Seme-alaba bakarra izan ala ez, burmuineko zati batzuk handiagoak edo txikiagoak direla ikusi dute Txinan egindako ikerketa batean, eskanerren bitartez. Ikertzaileok diotenez, anai-arrebarik ez duten haurrek sormen handiagoa dute eta ez dira hain atseginak, eta horrekin lotura dute buruko anatomian antzeman dizkieten desberdintasunek.
Gizakiok askotan jotzen dugu estereotipoetara, erosoak baitira. Seme-alaba bakarrei buruz ari garenean, adibidez, hiruzpalau ideia datozkigu gogora: berekoiak direla, nahi dutena egiten dutela, saltsa guztien erdigunean egon nahi izaten dutela… Muturrera joaten gara. Baina egiari zor, ume bakarrak badira zertxobait desberdinak; fisiologikoki ere bai. Txinan egindako ikerketa batean egiaztatu dutenez, anai-arrebak izan edo ez, garuneko zati batzuetan bolumena aldatu egiten da. Hala azaldu dute, Brain Imaging and Behavior aldizkarian argitaratutako artikulu batean.
Txinako Chongqing hirian dagoen Hego-mendebaldeko Unibertsitatean (SWU) egin dute ikerketa. Bertako ikasle diren 303 lagun hartu dituzte lagintzat. Guztira 249k hartu dute parte ikerketan hasi eta buka, eta horien artean 95 dira seme-alaba bakarrak. Hain zuzen, Txinan haur bakarraren politika ezarri zen urteetan (1979-2015) jaiotakoak dira lagineko kideak; familia guztiek bete ez bazuten ere, estrategia honek nabarmen handitu zuen anai-arrebarik gabeko haurren proportzioa.
Adimena, sormena eta izaera neurtzeko test kognitiboak egin zitzaizkien ikasleei ikerketa honetan, bai eta haien garuna eskaneatu ere. Test horien arabera, adimenean ez dago alderik, baina seme-alaba bakarrek sormen handiagoa izan ohi dute (pentsaera malguagoa), eta ez dira anai-arrebak dituztenak bezain atseginak, betiere nortasun testen irizpideei jarraiki.
Hala ere, garuneko eskanerrek eman dituzte datu deigarrienak. Horien arabera, ikerketa honetako ume bakarrek bolumen handiagoa dute lobulu parietaleko atal batean: zirkunboluzio supramarginalean, hain zuzen. Lengoaiaren pertzepzioari eta prozesatzeari lotu ohi zaio burmuineko zati hau, eta horrenbestez, anai-arrebarik gabekoek erakutsitako pentsaera malguagoarekin harremana duela uste dute ikertzaileek. Lagineko seme-alaba bakarrek batez bestetik beherako bolumena dute, aldiz, kortex prefrontal medialean. Garuneko atal honek harremana du nortasunarekin eta gizarte harremanekin, eta hortaz, hain atsegina ez izatearekin korrelazioa dagoela uste dute ikertzaileok.
Artikuluan azaldu dutenez, ikerketa honetan aurrenekoz egiaztatu da garuneko egitura anatomikoan ikus daitezkeen desberdintasun zenbaitek lotura izan dezaketela jokabidearekin; kasu honetan, malgutasunaz eta atsegingarritasunaz ari garela. “Seme-alaba bakarrak direnek eta ez direnek desberdintasunak izan ditzakete funtzio kognitiboan eta nortasunean, eta desberdintasun horiek zer oinarri neuroanatomiko duten ulertze aldera, ekarpena egin dute gure emaitzek”, gaineratu dute.
Desberdintasun horien atzean zer dagoen, horri buruz ez dute ondorio zehatzik atera ikertzaileok, baina badituzte hipotesi batzuk. Esaterako, ume bakarrek sormen handiagoa badute, gurasoek haiekin denbora gehiago igaro dutelako izan daitekeela iritzi diote. Eta ez hain atseginak izateari dagokionez, txikitan jolas bakartiagoetan aritu eta senideek soka motzagoan lotu izanak zerikusia izan dezakeela uste dute.
Bestalde, kontuan izan behar da ikerketa honek badituela gabezia batzuk. Izan ere, lagina murritza da kopuruari zein gune geografikoari dagokionez, eta parte hartzaile guztiek goi mailako formakuntza dute, gainera. Alor honetan oraindik badago zer ikertu, beraz.
Erreferentzia bibliografikoa
Junyi Yang et al. Only-child and non-only-child exhibit differences in creativity and agreeableness: evidence from behavioral and anatomical structural studies. Brain Imaging and Behavior. April 2017, Volume 11, Issue 2, pp 493–502. DOI: 10.1007/s11682-016-9530-9
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.