Giza papilomabirusaren aurkako borroka

Nerea Fontecha, Miren Basaras, Jose C. Quilez, Silvia Hernáez, Daniel Andía eta Ramon Cisterna

Giza papilomabirusaren (HPV-Human papillomavirus) transmisioa kutsatutako azalen arteko kontaktu zuzenaren ondorioz ematen da. Papilomabirusak eragindako infekzio genitala munduan sexu bidez transmitituriko infekzio (STI) ohikoena kontsideratzen da, zeina urtero 250.000 emakume baino gehiagoren heriotza sortzen duen [1], [2].
giza papilomabirusa

Irudia: Gure inguruan aztertutako 10 emakumeetatik bat minbizia sortzeko arrisku altua duten giza papilomabirusaren genotiporen batekin infektatua dago.

Giza papilomabirusa birus onkogenikoa da, beraz, giza zelulak infektatzen ditu eta hauek eraldatzen ditu tumore-zelulak bihurtu arte. Bere gaitasun onkogenikoa dela eta gorputzeko atal desberdinetan minbizia sortzeko ahalmena dute: umetoki lepoko, uzki-kanaleko, bulba, zakileko eta orofaringeko minbiziekin erlazionatu da [3].

Giza papilomabirusaren barnean 120 genotipo baino gehiago desberdintzen dira. HPV genotipoak beraien gaitasun onkogenikoaren arabera, arrisku altukoak (16, 18, 31, 33, 35, 39, 45, 51,52, 56, 58, 59) (HR-HPV), arrisku altu posiblekoak (26, 53, 66, 68, 73, 82, IS39) (pHR-HPV) edo umetoki lepoko minbizia sortzeko arrisku baxukoak (gainerako genotipoak) (LR-HPV) bezala sailkatu dira [4], [5].

Populazio-baheketa

Bahetzea Osasun Publikoko ekimena da eta sintomarik gabeko pertsonak gaixotasun bat izateko “aukerak dituena” edo “aukerarik gabea” bezala sailkatzeko aurrez balioztatutako test bat erabiltzean datza.

Estatu mailan, umetoki lepoko minbizien hamar kasuetatik zortzi, baheketa desegokia izandako emakumeengan agertzen dira. Gaur egun, Espainian 35 urte baino gehiagoko emakumeentzat bahetze estrategia berria proposatu da, zeinak HPVaren DNAren determinazioa barneratzen duen [6].

Helburuak eta metodologia

Gure ikerketa honen helburu nagusia Bilboko Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen eremuko emakume populazio batengan giza papilomabirusaren presentziaren populazio-bahetzea burutzea da. Horretarako 912 emakumeen laginak aztertu dira.

Emaitzak

Bilboko Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen eremuan emakumeen % 10,63a positiboak izan dira arrisku altuko HPV genotipoentzako eta hauen batez besteko adina 34,12 urtetakoa izan da. Genotipoen banaketa hurrengoa izan da: HPV-16 genotipoa % 22,86, HPV-18 genotipoa % 5,71 eta arrisku altuko beste 12 genotipoak % 71,43. HR-HPVen prebalentzia 30 urte baino gutxiagoko emakumeetan % 24,87koa izan da, 30 eta 50 urte arteko emakumeetan % 8,37koa eta 50 urte baino nagusiagoak diren emakumeetan % 3,36koa.

Birusaren onkogeniari dagokionez, HPV-16 duten emakumeen % 56,25ak lesioren bat garatu dute (gradu altukoa zein baxukoa) eta HPV-18 infekzioa duten emakumeen % 60ak gradu baxuko lesioak garatu dituzte.

Eztabaida

Gure inguruan aztertutako 10 emakumeetatik bat minbizia sortzeko arrisku altua duten giza papilomabirusaren genotiporen batekin infektatua dago. Gainera batez ere emakume gazteei eragiten dien birusa dela behatu ahal izan dugu. Hala ere, aipatu beharra dago emakume gazteetan HPV infekzio gehienak sendakorrak direla.

Bestalde HPV genotipo guztien artean 16 genotipoa izan da prebalenteena eta gainera, HPV-16ak, HPV-18arekin batera, sortutako infekzioak umetoki lepoko epitelioan gradu altuko edo gradu baxuko lesioak sortzeko gaitasun altuagoa dutela behatu dugu.

Ondorioak

Gure inguruan 10 emakumetatik batek giza papilomabirusaren arrisku altuko genotiporen bat izango du, hau da, umetoki lepoko minbizia garatzeko probabilitate altua izango du, eta gainera, bereziki, emakume gazteei eragiten dien birusa da. Hau dela eta, ezinbestekoa da arrisku altuko genotipoak detektatzen duen froga erabiltzea eta kutsatutako paziente horien segimendua egitea.

Etorkizuneko erronkak

Giza papilomabirusaren inguruan etorkizunerako hainbat erronka gelditzen dira:

  1. ) Birusaren infekzioari buruz eta sortutako erantzun immuneari buruz gehiago jakitea [7]; zergatik HPV positiboak diren emakume batzuek minbizia garatzen dute eta beste batzuek ez?
  2. ) Txertoa jaso behar duen populazioa zehaztea eta txerto berri eta merkeagoak sortzea.
  3. ) Eta, kutsaturiko emakumeetan minbizia garatzeko biomarkatzaile pronostikoak aurkitzea.

Oharrak:

[1]MUÑOZ N., BOSCH F.X., DE SANJOSÉ S., HERRERO R., CASTELLSAGUÉ X., SHAH K.V., SNIJDERS P.J. eta MEIJER C.J. 2003. «Epidemiologic classification of human papillomavirus types associated with cervical cancer». The New England Journal of Medicine, 348, 518-527.

[2] WHO – Cancer. www.who.int/reproductivehealth/topics/cancers (2014ko Urriaren 24a).

[3] ZUR HAUSEN H. 2000. «Papillomaviruses causing cancer: Evasion from host-cell control in early events in carcinogenesis». Journal of the National Cancer Institute, 92, 690–698.

[4] MUÑOZ N., CASTELLSAGUE X., BERRINGTON DE GONZÁLEZ A. eta GISSMAN L. 2006. «HPV in the etiology of human cancer». Vaccine, 24 (Suppl 3:S3), 1-10.

[5]SJOEBORG K.D., TROPÉ A., LIE A.K., JONASSEN C.M., STEINBAKK M., HANSEN M., JACOBSEN M.B., CUSCHIERI K. eta ESKILD A. 2010. «HPV genotype distribution according to severity of cervical neoplasia». Gynecologic Oncology, 118(1), 29-34.

[6] «Vacunas Profilácticas frente al Virus del Papiloma Humano». Documento de Consenso de las Sociedades Científicas Españolas 2008.

[7] VARGAS-PARADA L. 2012. «Pathology: Three questions». Nature, 488(7413), S14-5.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 28
  • Artikuluaren izena: Populazio baheketaren garrantzia: giza papilomabirusaren aurkako borroka.
  • Laburpena: Giza papilomabirusa (HPV) 120 genotipo baino gehiagoz osaturiko birus taldea da. Genotipo horien guztien artean 40 bat inguruk gaitasun onkogenikoa dute eta minbizia sor dezakete gorputzeko hainbat ataletan: orofaringea, bulba, zakila edo umetoki-lepoa. Azken minbizi mota honek urtero 250.000 emakumeren heriotza eragiten du. Halaber, kontuan izan behar da HPV genotipo guztiek ez dutela onkogenikotasun maila bera aurkezten. 16 eta 18 genotipoak, adibidez, umetoki lepoko minbizi kasuen % 75etan aurkitu dira. Ikerketa lan honetan minbizia garatzeko arrisku altua duten giza papilomabirus (HPV) genotipoen populazio-baheketa egin dugu gure inguruko emakume talde batean (Bilbo, Euskal Herria), birus honen nagusitasuna eta genotipo desberdinen arteko banaketa ezagutzeko. Gure ikerketa honetan, ikusi da birus honen arrisku altuko genotipoen intzidentzia gure inguruan % 10,63 dela eta HPV 16 eta 18ak sortutako infekzioak umetoki-lepoko epitelioan lesioak sortzeko gaitasun altuagoa dutela; hain zuzen, HPV 16 duten emakumeen % 56,25ak lesioren bat garatu dute. Gainera, egiaztatu ahal izan da emakume gazteei nagusiki eragiten dien birusa dela; 30 urtetik beherako emakumeetan birusaren nagusitasuna % 24,87koa izan da, 30 eta 50 urte arteko emakumeetan % 8,37koa eta 50 urte baino nagusiagoak diren emakumeetan % 3,36koa. Azkenik, behatu izan da infekzio anitzek gaitasun handia dutela umetoki lepoko epitelioan lesioak sortzeko, batez ere 16 genotipoa arrisku altuko beste genotipo batzuekin batera daudenean. Gainera, infekzio anitzak emakume gazteetan baizik ez dira agertzen (batez besteko adina 28,89 urte).
  • Egileak: Nerea Fontecha, Miren Basaras, Jose C. Quilez, Silvia Hernáez, Daniel Andía eta Ramon Cisterna
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 139-149
  • DOI: 10.1387/ekaia.13965

—————————————————–
Egileez: Nerea Fontecha, Miren Basaras, eta Ramon Cisterna UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzaileak dira; Jose C. Quilez eta Daniel Andía Basurtuko Unibertsitate Eskolako Ginekologia Zerbitzuko ikertzaileak; Silvia Hernáez, Basurtuko Unibertsitate Eskolako Mikrobiologia Kliniko eta Infekzioaren Kontrolaren Zerbitzuko ikertzailea.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia 28

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>