Asteon zientzia begi-bistan #151

Uxue Razkin

Emakumeak zientzian

Emily Elizabeth Dickinson (1830-1886) poeta estatubatuarrak mundu poetiko bat sortu zuen ia etxetik atera gabe. Heriotzari (eta bizitzari) buruz asko idatzi zuen baina natura ere kontuan hartu zuen bere poetika garatzeko. Konstelazio eta izar guztiak ezagutzera heldu zen. Modu berean, botanika asko interesatu zitzaion; hasieratik bazekien non aurkitzen ahal zituen bere herrialdean hazten ziren basoko loreak, eta horiek klasifikatzeko gai ere bazen: biologia-espezieak izendatzeko nomenklatura binominala ezagutzen zuen. 14 urte zituenean, herbario bat osatu zuen eta hori Harvardeko Unibertsitatean (AEB) dago ikusgai.

Biologia

Belakiak, bibalbioak, krustazeoak eta beste talde batzuetako espezie asko ura iragaziz elikatzen dira, talde bakoitzak bere metodoa izanik. Janariaren ezaugarriei dagokienez, mota askotakoak dira jaten dituzten partikula mikroskopikoak. Alga mikroskopikoak dira garrantzizkoenak, baina horietaz gain, badira partikula detritikoak ere. Animalia iragazleak planktonikoak edo bentonikoak izan daitezke. Kopepodo planktonikoak, adibidez, oso ugariak. Kopepodoak eta haiek bezalako beste artropodo planktoniko txikiak arrain askoren eta zenbait harrapariren janari dira. Hortaz, lehen mailako zenbait ekoizleren (mikroalgak) eta bigarren mailako beste zenbait ekoizleren (zenbait arrain) arteko lotura egiten dute. Bibalbioak bigarren taldean sartuko lirateke, iragazle bentoniko ugarienak dira, eta ura ponpatzeko ahalmen ikaragarria dute. Eragin handia dute itsasadar, badia eta antzeko ekosistemetan.

Ekaitz Agirregoitia Marcos biologian doktorea elkarrizketatu dute Berrian. Ikertzaile honek osasun biologia ikasi zuen, eta kalamuari buruzko ikerketak egin ditu. Duela hamalau urte diagnostikatu zioten kolitis ultzeraduna, eta duela lau ospitaleratu egin zuten. “Gaixotasunari aurre egiteko aukera bakarra zen immunodepresiboak hartzea. Baina botika gogorrak dira. Kalamuarekin ikertzen dut, eta oso ona omen da antiinflamatorio gisa, mina kentzeko eta hesteen mugimendua gelditzeko: nire sintomak”. Kalamua sintomak moteltzen ditu, Agirregoitiaren esanetan, “eta horrek laguntzen du gerora, adibidez, hestea bere onera ekartzeko. Bizi kalitatea eman dit; hori da eri batek lortu nahi duena”.

Ekologia

Europako eta Estatu Batuetako Atlantikoko kostetan itsasora botatzen diren plastikoek Artikoan amaitzen dutela erakutsi du ikerketa batek; bereziki, Barents eta Groenlandiako itsasoetan. Cadizeko Unibertsitateko ikertzaileek zuzendu dute eta tartean AZTIkoak ere aritu dira. Ikerketan frogatu dute, Ozeano Artikoaren azalaren %37 erabat garbi dagoen arren, badaudela poluitutako eremuak. Plastiko horren jatorria ere aztertu dute eta ikusi dute Ipar Atlantikoko kostatik iristen direla hara; hau da, Estatu Batuetako ekialdetik eta Europako Atlantikoko kostatik. Ikertzaileen ustez, Artikoko eremu horien hondoa plastikoen hobi bilakatzen ari da, eta horrek Artikoko ekosisteman izan ditzakeen ondorioen larritasunaz ohartarazi dute.

Geologia

Nikole Arrieta UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak beachrockak –jarduera metalurgikoko hondakin industrialak barruan gordetzen dituzten hondar zementatuak dira– aztertu ditu, garapen industrialaren inpaktuak kostaldean izan duen eragina ezagutzeko asmoz. Marearteko eremuetan sortzen diren harri-egiturak dira eta normalean, eremu tropikal eta subtropikaletan sortzen dira. Hala ere, Bizkaiko kostaldean ere badira halakoak. “Oso arraroa da gurea bezalako latitude epeletan aurkitzea; munduan 8-10 kasu daude” eta gehitzen du Arrietak: “Sedimentuen artean, zementua sortu da. Hala, hondarra ez dago solte, beste hondartzetan bezala, eta harri horiek sortzen ditu”. Argitaratutako lanean egindako ikerketaren ardatza zementu horien karakterizazioa da.

Astrofisika

Agustin Sanchez Lavegak jasoko du 2016ko Euskadi Ikerkuntza saria eta Berriak elkarrizketa egin dio. Astronomian emandako bere lehen pausoak azaldu ditu lehenik eta behin. Zale gisa hasi zen eta horrek eraman zuen astrofisikara: “Baina garai hartan Euskadin ez zegoen aukera askorik eta kanpora atera behar izan nuen. Calar Altoko behatokian (Almeria, Espainia) lan egiteko aukera izan nuen, behatokiko lana eta planeten atmosferari buruzko doktoretza tesia uztartuz. Zazpi urteren ondoren, Bilboko Ingeniaritza Eskolara etorri eta beste gai batzuetan ibili zen lanean. Bere tesia gauzatzeko, Saturnoko ekaitzen inguruko ikerketa abiatu zuen. Beste hainbat arloren inguruan hitz egin du astrofisikariak. Ez galdu!

Osasuna

Munduan 350 milioi pertsonari erasotzen die depresioak eta suizidio askoren arrazoia izaten da: 15-29 urteko gazteen artean bigarren heriotza motibo nagusia: urtean 800.000 pertsonak baino gehiagok bere buruaz beste egiten du. NBE Nazio Batuen Erakundeko osasun eskubideen gaineko kontalari Danius Purasek salatu du maiz jotzen dela botikak erabiltzera. “Joera hori nagusitu da; aldiz, ez da frogetan oinarritzen lehen erantzun gisara botika psikotropikoak erabiltzea, batez ere depresio kasu arinetan”. Martxoaren hasieran, psikiatriari buruzko kongresu bat egin zen Gasteizen —Psikiatria Gaietan Eguneratzeko Espainiako Ikastaroa—, eta han Bildu ziren adituek ere ohartarazi zuten depresioaren kontrako botikez egiten den erabileraz. Suizidioak eragozteko bideez mintzatu ziren ere. Philippe Courtet psikiatrak azaltzen du, besteak beste: “Depresioaren kontrako botikak erabiltze hutsarekin ez da aski gaixoak suizidiotik babesteko”.

Elikadura eta garunaren osasuna eskutik doazela berretsi du ikertzaile talde batek. Ikerketak sei urte baino gehiago iraun ditu eta “dieta mediterraneoarekiko gertuago egotearen eta garuneko atrofia gutxiago izatearen arteko erlazioa dagoela aurkitu dugu”, diote egileek. Zahartzen garen heinean, garuna uzkurtzen da eta ikertzaileek azaltzen duten bezala, dieta mediterraneoak garunaren osasunean “eragin positiboa” du. Hortaz, dieta eta garunaren osasunaren arteko korrelazioa badagoela dirudi baina atzean egon daitezkeen zio zehatzak ez dira ezagutzen.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>