FINGER, osasun-arreta hobetzeko eredu estatistikoa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Jon Orueta medikuak UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailean garatu duen ikerketari esker gaixo kronikoen arreta hobetu eta biztanleriaren osasun-beharrak aurreikusteko sistema bat garatu du. Geruzatze-sistema bat proposatu du ikertzaileak, hau da, populazioa antzeko beharrak dituzten pertsona-multzotan banatzea eta geruzetako bakoitzak hurrengo 12 hilabeteetan beharko duen osasun-arreta diseinatzea. Modu horretan, gaixo kronikoen zaintza aldez aurretik planifika daiteke, kontsulta edo ospitaleetara joateko zain egon beharrean. Funtsean, osasun-arretaren beharrak gertatu aurretik planifikatzeko baliabidea sortu du Jon Orueta medikuak. Honako baliabide batek zeregin garrantzitsua izan dezake, pertsona-multzo bakoitzak hurrengo 12 hilabeteetan beharko duen osasun-arreta diseinatzeko eta osasun-zerbitzuen funtzionamendua optimizatzeko unean.

“Uste zabaldua da osasun-sistemen antolakuntza zaharkituta gelditu dela, eta aldaketa sakonak egin behar direla. Gaur egungo populazio-piramidearen egitura ikusirik, uste dugu datozen urteetan populazio zahartua izango dugula. Beraz, zaintza sanitario konplexua eman beharko da, eta baliteke hori osasun-sistema kolapsatzera iristea. Edonola ere, gaur egungo sistemak ondo funtzionatzen du pazienteetako askorentzat. Horregatik, erabaki egin behar da zein paziente artatuko diren eredu tradizionalari jarraikiz, eta zeinentzat aurkitu behar ditugun osasun-arreta emateko modu berriak”, azaldu du Jon Oruetak.

Geruzatze-sistemarik ezagunenak Estatu Batuetan sortu ziren, eta haien osasun-sistemaren eta gure osasun-zerbitzuen arteko aldeak handiak izan arren, ikerketek baieztatu dute honako ere balio dutela sistema horiek. Gaur egun Oruetak Osakidetzako Uribeko ESIn (Erakunde Sanitario Integratua) egiten du lan, baina EAEko Populazioaren Geruzatze Programaren zuzendari izan zen lau urtez, eta ondo ezagutzen ditu halako sistemak erabiltzeko zailtasunak. “Mundu errealean aplikatzen saiatu garenean, ikusi dugu eredu estatistiko oso konplexuak direla, aldagai asko dituztela, eta, askotan, ulertzeko zailak direla medikuentzat edo kudeatzaileentzat. Gainera, programa informatikoak erabiltzeko, urteko erabilera-lizentzia erosi behar izaten da. Horregatik, ulertzeko errazagoa den tresna bat garatu dugu, intuitiboa, eta, sinplea izan arren, amerikar ereduekin alderatuta azalpen-gaitasun handirik galtzen ez duena. Gainera, hemen garatua denez, ez luke izango lizentzia-kosturik”.

FINGER, ‘made in Euskadi’

FINGER sistemak, arriskuen geruzapenerako talde berriak osatzeko eta identifikatzeko sistema, gaztelaniazko izendapenetik hartzen du izena: Formación e Identificación de Nuevos Grupos de Estratificación de Riesgo. Pazienteak osasun-zerbitzuetan jasotako osasun-arazo guztien diagnostikoetan oinarritzen da sistema. Argia eta erabilerraza da, baina “ondo identifikatzen du hurrengo urtebetean baliabide asko beharko dituzten pazienteen, programatu gabeko ospitaleratzeak beharko dituztenen edo heriotza-arrisku handiena izango dutenen ehuneko handi bat. Hala, paziente bakoitzari geruza bat esleitzen zaio, haren etorkizuneko egoerari ondoena egokitzen zaiona, eta arreta hobea jasotzen du“.

Iragarpen-ereduek ez dute “beren kabuz jendearen osasuna hobetzen, ez eta ospitaleratzeak saihesten edo kostuak txikitzen ere, haiekin batera ekintza-plan batzuk martxan jarri ezean”, adierazi du Oruetak. FINGER sistema eta hari lotutako ekintza-planak abian jarriz gero, “arreta hobea eman ahal izango litzateke, zaintza hobea, ospitaleratze gutxiago, eta desoreka gutxiago. Eta, logikoa denez, ospitaleak eta zaintza konplexuen unitateak gutxiago erabiltzen badira, kostuak ere gutxitu egingo dira”. Baina sistemaren helburua arreta hobea ematea da; “osasun-gastua murriztea neurri horiek aplikatzearen ondorioa da”, azpimarratu du Oruetak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Biztanleriaren osasun-beharrak aurreikusteko eredu estatistiko bat

1 iruzkina

  • […] medikuak UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailean garatu duen ikerketari esker gaixo kronikoen arreta hobetu eta biztanleriaren osasun-beharrak aurreikusteko sistema bat garatu du. Hark dio: “Ulertzeko errazagoa den tresna bat garatu dugu, intuitiboa, eta, […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.