Emily Dickinson (1830-1886): Etxeko lorategia, imajinazioaren gordeleku

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Eleen artean, arnas hotsak oihartzun handia sortzen du; herioa da. Sufrimendua darie letrei, isil mandatuak nagusi direnetan. Baina heriotza ez dago bakarrik, natura ere irudikatuta dago paperean. Lanerako gordelekurik onena bere aitaren etxea da; bere logelan –idazmahaia eta ohe bat– dena da posible: leihotik ikusten duen lorategia du inspirazio-iturri eta horrela, bizia bera hitzartuta gelditzen da orri zurietan.

Emily Elizabeth Dickinsonek (1830-1886) mundu poetiko bat sortu zuen ia etxetik atera gabe. Heriotzari (eta bizitzari) buruz asko idatzi zuen –bizirik zegoela 7 poema argitaratu zituen bakarrik; hil ondoren, bere obra osoa publikatu zuten–, baina espazio horretan, natura nabarmena izan zen era berean: loreak eta animaliak izan ziren elementu errepikariak haren poetikan.

Irudia: Emily Dichinson 1847-1848 urtean gutxi gorabehera, 16 urtetik aurrera poetaren argazki bakarrenetakoa. (Argazkia: Wikipedia/Yale University Manuscripts & Archives Digital Images Database)

Astronomiaz, biologiaz eta botanikaz bazekien poeta estatubatuarrak eta ezagutza hori guztia poemetan islatu zuen. Amhersteko eskolak eta akademiak bazeukaten irakasle klaustro bat zientzialari ezagunek osatzen zutena, hala nola Edward Hitckcock eta Charles Baker Adams biologoak eta Charles Upham Shepard geologoa. 1848an, Dickinsonek 18 urte zituenean, aipaturiko instituzio biek zientzialarien bildumak gorde zituzten. Horretaz gain, behatoki astronomiko bat eraiki zuten. Horrekin guztiarekin poeta ezin liluratuago zegoen. Konstelazio eta izar guztiak ezagutzera heldu zen. Modu berean, botanika asko interesatu zitzaion; hasieratik bazekien non aurkitzen ahal zituen bere herrialdean hazten ziren basoko loreak eta horiek klasifikatzeko gai ere bazen, biologia-espezieak izendatzeko nomenklatura binominala erabiliz.

Ezagutza hori trama naturista elikatzeko erabili zuen Dickinsonek. Agerikoa da naturaren pisua idatzitako poemetan zein gutunetan: izaki bizidunak (58), urtaroen edo hilabeteen aldaketak (33), zerua, izarrak eta fenomeno meteorologikoak (29), eguna eta gaua (25), paisaia (17) eta natura orokorrean (15). Animaliak, hegaztiak, narrastiak, intsektuak, zuhaitzak, landareak eta loreez betetzen zituen orri zuriak. Batik bat, arreta ematen zuten elementuen artean, hegaztiak, saguzarrak eta intsektuak ziren ugarienak.

“Natura da” ikusten duguna–

Mendixka – Goiza –

Katagorria – Eklipsea – Erleen burrunba –

Are gehiago – Natura Zerua da –

Natura entzuten duguna da –

Arroz-txoria – Itsasoa –

Trumoia – Kilkerra –

Areago – Natura Harmonia da –

Natura ezagutzen duguna da –

Oraindik ez dugu esateko (deskribatzeko) arte hori

Indargabekoa da gure jakinduria

Bere sinpletasunaren aurrean

Dena dela, bere logelako leihotik ikusten zuen erreinua ez zuen soilik erabili hitzak eraikitzeko. 14 urte zituenen, 424 landare prentsatu eta lehortu zituen, ondoren koaderno batean ipintzeko. Herbario hori Harvardeko Unibertsitatean (AEB) dago ikusgai eta egun, Unibertsitateak ematen du aukera poetaren lana ikusteko.

Amhersteko (Massachusetts) kale nagusian dagoen adreiluzko etxean jaio zen Dickinson 1830ean, gaur gaurkoz poetaren museoa dena. Zenbait urtez tiraderan gordeta egon ziren hitzak ez dira usteldu, aske izateko sortu zituelako; bere idazketa bezain librea, etengabea, beharrezkoa. Bere oihartzuna oraindik dirau: “Natura etxe sorgindu bat da –Artea–, xarmaz betetzeko prest dagoen etxe bat”.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.