Asteon zientzia begi-bistan #113

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

asteon zientzia begi-bistan 113

Antropologia

Antzinako zortzi himalaiarren genomak sekuentziatu ditu AEBtako eta Suediako ikerketa talde batek. Duela 3.150 urtetik duela 1.250 urte arte, eta hiru garai desberdinetan, bizi izan ziren zortzi lagunen arrastoak dira (Annapurna mendiaren bueltan dagoen natura erreserban aurkitutakoak). Hain zuzen ere, Asia ekialdeko antzinako giza genoma berreskuratu duen lehen ikerketa da. Ondorioei dagokionez, himalaiarren genetika egonkorra da. Amaia Portugalek azaltzen digunez, beste herri batzuk igaro ziren bertatik, eta utzi zuten arrastorik kultura eta ohiturei dagokienez, baina ez ziren bizitzen geratu. Hortaz, gaur han bizi direnak garai batean bizi zirenen ondorengo zuzenak dira. Gainera, antzinako DNA sekuentzia horiek gaur egungo populazioarenarekin ere alderatu dituzte; sherpa etniako lau lagunekin eta Nepalgo bi tibetarrekin, esaterako. Emaitzek aditzera eman dute antzinako zortzi himalaiar horiek guztiek lotura genetiko estua dutela Asia ekialdeko lurralde garaietan bizi den gaur egungo populazioarekin.

Ingurumena eta ekologia

Antartikaren gaineko ozono-geruzaren zuloa osatzen hasi dela baieztatu dute zientzialari batzuek. Emaitzek aditzera eman dute azken 16 urtetan, 4 milioi km2 txikitu dela. Ana Galarragak azaltzen digu 2000. urtean iritsi zela zuloa inoiz baino handiagoa izatera. Geroztik txikitzen joan da baina ez modu jarraituan. Ozono-geruza babesteko neurriek eragina izan dutela berretsi dute ikertzaileek.

Adimen artifiziala

Makinek ez dute moralik: gizakiek irakatsi beharko diete istripuek sortutako egoeretan zer egin. Azken urteotan, probatzen ari diren ibilgailu autonomoek logika erabiltzen dute istripuek sortutako egoerei aurre egiteko, baina programatzaileek zehaztutako arauen arabera erabakitzen dute. 1.928 pertsonari egindako inkesta batean oinarritu dira, gidari gabeko autoek istripuetan erabili beharreko irizpideei buruzko jarrerak ikertzeko. Ibilgailu autonomoek gizartean erabateko iraultza ekarriko dute. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Automatika eta Konputazioko katedradun Humberto Bustincek dio: “Istripu kopurua asko jaitsiko da, familia bakoitzean auto gutxiago beharko dira, eta hirietan aparkalekua bilatzeko sistema ere guztiz aldatuko da”.

Osasuna

Burulogy izeneko aplikazioaren berri izan dugu elkarrizketa honen bitartez. Aitor Oteizak eta Irune Martinezek aplikazio bat garatu zuten 2014an 50 urtetik gorako pertsonen narriadura kognitiboa oztopatzeko. Dagoeneko, lehen bezeroak dituzte. Ekintzaileek azaltzen dutenez, aplikazioa tabletentzako egokituta dago. Sinplea da, gaur egun psikologoak eta terapeutak erabiltzen dituzten ariketetan oinarrituta dago. Erabat intuitiboa da. Ezaugarririk garrantzitsuena pertsona bakoitzarentzako egokituta dagoela da. Jada merkatuan dagoen aplikazio honen erabiltzaileak 50 urtetik gorako pertsonak dira. Ekintzaileek aipatzen dute bezeroen profila zehaztuta dagoela: oraindik narriadura kognitiboa ez dutenek edo oso garatua ez dutenek erabiliko dute.

Astronomia

Eguzki-erlojuak izan ditu mintzagai Esteban Esteban astronomoak. Horien garapenarekin hasi du azalpena. Lehen, itzalen luzerak eta norabideak adierazten zuten egunaren unea. Jakina denez, Egiptoko obeliskoen itzalak ordua jakiteko erabiltzen ziren. Geroago Antzineko Egipton ere, T letra itxurako erloju eramangarriak agertu ziren. Erromatarrek, berariaz egindako esfera zati bateko tresnak erabiltzen zituzten erloju moduan, zenbakiak eta lerroak marratuta. Gnomon izeneko hagatxo bat jartzen zuten bertan itzala sortzeko. Egun guztiak 12 orduz osatzen ziren, bai neguan, bai udan. Arabiarrek aurkitu zuten gakoa eguzki-erlojuen funtzionamendua egokia izateko eta ordu berdinak adierazteko: gnomona Lurraren ardatzarekin paraleloa egon behar da. XVIII. mendera arte, garapen handia gertatu zen; mota ezberdinekoak sortu ziren eta erloju mekanikoak ere agertu ziren.

Medikuntza

Giza papilomabirusari buruzko artikulua dugu hauxe. Zehazki, ikerketa bat garatzen ari dira eta horien helburu nagusia da Bilboko Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen eremuko emakume populazio batengan giza papilomabirusaren presentziaren populazio-behatzea burutzea da. 912 emakumeen laginak aztertu dira. Emaitzek erakutsi dute emakumeen %10,63 positiboak izan dira arrisku altuko HPV genotipoentzako eta hauen batez besteko adina 34,12 urtetakoa izan da. Birusaren onkogeniari dagokionez, HPV-16 duten emakumeen % 56,25ak lesioren bat garatu dute (gradu altukoa zein baxukoa) eta HPV-18 infekzioa duten emakumeen % 60ak gradu baxuko lesioak garatu dituzte. Ondorioei dagokienez, gure inguruan 10 emakumetatik batek giza papilomabirusaren arrisku altuko genotiporen bat izango du. Hau da, umetoki lepoko minbizia garatzeko probabilitate altua izango du.

Kimika

Abenduan jakin genuenez, taula periodikoa osatzen duten azken elementuak onartu zituzten: 113, 115, 117 eta 118. Oraingoan, elementu horien izenak aurkeztu dituzte. Proposamena dira oraindik baina onartuz gero, hauek izango dira taula periodikoko azken lau elementuak: Nihonioa, moskovioa, tenesinoa eta oganesona.

Historia

Euskadiko Kartografia Historikoaren Inbentario Digitala’ lana argitaratu berri du Maria Luisa Palaques, Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako irakasleak. Bertan, 1900. urtean baino arinago egindako mapa orokorrak, mapa nautikoak eta kartografia militarra jaso dira. Guztira, 3.391 mapa eta plano izan dira. Lehen urratsean, 2014an, Arabako kartografia historikoaren inbentario digitala osatu zuen; 1605. eta 1900. urteen arteko 413 mapa eta planoei buruzko informazioa bildu, digitalizatu eta ezagutzera eman zuten. Bi urte beranduago, 1900. urtea baino lehenagoko 3.391 mapa eta plano bildu dituzte, nazioko eta nazioarteko artxibo eta biblioteketan aurkitutakoak. Askotariko helburuak betetzen dituzte dokumentu hauek: notario protokoloak, ingeniaritza zibilak, hiri plangintzak, ibilbideak, eskora egiturak, etab.

Emakumeak zientzian

Itxasne Azpitarte Iraculis izan dugu protagonista aste honetan. Ikertzaile izan nahi zuen txikikitatik. Orain nanoGunen dago, Nanomaterialen ikerketa-taldean, tesia egiten. Kimika ikasten hasi zen. Bosgarren mailan zegoela Materialen Zientzia izeneko ikasgaia harrigarria iruditu zitzaion. Hala, Kantabriako Unibertsitatearekin batera EHUk eskaintzen duen Material Berrien masterra egitea erabaki zuen. 2014/2015 ikasturteko ikasle onena izendatu zuten. Masterraren amaierako lana nanoGunen egin zuen, eta tesia horren jarraipena da. Tesian egiten ari den lana polimeroen ezaugarriak aldatzean datza, oxido metalikoak txertatuz. Azpitartek azaltzen du: “Lehendik ere erabiltzen dira oxido metalikoak polimeroen ezaugarriak hobetzeko; baina aldaketa fisikoa izaten da; hau da, geruza bat jartzen zaio gainetik, eta kito. Nire lana, ordea, sakonekoa da, oxidoak txertatzean elkarrekintza kimikoak sortzen baitira, eta horrek polimeroaren ezaugarriak sakonean aldatzea dakar”. Kevlar polimero ezagunarekin ari da lanean.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude