Asteon zientzia begi-bistan #145

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Emakumeak zientzian / Argitalpenak

Martxoaren 8an Marta Machok argitaratutako artikuluarekin hasiko gara. Bertan azaltzen zaigu Moebiusen sindromea zer den: gaixotasun neurologikoa da eta Paul Julius Moebiusi berari zor dio izena –batez ere neurofisiologiaren etaendokrinologiaren alorretan lan egin zuen–. Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes obran, ordea, garai hartako beste egile batzuengandik hartu zituen urritasun intelektual hori frogatzeko “argudio zientifikoak”; garunaren pisuarekin eta ezaugarriekin lotutako azterlanak baliatu zituen (jakina, gizonezkoen garunarekin alderatuta, hura jotzen baitzen “normaltzat”). Panfletoari izena ematen dion baieztapena argudiatzeko, hainbat azterlan eta teoria baliatu zituen Moebiusek; hala nola, Cesare Lombroso mediku eta kriminologoarenak (1835-1909) edota Nikolaus Rüdinger anatomistarenak (1832-1896). Moebiusek defendatutako hainbat kontsiderazio sexista, arrazista, misogino eta iraingarri bildu ditu artikulu honetan.

Biologia

Badira bizimodu urtarra duten jatorri lehortarreko narrastiak. Arnasteko bi modu daude, batzuek airean eta beste batzuek uretan egiten dute arnas. Krokodiloek, zenbait dortokak eta itsas sugeek, esaterako, airea arnasten dute, eta hala ere urperatze luzeak egin ditzakete. Zientzia Kaierak azaltzen digu gaia. Acrochordus, Cerberus, Farancia eta Nerodia generoetako sugeek 25-35 minutuko urperatze-aldiak egin ditzakete; itsas dortoka berdeak, bestalde, 50 minutu egon daitezke uraren azpian; eta ordu bat baino gehiago urpera daitezke itsas sugeak. Desberdinak dira animalia horiek eta itsas ugaztunek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak. Horiek ezagutzeko, irakur ezazue artikulua osorik.

Ekologia

Ikerketa baten arabera, gaur ezagutzen dugun Amazonia, hein handi batean, gizakiak moldatutakoa da. Europarrak heldu baino lehenago, gizakiek Amazoniako oihanean zer eragin izan zuten aztertu dute bertan. Wageningengo Unibertsitateko (Herbehereak) Carolina Levis ekologoak gidatu du azterketa. Normalean zientziarena lan komuna bada ere, kasu honetan bereziki azpimarratzekoa da 152 zientzialarik parte hartu dutela. Hamar urteetan bildutako datuak 3.000 aztarnategi arkeologikoekin alderatzea lortu dute, eta orduan azaldu da marraztuta Amazoniaren irudi berria. “Arrasto arkeologiko ugari oihanean barna ezkutaturik daude oraindik. Zaila da horiek topatzea, baina etxekotutako landareak errazagoak dira ikusteko, eta horiek agian toki arkeologiko berrien seinalea eman dezakete», iradoki du Devisek.

Eboluzioa

El Sidrón (Asturias) kobazuloko neandertalek pinaziak, perretxikoak eta goroldioa jaten zutela frogatu dute, hortzen lertzotik erauzitako material genetikoa aztertuta. Aldiz, ez dute topatu haragia jaten zutela erakusten duen frogarik. Horrekin batera, gaixotasunei aurre egiteko sendabelarrak erabiltzen zituztela baieztatu dute. Hori lehendik ere ezaguna zen baina kasu honetan, Penicillium onddoaren eta makalaren arrastoak topatu dituzte. Bestalde, mikroorganismo baten genomarik zaharrena erauztea lortu dute, neandertalen hortzen lertzotik. Methanobrevibacter oralis arkea da, eta kalkulatu dute, eboluzioan, neandertalen anduia eta gure espeziearena duela 112.000-143.000 urte bereizi zirela. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri.

Juanma Gallegok aste honetan beste artikulu interesgarri bat ekarri digu. Nazioarteko zientzialari talde batek orain arte topatutako fosilik “zaharrenetakoak” aurkitu ditu. Aurkikuntza Nuvvuagituq Gerrikoa izeneko aztarnategian egin dute, Quebecen. Eremua ezaguna da bertan aurki daitezkeelako munduko arrokarik zaharrenak (duela 3.770-4.290 milioi urte artekoak, egin diren datazioen arabera). Datazioen arabera, “gutxienez” duela 3.770 milioi urteko aztarnak dira horiek. Honek esan nahi du orain arte fosil zaharrentzat jotzen zirenekin alderatuz, milioika urte zaharragoak direla arrasto horiek.

Genetika

Adi! Legamien Genoma Sintetikoa proiektu internazionalak emaitza berriak eman ditu: dagoeneko bost kromosoma artifizial gehiago sortu dituzte laborategian. Legamia artifizialak sortzetik gertu jarri ditu ikertzaileok: bizirik iraun dute legamiok. Gainera, dagoeneko amaitu dute lehenengo genoma eukarioto sintetiko hipotetiko horren diseinua; sintetizatzea falta zaie bakarrik. Diseinua BioStudio kode irekiko softwarearen bidez egin dute.

Arkeologia

Euskal Herriko Unibertsitateko Francesca Grass ikertzaileak, Burgosko eta Arabako 15 aztarnategietako VI. mendetik X.era arteko zeramika ekoizpenen azterketa morfologikoa egiten ari da, orduko gizarteen konplexutasun sozial eta politikoa ikertzeko. Goi Erdi Aroko herrixka haiek nolako bizimodua zeramaten jakitea eta lurraldeko ekonomiaren eta alderdi sozial eta politikoen historia berregitea du xede. Horretarako, 15 aztarnategi aukeratu dituzte, denak Goi Erdi Aroko nekazarien herrixken erakusgarriak. “Aztarnategi batzuetan, adibidez, zeramika inportatuaren edo beste eremu batzuetan ekoitzitakoaren arrastoak topatzen dira, eta beste aztarnategi batzuetan ez. Hori oso datu garrantzitsua da berez, desberdintasun soziala adieraziko duelako”, dio.

Kimika

Josu Lopez-Gazpiok osagai usaintsuei heldu die. Zehazki, musketaz mintzo da artikulu interesgarri honetan. Nondik dator? Oreinaren jariakinean %0,5-2 arteko proportzioan dagoen konposatu kimiko batek sortzen du musketa usaina. Baina orein musketaduna desagertzeko zorian dago eta kimikak sintesi bidez eskaintzen dituen aukerak erabiltzen dira lurringintzan. Aukera horietako bat musketa poliziklikoak (PCM) dira. PCMak bi edo hiru zikloz osatuta daude eta usain bereziki erakargarria dute. Horretaz gainera, gai dira perfumeen konposizioan dauden beste osagaien usainak finkatzeko. Azken urteotan ikusi da PCMak toxikoak izan daitezkeela. Ikerketa honek helburu modura hartu du HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak (garrantzitsuenak) kuantifikatzeko metodo analitikoa garatzea.

Matematika

Markov Kateak zer diren azaldu dizkigute honetan. Markov Kateak gertakizun estatistikoak aztertzeko erabiltzen dira, hainbat arlotan: adimen artifizialeko sistemetan, supermerkatuko ilaretan, ospitaletako larrialdietako zerbitzuetan. Estatistikan badaude gertakizun batzuk elkarrekin independenteak direnak. Txanpon bat airera botatzen dugunean, esaterako independentzia hori gertatzen da. Alegia, aurpegia ateratzeko probabilitatea 1/2 da, hots, aurreko jaurtiketen emaitzekiko independentea da. Baina badira elkarrekin independenteak ez direnak. Adibidez, gaur dudan lan atzeratuaren tamaina atzo egindako lanaren araberakoa da. Halere, Markoven garaian estatistikan aztertzen ziren gertakizun guztiak independenteak zirela uste zuten. Uste hori okerrekoa zela frogatzeko, Andrei Markov matematikariak Alexander S. Pushkin idazlearen Eugene Onegin olerki-liburua erabili zuen; 200 zati aukeratu zituen eta zati bakoitzak 100 letra zituen. Lehenik, bokal eta kontsonante kopurua zenbatu zuen eta, horrela, 7.788 bokal eta 12.212 kontsonante zeudela ikusi zuen. Froga honen inguruan gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.