Bi mila urte baino gehiago dituen burezur momifikatu baten erreplika egin dute hiru dimentsiodun inpresioaren bidez, eta haren gainean, bere aurpegia berreraiki du eskultore batek. Emaitza oso errealista da: Meritamun da, Egiptoko faraoien garaian bizi izan zen emakume gaztea.
Meritamun izena jarri diote, 18 eta 25 urte arteko emakumea zen, eta antzinako Egipton bizi izan zen, duela bi mila urte edo gehiago. Haren burezur momifikatua Melbourneko Unibertsitateko soto galdu batean egon da gordeta hamarnaka urtez. Orain, diziplina arteko elkarlan oparoaren ondoren, Meritamunen burua berreraiki dute, 3D inprimagailu bat baliatuta eta eskultore baten pazientzia handiari esker. Artikulu honi laguntzen dion argazkian dago emaitza.
Inork ez daki ziur zer dela-eta agertu zen Meritamunen burezurra Melbourneko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko sotoan. Hala ere, litekeena da Frederic Wood Jones (1879-1954) izatea horren erantzule. Unibertsitateko Anatomia saileko buru izendatu zuten 1930ean, baina aurrez, arkeologia lanetan ibili izan zen Egipton. Kontuak kontu, burezurrak urteak eta urteak eman zituen soto hartan, inork haren berririk izan gabe. Baina aurkitutakoan, etekin ederra atera diote.
Burezur momifikatua kaltetuta egongo ez ote zen kezkatuta, tomografia eskanerra egin zioten, bendak kendu beharrik gabe zer moduzko egoeran zegoen argitzeko. Ezustean, haren kontserbazioa aparta zela ikusi zuten, eta horixe izan zen gerora egin duten berreraikitzearen abiapuntua. “Konturatu ginen elkarlanean ikertzeko aukera bikaina zela, auzitegiko zientziaren zein irakaskuntzaren ikuspegitik”, azaldu du Ryan Jefferies unibertsitateko museo kontserbatzaileak.
Eskanerra Janet Davey Monash Unibertsitateko egiptologoak aztertu zuen gero, eta berak egiaztatu zuen antzinako Egiptoko gizabanako batena behar zuela izan burezur hark. Emakumea zela ere zehaztu zuen, bere aurpegiaren hezur egiturari erreparatuta: barailezur txikia, ahoaren gainalde estua, betzulo bereziki biribilak… Horiek izan zituen generoaren adierazle.
Benden lihoaren kalitate ona dela eta, Meritamunek goi mailako estatusa zuela dio Daveyk. Faraoien garai goiztiarrenekoa izan daitekeela ere uste du, eta ez du baztertzen bere datazioak k.a. 1500 urtera arte egitea atzera, baina erradiokarbonoaren proben emaitzen zain dago hori zehazteko. “Misterio handiak izaten dira beti argitzeke auzitegiko egiptologian, eta horregatik, oso garrantzitsua da aukera guztiak kontuan hartzea eta frogei atxikitzea”, esan du Daveyk.
Meritamun zergatik hil zen argitzen ere saiatzen ari dira ikerketa honetan. Eskanerrari erreparatze hutsaz, burezurraren zati batzuetan hezurra mehartuta dagoela antzeman du Stacey Gorsky Melbourneko Unibertsitateko Biomedikuntza masterreko ikasleak. Anemiaren sintoma argia da hori. Gainera, infekzioak ikusi dizkio bi hortzatan. Biak ala biak izan daitezke Meritamunen heriotzaren eragile, edo heriotza erraztu dezaketen bi faktore, baina Gorskyk berak aitortu bezala, ezinezkoa da kausa erabat zehaztea burua bakarrik aztertuta.
Meritamuni buruz makina bat gauza jakin ahal izan dituzte ikertzaileek, haren burezur momifikatuari esker. Hala ere, haren burua berreraikitzea, horixe izan da elkarlan honen emaitzarik deigarriena. Horretarako, eskanerrean oinarrituta, burezurraren erreprodukzioa egin dute lehenik, 3D inprimagailu baten bitartez. 140 orduko inpresio lan zehatza izan da.
Plastinazio teknika ere baliatu zezaketen erreprodukzio hori egiteko, baina inprimagailuak badu abantaila handi bat: burezurraren erreplikaren nahi beste kopia egin ditzakete orain. Gavan Mitchell egiteko honen arduradunak azaldu bezala, “orain, patologia interesgarriak dituen edozer espezimenen nahi beste erreplika egin ditzakegu [3D inprimagailuaren bidez], ikasleek erabil ditzaten, jatorrizko espezimena bera ukitu ere egin gabe”.
Meritamunen buruaren berreraikitzea laburbiltzen duen bideoa
Hiru dimentsiotan inprimatutako burezur horretatik abiatuta, Meritamunen buruaren eskultura egitea izan da azken urratsa. Jennifer Mann artistak eta auzitegiko antropologian adituak egin du lan hori. Horretarako, gaur egungo egiptoarren batez besteko ezaugarri fisikoez eskuragarri dauden datu batzuk izan ditu oinarri, eta horiek lagundu diote aurpegiaren puntu gakoetan ehunaren lodierak zenbaterainokoak izan beharko liratekeen zehazten.
Jarraian, poliuretanozko erretxina eta pintura gehitu dizkiote eskulturari, eta ilea jartzea izan da azken urratsa. Ezin Meritamunen ilea nolakoa zen zehaztu, baina Lady Rai izenez ezaguna den Egiptoko emakume baten orrazkera baliatu dute eredu gisa. Lady Rai k.a. 1570-1530 urte artean bizi izan zen, bere gorputz momifikatua Kairoko Egiptoko Museoan dago, eta bere kontserbazio maila bikaina da. Horretan oinarrituta, txirikorda txikitan bilduta dagoen eta buruaren alde bietara erortzen den bilo luze eta iluna jarri diote Meritamuni. “Berreraikitzea egiteko, ebidentziari atxiki natzaio, eta sustengua duen metodologia bat baliatu dut. Oso aspalditik datorren pertsona baten aurpegia atera da horrela. Zoragarria da”, esan du Mannek.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] Amaia Portugalek Zientzia Kaieran 3D inprimagailuen erabilera harrigarri bat ekarri zigun: Antzinako egiptoar bat eraikitzeko. […]