Astrofisika
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eman dio Agustín Sánchez Lavega astrofisikariari 2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria. Sánchez Lavega aitzindari izan da Euskadiko espazio-zientzien arloan astronomia eta astrofisika txertatzen: Zientzia Planetarioen Taldea sortu zuen, baita Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Espazio Gela eta Behatoki Astronomikoa. Ikerketan, eremu esperimentalean zein teorikoan aritu da. Sánchez Lavega irakaslea astronomia-instrumentazioaren garapen teknologikoan ere dago murgilduta, UPV/EHUren PlanetCam proiektuan. Halaber, Marte planetarako NASAren Mars 2020 misioan MEDA instrumentuaren ikertzaile-kide eta koordinatzaile zientifiko izendatu dute.
Azken urteotan, bereziki Jupiter eta Saturnoren ilargiek piztu dute arreta gehien. Bertan izaten diren prozesuak ulertzeko oso baliagarriak dira espazio misioak baina garestia da horrelako misioak egitea. Baina Laborategiko Astrofisika baliatuz, posible da ere, hein batean, aurkikuntzak egiten jarraitzea. Nola? espazioan gertatzen diren fenomenoak simulatzen. Juanma Gallegok aipatzen du adibide bat: Titan ilargia. Georgiako Teknologia Institutuko (AEB) ikertzaileek iradoki dutenez, satelitean dauden dunek indar elektrostatikei zor diete haien norabide bitxia. Titanen, haizeek batez ere ekialdetik jotzen dute baina, halere, satelitearen lurrazalean sortzen diren dunak kontrako bidea hartu ohi dute. “Badira hainbat indar guretzat batere intuitiboak ez direnak, Lurrean oso garrantzitsuak ez direlako. Baina indar horiek eragina izaten dute Titango elementu geografikoetan”, azaldu du Josef Dufek geofisikariak.
Meteorologia
Nazio Batuek hamabi hodei berri izendatu dituzte. Ezagunak ziren jada baina oraindik sailkatu gabe zeuden. Modu horretan, Munduko Meteorologiaren Erakundeak aukera baliatu du Nazioarteko Hodeien Atlas berria aurkezteko; 1987az geroztik eguneratu gabe zegoena. Aipatu moduan, ez du genero berririk txertatu: “Hodeiak sailkatzeko irizpide berriak eta hodei bereziak aurkitu dira, baina ez dute genero berririk izendatu”, diote ikertzaileek. Halere, espezie berri bat aurkitu dute: Volutus izeneko hodeia, Australian maiz sortzen dena. Azken hau berezia da: “Ozeano Bareko hainbat tokitan sortu ohi da, eta arrabol horizontalaren itxura hartzen du. Azkar mugitzen da, eta kilometro askoko luzera izaten du normalean”. Aurkikuntzak askotarikoak izan dira. Jo ezazue artikulura horien berri izateko!
Emakumeak zientzian
Flemingek penizilina aurkitu zuen momentura salto egin dugu testu honetan. Argia aldizkarian azaltzen digute nola lortu zuten antibiotiko famatu horren ekoizpen handiagoa lortzea. 1938an, Oxfordeko Patologia Institutuko Ernst Boris Chain eta Norman Heatley biokimikariak eta Howard Florey medikua ekoizpena handitzeko ahaleginean hasi ziren, baina ez zuten emaitza handirik lortu. Mary Hunt-ek laborategi horretan lan egiten zuen; erosketa egiteaz arduratzen zen. Ekaineko egun batez, lizun horixka zeukan meloi bat erosi zuen. Laborategian, lizuna ebaki eta azter zezaten prestatu zuen, laginari etiketan 72 zenbakia ipinita. Ondoren, lizunik gabeko meloi zatiak lankideen artean banatu zituen eta gozoegia omen zegoen. Penicillium chrysogeum onddoa zeukan meloiak. Flemingek aurkitutako onddoak baino 200 aldiz penizilina gehiago ekoizteko aukera ematen zuen. Medikuntzako Nobel saria eman zieten Alexander Fleming, Ernst Boris Chain eta Howard Floreyeri 1945ean. Mary Hunt ez zuten aipatu ere egin.
Irati Markuerkiaga Herbeheretako Radboud Unibertsitatean dabil tesia egiten, neuroirudigintzaren arloan. Ingeniari izateko ikasten hasi zen. Momentu horretan ikusi zuen hautazko ikasgaietako bat Teknika Biomedikoak zirela eta erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza (MRI, ingelesez) zer zen ikasteko aukera izan zuen. CIC Biomagunen erresonantziako teknikari lanetan ibili zen eta han jarraitu zuen lanean. Horren ondotik, doktoretza egitea erabaki zuen. Oraingo zentroan oso gustura dabil lanean: “Adibidez, hamar ikerketa talde daude, baina bulegoetan, taldeka egon beharrean, nahastuta gaude; eta taldeburu guztien bulegoak ere korridore berean daude”. Neurri horiek elkarlana bultzatzea eta taldeek jarrera territorialak izatea ekiditea dute helburu. Eta zein da haren zeregina bertan? MRIa aplikazio anitzetarako erabil daitekeen teknika aipatzen du, ehunen arteko kontraste oso ona lortzen duena. Baina nahiko teknika geldoa da. Hortaz, hiru helburu nagusi ditu taldeak, ikerlariak azaltzen duenez: “Irudiak azkarrago edo bereizmen handiagoarekin lortzeko metodoak garatzea, burmuineko ehunen ezaugarri magnetikoen irudi kuantitatiboak lortzea, eta bereizmen handiko erresonantzia magnetiko funtzionala egiteko metodoak garatzea“.
Osasuna eta medikuntza
Jaioberritan antibiotikoak hartzeak epe luzera ondorio kaltegarriak dituela ondorioztatu du ikerketa batek. Saguekin egindako ikerketak agerian utzi du dosi txikitan erabilita ere epe luzeko kalteak eragiten dituela. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu albistea: haurdunaldiaren azken fasean eta titia utzi arteko aldian penizilina hartzeak duen eragina aztertu dute, eta bietan parekoak direla ikusi dute: hesteetako mikrobiota eraldatzen du; erantzun immunea erregulatzen duten zitokinen kontzentrazioa handitzen du garunean; hesi hematoentzefalikoaren iragazkortasuna aldatzen du; eta, azkenik, portaera soziala murriztu eta jarrera jazarkorra areagotzen du. Bi sexuetan ikertu dute, eta berdin uzten ditu kalteak.
Gaixotasun zeliakoak oinarri genetikoa du baina berriki ikerketa batek erakutsi du infekzio biriko bat izan daitekeela gaixotasuna garatu arazten duen faktoreetako bat. Itxuraz asintomatikoa den reobirus bat da, gure heste meharra kalterik eragin gabe infektatzen duena. Baina, azken ikerketa honen arabera, gaixotasun zeliakoa izateko joera genetikoa duten pertsonengan bestelakoa da eragina: elikagaiekiko tolerantzia immunologikoa aldatu egiten du. Izan ere, gorputzak ez du haiekiko eraso immunologikorik sortzen. Baina gaixotasun zeliakoaren kasuan tolerantzia hori hautsi egiten da eta glutenaren aurrean erantzun immunea eragiten du: hesteetako mukosako geneen espresioa aldatzen dute eta elikagaien antigenoekiko tolerantzia galtzen da. Ondorioz, zelula immuneak martxan jartzen dira eta hesteetako hantura gertatzen da. Ikerketa saguetan egin dute.
Psikologia
Ustelkeria oinarri izan duten ikerketak plazaratu dituzte artikulu honetan. Aipatzen den lehen ikerketak, 2015ean Castellóko Unibertsitatean egin zenak, erakutsi zuen lasaigarriagoa eta errazagoa dela diru-eskaintza onartzea, eta ustela izatea ez da hain mingarria. Beatriz López Varcárcelek eta bere lankideek plazaratu zuten bigarren ikerkuntzan, udal mailako ustelkeria kasuen zehaztapen guztiak bildu zituzten, 2001-2010 tarteko datu-base bat osatzeko. Zer ondorioztatu zuten? Bada, ustelkeriarik gabeko udal batean, %3.1 igotzen direla ustelkerian erortzeko probabilitateak, inguruko zonaldean ustelkeria duen udal bakoitzeko. Costa Rica eszenatoki duen ikerketa batek datu harrigarri bat ematen du: Burgoseko Unibertsitatean, Barómetro de las Américas delakoaren datuak hartu zituen talde batek. Bertan, politikarien inguruko galderak egiten ziren zintzotasunaz, gaitasunez, eta politika-praxiez. Erantzun zutenen %23.2ak politikari ustelak nahiago zituzten, baldin eta politika-ahalmena bazuten.
Biologia
Ameriketako Estatu Batuetako Duke Unibertsitateko ikertzaile batek behin etxetxori batzuk eraman zituen 6.100 metroko altueran zegoen toki batera. Txoriak beharrezkoa zuten oxigenoa lortzeko gai ziren nahiz atmosferan oxigeno gutxi egon. Toki berdinera eramandako saguak, aldiz, etzanda geratu ziren, koman ia-ia. Ikertzaileak ez zuen aurkitu saguen eta txorien odolen hemoglobinen arteko desberdintasun esanguratsurik. Beraz, sistema kardiobaskularraren edo arnas aparatuaren egitura eta funtzionamenduan egon behar zuen gakoak. Apunte garrantzitsu bat: hegaztien bihotza oso handia da, tamaina bereko saguena baino ia 3 bider handiagoa da etxetxoriena. Bihotz handia izanik, odol-bolumen handia bultza dezake taupada bakoitzeko. Horrez gainera, hegaztien birikak oso eraginkorrak dira, ugaztunenak baino askoz ere eraginkorragoak. Ezaugarri aproposak goialdeetan egon ahal izateko, bai horixe.
Ingeniaritza
UPV/EHUk magnesioan aberatsa den gehigarri batekin lurzoruak tratatzeari buruzko azterlan batean parte hartu du. Sulfatoak dituzten lurzoruak oso material ugariak dira naturan eta material desegokiak dira. Horrek berekin dakar material horiek kendu eta zabortegira eraman beharra, eta harrobietatik ateratako materialekin ordezkatu beharra. “Horrek guztiak kostu ekonomiko eta ingurumeneko handiak sorrarazten ditu, orain arte saihetsezinak” azaldu du Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako irakasleak. Mota horretako lurzoruak egonkortzeko zailtasunaren arrazoia da ohiko gehigarri egonkortzaileak kaltzioan oinarritzen direla. Halakoetan, sulfato gehigarria kaltzioarekin eta buztinaren aluminioarekin konbinatzen da, eta horren emaitza da oso hidratatuta dagoen mineral hedakor bat, etringita izenekoa. Azterlan honetan analizatu egiten da kaltzioan oinarritutako gehigarriak magnesioa oinarri duen hautabidezko gehigarri batekin ordezkatzearen emaitza
Geologia
Euskokantauriar arroaren bilakaera prozesua ezagutu ahal izan dugu artikulu interesgarri honen bitartez. Konpresio-prozesu luze honetan bi deformazio-fase bereizten dira. Zaharrenak iparralderanzko bergentziadun eta gazteenak hegoalderanzko bergentziadun egiturak sortuko dituzte. Lehenengo egiturak, gaur egun, Bizkaia eta Gipuzkoa iparraldean eta Lapurditik ekialdera azaleratzen dira batez ere. Ingurune horretan estentsioa nagusi zen bitartean arroaren hondoratzea eragin zuten faila normal ugari garatu ziren, baina konbergentzia hasi zenean egitura horiek izan ziren esfortzu berriei erantzuten lehenak. Horrela, faila normal askoren inbertsio tektonikoa gertatu zen; Sopelako Atxabiribil hondartzako azaleramenduetan argi gelditzen da hori. Bestalde, Hegoranzko bergentziako fase tektonikoan garatutako egiturak oso nabarmenak dira. Toloño mendizerran zehar garatutako toles eta zamalkadura gehienek hegoalderanzko mugimendua adierazten dute.
Zientziaren emaitzak
Zientzialariek argitaratzeko duten presioa aspaldiko kontua da, baina azken urteetako “jasangaitza” dela dio NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateko arduradun Joaquin Sevillak. Haren ustez, asko argitaratzearen beharrak arazo ugari eragin ditu. “Horren erruz, azken urteotan sortu diren zientzia emaitza asko ezin ditugu zientifikotzat hartu. Kasu batzuetan, kalitate estandarrak jaitsi direlako, baina, beste hainbatetan, zuzenean, iruzurtzat jo ditzakegulako”. Zientziarekin garapena beharrean, presio horrek kontrakoa lortzen du: “Zientzian ezinbestekoa den errepikagarritasun printzipioa hautsi da. Beste zientzialari batek esperimentua errepikatzen duenean, ez dira emaitza berberak lortzen”.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.