Metalezko protesien ordezkoaren bila

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Irudia: UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikerketa batek hobetu egin ditu protesi degradagarrietako magnesio-aleazioak.

Aspalditik erabiltzen dira biometalak (altzairu herdoilgaitza eta titanio aleazioak) medikuntzan: protesietan, soldatzeko lotura elementuetan eta arazo kardiobaskularretan erabiltzen diren stentetan. Hainbat dira material hauek erabiltzearen arrazoiak, ingurune fisiologikoko korrosioarekiko erresistentzia, adibidez. Eragozpenak ere badituzte, hala ere. Protesiaren inguruan hezur-dentsitatea txikitzen da eta, ondorioz, hezurrek erresistentzia galtzen dute. Gainera, askotan, bigarren ebakuntza bat egin behar izaten da materiala kentzeko behin zeregin medikua beteta.

Biometal hauen ordez material degradagarria erabilita bigarren ebakuntza horiek saihestu daitezke. Hainbat ikerketa egiten ari dira beste material batzuekin, magnesioaren familiarekin eta haren aleazioekin, besteak beste. Ingurune fisiologikoan disolbatzeko duten gaitasuna da magnesio aleazioen ezaugarririk nabarmenena. Pixkanaka disolbatuko litzateke materiala eginbeharra bete ondoren, gorputzak modu naturalean egotzi arte. Horretaz gain, hezur dentsitatearen galera saihesten da eta kostua ere arrazoizkoa da, altzairu herdoilgaitzaren eta titanio aleazioen kostuen tartekoa.

Degradagarria izatea da magnesio aleazioek duten abantaila nagusia. Orain arte, baina, ezin izan da materialaren degradazio abiadura erregulatu eta, beraz, aplikazio praktikoa mugatua zegoen.

Degradazioa erregulatzen

Disoluzio abiadura behar baino azkarragoa da magnesio aleazioen kasuan, funtzioa bete aurretik disolbatzen da. Medikuntza aplikaziora doitutako bizitza bermatzea da ikertzaileen erronka. Lortzeko kaltzio fosfatoz estali dute materiala ikerketa honetan, helburu bikoitzarekin: materialaren bizitza luzatzea, batetik, eta integrazioa hobetzea (giza gorputzak hobeto onartzea eta inguruko ehunak sortzeko abiadura handitzea; izan ere, kaltzio fosfatoa hezurren osagai nagusia da), bestetik.

Estalketa elektrolitikoa erabili da kaltzio fosfato geruza magnesio aleazioaren gainazalean eransteko. Askatuko ez den estalketa uniforme bat egitea eta lodiera modu eraginkorrean aldatu ahal izatea dira metodo honek eskaintzen dituen aukerak. Erabilitako metodoa baliozkotzeaz gain, geruzaren kalitatea eta lodiera zehatz erregulatzea ere lortu dute.

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikerketak etorkizunerako erronkak ere baditu: inolako arriskurik eragiten ez duten magnesio aleazioak sortu, ikerketa honetan erabilitako magnesio-aleazioak aluminioa baitu eta metal hau kaltegarria da osasunerako.

Erreferentzia bibliografikoa:
N. Monasterio, J.L. Ledesma, I. Aranguiz, A.M. Garcia-Romero, E. Zuza.. Analysis of electrodeposition processes to obtain calcium phosphate layer on AZ31 alloy. Surf. Coat. Technol. 319 (2017) 12-22.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Degradazio-abiadura kontrolatua duten protesiak

1 iruzkina

  • […] Aspalditik erabiltzen dira biometalak (altzairu herdoilgaitza eta titanio aleazioak) medikuntzan: protesietan, soldatzeko lotura elementuetan eta arazo kardiobaskularretan erabiltzen diren stentetan. Eragozpenak badaude, baina. Adibidez, bigarren ebakuntza bat egin behar izaten da materiala kentzeko behin zeregin medikua beteta. Biometal hauen […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.