Asteon zientzia begi-bistan #97

Uxue Razkin

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.
Garai-Ander Salazar

Argazkia: Ander Salazar

Biologia

Murdoch Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute izurde emeak elkartzen direla haien kumeak babesteko eta taldetxoak osatzen dituztela erditze garaian. Kumeak animalia harrapakariengandik babesteko eta izurde arren jazarpena oztopatzeko egiten dute. Amaia Portugalek azaltzen digu Bunbury hiriaren parean aritu direla lanean. 120 kilometro karratuko itsas azaleran bizi diren izurdeak behatu dituzte. Ikerketa lan honetan, izurdeon joera sozialen, banaketaren eta erditzeen azterketak konbinatu dituzte, portaera eta ekologia eredu garrantzitsuak identifikatzeko. Gauzak horrela, ikusi dute emeon presentzia, dentsitatea eta multzokatzea nabarmena dela barnealdeko uretan, abendua eta martxoa bitartean. Itsasoa epelagoa da garai horretan, eta animalion erditze gehienak hilabete horietan izaten dira.

Zoologia

Kaskabeltz japoniarraren kantua aztertu dute eta ikusi dute txorien komunikazioa ikertzaileek pentsatzen zutena baino konplexuagoa dela. Hainbat nota ezberdinez osatutako egitura konplexuko kantuak egiten dituzte. Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek azaltzen digu ikerketa egin ahal izateko txorrotxioak grabatu eta noten hainbat konbinazio entzunarazi zizkietela kaskabeltzei, haien erreakzioak behatu ahal izateko. Adibidez, txoriek ABC motako deia egiten dutenean, predatzaileen arriskuaz ohartarazten dituzte kideak, eta D motakoa bikoteari gerturatzeko egiten dion deia da. Baina bi horien arteko konbinazioak beste esanahi desberdin bat duela konturatu dira ikertzaileak. Irakur ezazue zer mezu dagoen konbinazio horren atzean!

Kimika

Maite Olaetxea kimikariari egin dio elkarrizketa Iker Tubiak Berrian. Bertan, humusak landareen hazkuntzan duen garrantziaz mintzatu dira, hori baita bere tesian argi eta garbi azaldu duena. Landareen elikaduran laguntzen du humusak Olaetxearen esanetan: “Gehiago handitzen da landarea. Indartsuago eta handiago egoten dira. Ikerketa honen bitartez ikusi dugu zer gertatzen den landare horren barruan: bere elikagaiak eta ura eraginkorrago erabiltzen ditu”. Humusak beste ongarriekiko aurkezten dituen abantailei buruz mintzatu da eta horri lur bakoitzak bere ezaugarriak dituela erantzun dio. Adibide bat jartzen du ulertzeko: “Lur batek magnesio gutxi badauka, hori da eman behar zaiona. Beraz, lurraren ezaugarriak kontuan hartuta, ikusi behar da ea ongarri organikoa edo minerala behar duen”

Astrofisika

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle talde bat izpi kosmikoak atzemateko gai izango den esperimentu bat garatzen ari da, ESA Europako Espazio Agentziaren laguntzarekin. Ikerketa taldeak EHUSpace du izena. Proiektua globo estratosferiko bat zeharkatzen duten izpi kosmikoak analizatzean datza, izpi horien kopurua eta mota zehaztuz. Izpi horiek ikerketa garrantzitsua dela dio esperimentua gidatzen duen Javier Larreak: “Lurrean egonda, atmosferak izpi horietatik babesten gaitu. Horregatik, horietako izpi gutxi heltzen zaizkigu, eta normalean eraginik ez dute, ez gugan ezta egunero erabiltzen dugun elektronikan ere. Baina espazioan, satelite artifizialetan edota Rosetta edo New Horizonsontzietan, eragin horren aurkako babes berezia beharrezkoa da”.

Biokimika

César Tomé Lópezek aste honetan metabolismoaren gaia hurbildu digu beste behin ere. Zehazki XIX.mendean gorputzean sartzen diren elikagaiak eta ateratzen diren deskonposizioaren produktuak konektatzen dituzten tarteko erreakzio kimikoak definitzeko ahaleginei buruzko azalpenak ditugu irakurgai. Horien artean, 1904an Franz Knooperen usteak gerturatu dizkigu. Honek gantz-azidoak β oxidazioen segida baten ondorioz deskonposatzen zirela, eta oxidazio horietako bakoitzak katea bi atomotan mozten zuela adierazi zuen. XX.mendean forma zuzenagoak deskubritu zituzten aldaketa kimiko horiek ikertzeko eta “tarteko metabolismo” azpi-espezialitate bat hasi zen sortzen. Federico Batelli eta Lina Stern-ek Genevan (Suitza), eta Torsten Thornberg-ek Lund-en (Suedia), bakoitzak bere aldetik, metodo manometrikoak garatu zituzten eta horiei esker, hainbat substantzia identifikatzea lortu zen: azido pirubikoa, azido azetikoa eta metabolismoan esku hartu behar zuten zenbait azido dikarboxiliko. Ez ezazue galdu historian zehar kontzeptu honek izan duen garapena!

Matematika

Aurreko astean eman genuen Maria Jesus Estebani buruz egindako artikuluaren berri. Aste honetan, Berriak egin dio elkarrizketa berriki izendatu duten EHUko Honoris causa doktoreari. Bertan, arlo guztietan emakumeen lana goraipatu du eta esan du garrantzitsua dela emakumeok halako aitortzak jasotzea. Horretaz gain, Estebanek bere ibilbideari buruz mintzatu da; institutu eta unibertsitate garaiak aipatu ditu, eta tartean tesia Parisen egin zuela azaldu du. Etapa guztiak gogoratu ditu honetan. Halaber, euskarari eta matematika arloari ere tartea utzi dizkio, honen garrantzia azalduz: “Matematikei esker produktu eta zerbitzu hobeak eskain daitezke. Ospitale bat hobeto antolatzea, metroan zerbitzu hobea eskaintzea…”. Elkarrizketa osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Teknologia

Tim Peake astronauta 2015eko abenduaren 15ean aireratu zen Nazioarteko Espazio Estaziorantz. Bere misioaren funtsa berarekin eraman zituen moldatutako bi Raspberry Pi ordenagailu horiekin esperimentuak egitea da, ikasleek sortutako kodearekin. Ekimen honen helburua da Astro Pi izenaz ezagutzen diren ordenagailu horiekin programazioaren kultura hedatzea. Erresuma Batuko ikasleentzako erronka bikaina da gero!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>