Gaur egun, ikerketa alde batera utzi eta hezkuntzaren eta zientzia-dibulgazioaren munduan aritzea du helburu.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>