APAk, (American Psychological Association), gaixotasun mentalen diagnostiko eta estatistika bosgarren eskuliburua “Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders (DSM-5”) publikatu zuen 2013ko maiatzean. DSM (Diagnostic an Statistical Manual of Mental Disorders) gaixotasun mentalen sailkapena da. Mundu guztiko ikertzaile, kliniko, konpainia farmazeutiko, osasun-aseguru konpainia eta politikoek erabiltzen dute, AEBn batez ere.
DSM-5eko nortasun eta nortasun nahasteen lan taldeak, nortasunaren psikopatologiaren ebaluazio eta diagnostikoan birformulatze esanguratsua gomendatu zuen 2010ean. Formulazio berri honetan, garrantzia eman zitzaion diagnostiko hau testuinguru desberdinetara egokitzeari, pertsonarteko harremanei eta banakoaren identitatearen narriadurari. Nortasun nahaste kategoria kopurua murriztu eta eredu kategoriala dimentsio ereduarekin konbinatu egiten da formulazio berri honetan.
DSM-5eko lan-taldeen arabera garrantzitsua da landa ikerketak egitea pazienteak modu egokian diagnostikatuak izan daitezen, eta nahasterik ez daukatenak akats moduan diagnostikatuak izan ez daitezen. Landa ikerketen bitartez, tresna hauek testuinguru desberdinetan eta profesional desberdinengan frogatzen dira, eta horrela tresnen fidagarritasuna handiagotzen da. Ikerketa honen bitartez, Euskal Herrian hartutako lagin batean, DSM-5aren tresna berri hauek balioztatzeko landa ikerketa bat egin da. Euskal Herriak herrialde elebiduna izatearen berezitasuna dauka, horregatik eskala eta tresna hauek euskarara itzultzearen garrantzia ikusi da, batez ere, euskara ama hizkuntz bezala duten ebaluatzaile eta gaixoentzat.
Datu bilketa, Euskal Herriko instituzio desberdinetan egin zen eta 32 paziente euskaldunek parte hartu zuten. Tresna originalak euskaratzeko, “Back-Translation” metodologia erabili zen, metodologia honen bitartez kalitatezko itzulpenak lortzen baitira. Metodo honen bitartez, tresna originalak hizkuntza batera itzultzen ditu itzultzaile batek. Ondoren, bigarren itzultzaile batek berriro itzultzen du tresna hau jatorrizko hizkuntzara. Azkenik, hirugarren ebaluatzaile batek jatorrizko testua berriro itzulitako testuarekin konparatzen du, esanahi bera dutela egiaztatzeko. Modu honetan, kalitatezko itzulpenak lortzen dira.
Kasu honetan, tresnen aplikaziorako, test-retest metodologia erabili zen, hilabeteko tartea utzita bi frogen artean. Bestalde, DSM-5eko lan taldearen aholkuak jarraituz, kappa estatistikoak egin ziren, bi elkarrizketen arteko nortasun nahaste mota eta funtzionamendu mailen arteko harremanak neurtzeko eta Wilcoxonen proba bilateralak egin ziren ezaugarri eta eremuekin, bi laginen banaketa berdina zen ala ez egiaztatzeko.
Ikerketaren ondorioek erakusten dutenez, alde batetik, “Back-Translation” metodologiaren bitartez, euskarara itzulitako DSM-5eko tresnek, jatorrizkoen esanahi berdina dute. Bestalde, tresna berri hauek guztiz ulergarriak eta erabilgarritasun errazekoak dira ebaluatzaile trebatuentzat. Amaitzeko, tresna berri hauek eduki baliozkotasuna daukate eta, DSM-IVkoak baino askoz zehatzagoak direla baieztatu daiteke.
Guzti honekin, DSM-5eko nortasun nahasteen inguruan sortu diren irizpide berriak aztertu dira eta Euskal Herrian hartutako lagin batean baliagarriak direla frogatu da. Gaur egun, irizpide berri hauek DSM-5 eskuliburuaren hirugarren sailean agertzen dira, hots, ikertzeko bidean dauden tresnen sailean.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
- Artikuluaren izena: DSM5-eko nortasun-nahasteak ebaluatzeko tresnen itzulpena eta balidazioa. Euskal Autonomi Erkidegoan egindako ikerketa bat.
- Laburpena: 2013ko maiatzaren 18an, APAk (Amerikar Psikiatria Elkartea), gaixotasun mentalen diagnostiko eta estatistikaren bosgarren eskuliburua «Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders (DSM-5») publikatu zuen. Eskuliburuaren hirugarren sailean (Neurketa tresna eta eredu berriak), DSM-5eko nortasunaren eta nortasun-nahasteen lan taldeak nortasunaren psikopatologiaren ebaluazio eta diagnostikoan birformulatze esanguratsua gomendatu du. Ikerketa honen bitartez, tresna berri horiek balidatu ditugu Euskal Herrian hartutako lagin batean. Euskal Herriak herrialde elebiduna izatearen berezitasuna dauka; horregatik nabaria da tresna hauek euskarara itzultzearen garrantzia, batez ere, euskara ama-hizkuntza duten ebaluatzaile eta gaixoentzat.
- Egileak: Naiara Ozamiz, Agurtzane Ortiz, Jose Guimon (1943-2016) eta Javier Escobar.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 87-96
- DOI: 10.1387/ekaia.14518
Egileaz: Naiara Ozamiz eta Agurtzane Ortiz UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko irakasleak eta ikertzaileak dira. Javier Escobar Rutgers Universityko ikertzailea da. Jose Guimon (1943-2016) UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako irakaslea eta ikertzailea zen eta psikiatrian aditua.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.