Oxigenoa
Jakina da anfibioen arnasketan larruazalak zeregin garrantzitsua betetzen duela. Ez da hain ezaguna, ostera, hainbat anfibio taldetan, garrantzi hori zenbaterainokoa den. Titikaka aintzirako (3.812 m) uretan bizi den igelak (Telmatobius culeus) ez du egiazko birikarik, gasen trukerako egokiak ez diren biriken aztarnak baino ez ditu. Oso berezia da igel hori, ez baita anfibioa, urtarra baizik. Ezagunak ditugun igel gehienak ez bezala, ez da uretatik irteten; horregatik ez du arnasa hartzeko balio duen egiazko birikarik. Izan ere, larruazaletik hartzen du arnasa. Hau da, larruazala da oxigenoa hartzeko eta karbono dioxidoa kanporatzeko duen organo bakarra.
Kontuan hartu behar da, bestalde, 3.812 m-tan oxigeno gutxi dagoela eta horrek, berez, zaildu egiten duela arnasa hartzea. Hortaz, Telmatobius culeus-ek tolesturaz beterik du larruazala. Tolesturei esker, gasen trukerako azalera oso handia dauka, eta horrek konpentsatu egiten du oxigeno-urritasunaren eragina. Gainera, tolestura horiek mugituz, ur-korronteak sor ditzake inguruko ura berriztatzeko eta, era horretara, oxigenoaren kanpo-kontzentrazioa ahalik eta altuen mantendu. Aurrekoaren osagarri modura, larruazalaren barnealdea odol-hodiz josita dago, eta, hori gutxi balitz, igel honen odola berezia da oso. Batetik, beste igelen odolak baino hemoglobina gehiago du eta, bestetik, globulu gorri gehiago edukitzeaz gain, txikiagoak dira eritrozito horiek; horrela, oxigenoa xurgatzeko azalera handiagoa du eritrozitoen multzo osoak. Faktore horiei guztiei esker, erraztu egiten da altuera horretan guztiz urria den oxigenoaren transferentzia.
Titikaka aintziran Telmatobius culeus igelaren irudiak erakusten dituen bideoa. (Irudiak: Bolivian Amphibian Initiative)
Telmatobius culeus igela estimu handian dute Titikaka aintziraren inguruko herritarrek. Estimu handia, baina, ez dagokio igelaren arnas fisiologia bereziari. Izan ere, ohiko janaria da inguruko jatetxeetan, eta hori nahikoa ez eta afrodisiakoa omen da igela. Hori dela eta, «igel-irabiakiak» prestatzen eta “edaten” dituzte bertako biztanleek. Viagra perutarra deitzen diote orain. Ez dakigu gordinik ala egosirik hartzen duten «irabiakia»; erabili ditugun iturriek ez digute hori argitu.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
1 iruzkina
[…] horrek, baina, badu ordainsari bat. Izan ere, larruazalaren olio geruzak uraren iragatea eragozteaz gain, oztopo egiten dio oxigeno eta karbono dioxidoaren […]