Olatz Perez de Viñaspre: “Gizarteari onura ekarriko diola pentsatzeak asko asetzen nau”

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Olatz Perez de Viñaspre Garraldak gaztetatik nahi zuen informatikaria izan. Ordenagailuak asko gustatzen zitzaizkion, eta DBHtik zuen Informatika ikasteko asmoa. Batxilergoko azken urtean, ordea, zalantza sortu zitzaion, Euskal Filologiak ere erakartzen baitzuen. “Filologia gero ere ikas nezakeela pentsatu nuen, eta horrela erabaki nuen Donostiako Informatika Fakultatean hastea. Eta, azkenean, bi arloak uztartu ditut, IXA taldeari esker”, dio Perez de Viñasprek.

Hain zuzen ere, IXA taldean tesia egiten ari da, medikuntzako terminologia ingelesetik euskarara automatikoki itzultzeko proiektu baten barruko ikerketa batekin. Horra iristeko bidea “oso naturala” izan dela onartu du: “Informatika ikasten ari nintzela, IXA taldeko irakasle batzuk ezagutu nituen, ikusten nuen euskararekin zebiltzala gora eta behera, eta karrera amaierako proiektua Maite Oronozekin egin nuen. Gero beste proiektu batekin lotu nuen, eta jarraian Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua Masterra egin nuen. Hori eta gero, tesia egiteko aukera sortu zitzaidan; beraz, dena etorri da bata bestearen atzetik”.

OlatzPzViñaspre
Irudia: Olatz Perez de Viñaspre informatikaria eta ikertzailea.

Perez de Viñaspreren esanean, IXA taldeak laguntza handia eman dio ibilbide horretan, eta tesia egiteko ere Maite Oronozen zuzendaritzapean jarri da. Horrek ikerketa-gaia aldatzea ekarri dio: “Bi proiektuak galdera-erantzun sistemen inguruan egin nituen, eta orain tesia medikuntzaren arloan egiten ari naiz. Argi nuen euskararekin egin nahi nuela tesia, baita nor nahi nuen zuzendari izatea ere, eta bera osasun arloan ari zenez, ni ere horretan hasi nintzen”.

Hala, SNOMED CT sare semantikoa euskaratzeko lanetan dabil orain. “Sare semantiko hori mundu osoan erabiltzen da osasun-txostenak prozesatzeko eta abar, eta eleaniztuna da. Hortaz, arlo horretan zerbait egin nahi bagenuen, lehenengo gauza SNOMED CT euskaratzea izan behar zuela ikusi genuen, eta horretan ari gara”.

Aurrera egiteko bultzada

Benetan gustura ari dela aitortu du: “Egiten ari naizenak gizarteari onura ekarriko diola pentsatzeak asko asetzen nau”. Horrez gain, gustuko du bere lanak aplikazio zuzena izateak, “erabilgarria izango dela, ez dela paperean geratuko”. Horrek guztiak aurrera egitera bultzatzen du.

Horrekin batera, oso garrantzitsutzat jotzen du taldearen babesa: “Azken finean, ordu asko ematen ditugu lanean, eta batzuetan gogorra da. Etsipen-uneak ere izaten ditugu tarteka, eta, horiek gainditzeko, niri ezinbestekoa zait taldearen laguntza. Egia esan, oso giro ona dugu, bai barruan bai kanpoan, eta horrek asko errazten ditu gauzak”.

Tesiaren azken txanpan dago orain. Egin duen lana proiektu osoaren lehen pausoa da, eta azken helburua da medikuei osasun-txostenak euskaraz idazteko aukera ematea. Izan ere, Perez de Viñasprek azaldu duenez, “orain, ezin dira euskaraz bakarrik idatzi, mediku erdal elebakarrak izanik, pazientearen segurtasuna arriskuan jarri gabe. Gazteleraz ere egon behar dute. Beraz, gure helburua, da programa bat sortzea euskaraz txostenak idazten laguntzeko eta, gainera, gaztelaniara edo beste hizkuntzetara modu automatikoan itzultzeko”.

Tesiaren ondoren, IXA taldean lanean jarraitzea nahiko luke, baina irakasle-lanarekin uztartuta, egonkortasun handiagoa izateko. Atzerrira joatea ere ez du baztertzen, pare bat urtez doktoretza-ondorengoa egitera, beste hizkuntza gutxitu batzuetakoek interesa baitute beren lanean, “baina nahiagoko nuke geratu”.

Fitxa biografikoa

Olatz Perez de Viñaspre. Iruñean jaioa, 1987an, eta Gasteizen hazia eta hezia. Sistemen Informatikan ingeniaritza teknikoa eta Informatikan ingeniaritza ikasketak burutu zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Karrera bukaerako proiektuekin UPV/EHUko IXA ikerketa-taldearekin lanean hasi zen, eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterrarekin batera doktoretza-tesia egiten hasi zen. Horretan dihardu gaur egun.


Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

1 iruzkina

  • Osasunaren alorrean gabezia handi samarrak ditugu (euskaldunok) hizkuntzaren aldetik, ekarpen ederra etorriko da lan honen bidetik.

    Hori da gauzak garbi izatea. Aupa, Olatz, gutxi falta da eta!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.