Osasun publiko gutxiago, heriotza gehiago

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Langabezia, ospitaletan egindako gastu publikoa eta minbiziak eragindako heriotzak elkarlotu dituzte ikerketa batean. Hiruon artean kausa-ondorio zuzena ote dagoen ezin izan dute egiaztatu, baina lotura kronologikoa agerikoa da. Izan ere, enpleguan izandako gorabeherek bat egiten dute, denboran, minbiziagatiko hilkortasunean gertatutako aldaketekin. Zorionez, lotura hori eten egiten da, osasun zerbitzu publiko eta unibertsala dagoen herrialdeetan.

Bai, krisiak hil egiten du. Usteak ez dira hain ustelak batzuetan, eta askoren buruan zegoen susmo txarra zifratan jarri du ikerketa batek. Munduko 70 herrialde baino gehiagotan izan dituzten langabezia, osasun gastu publiko eta minbiziagatiko hilkortasun datuak elkarlotu eta bilakaera aztertu dute. Ondoren, datuok Europar Batasunera ekarrita, ondorioztatu dute minbiziak eragindako 169.000 heriotza gehigarri izan zirela guztira EBn, 2008tik 2010era; ekonomia krisiaren hasieran, alegia. Londresko Imperial College unibertsitatean gidatu dute ikerketa; Harvard, Oxford eta King’s Collegeko kideekin elkarlanean. The Lancet aldizkarian eman dute lanaren berri.

Ikerketa egiteko, Munduko Bankuak eta Munduko Osasun Erakundeak langabeziaz, osasun gastu publikoaz eta minbizi hilkortasunaz dauzkaten datuak hartu dituzte oinarri; 70 estaturi, eta 1990etik 2010era arteko bilakaerari erreparatuz. Gaitzari dagokionez, prostata (gizonak), bular (emakumeak), kolon (gizon zein emakumeak) eta biriketako (gizon zein emakumeak) minbiziak izan dituzte aztergai. Artikuluan bertan adierazi bezala, ikertzaileek ezin izan dute kausa-ondorio harreman zuzenik frogatu. Hala ere, agerian geratu da hilkortasunaren, langabeziaren eta gastu publikoaren arteko lotura egon, badagoela. Izan ere, esaterako, langabezian izandako gorabeherek bat egiten dute, denboran, minbiziagatiko hilkortasunean gertatutako aldaketekin.

1. irudia: Gurutzetako Ospitalea. Osasun zerbitzu publikoa da gakoa, krisiaren eta minbiziak eragindako heriotzen arteko lotura eteteko (Argazkia: Irekia / CC BY 2.0)
1. irudia: Gurutzetako Ospitalea. Osasun zerbitzu publikoa da gakoa, krisiaren eta minbiziak eragindako heriotzen arteko lotura eteteko (Argazkia: Irekia / CC BY 2.0)

Ikerketaren arabera, langabeziaren igoerak eta minbiziak eragindako heriotzen ugaritzea elkarri lotuta gertatzen dira, eta harreman hori are estuagoa da, sendatu daitezkeen minbiziei buruz ari garenean. Hala ere, badago salbuespen oso garrantzitsu bat: osasun zerbitzu publikoa eta orokortua bermatzen duten herrialdeetan ez da halakorik gertatzen. Gainera, ikertzaileek ikusi dutenez, osasun gastu publikoak behera egiten duen kasuetan, minbiziagatiko hilkortasunak gora egin ohi du, eta beraz, bi adierazleen arteko erlazioa iradokitzen du horrek.

Lotura horiei zifra zehatzak ere jarri dizkiete lan honetan. Hala, langabeziaren %1eko igoera elkarlotuta dago minbiziak eragindako 0,37 heriotza gehiagorekin, 100.000 laguneko ratioan identifikatutako minbizi kasu guztien artean. Barne Produktu Gordinaren proportzioan osasun gastu publikoa %1 txikitzen denean, berriz, ikusten da murrizketa horrek harremana duela 0,0053 heriotza gehiago izatearekin, kasu honetan ere 100.000 laguneko ratioan. Hori horrela, zifra horiek Europar Batasunera estrapolatuta, ondorioztatu dute ekonomia krisiak bat egiten duela denboran, EBn izandako 169.129 heriotza gehigarrirekin.

2. irudia: Gaixo guztiek zaintza ona jasotzen dutela bermatzeko eskatzen dute ikertzaileek. (Argazkia: Irekia / CC BY 2.0)
2. irudia: Gaixo guztiek zaintza ona jasotzen dutela bermatzeko eskatzen dute ikertzaileek. (Argazkia: Irekia / CC BY 2.0)

Aurreratu bezala, osasun sistema publikoa izateak eten egiten du joera ezkor hori, eta berme horixe defendatzen dute artikulu honen egileek. “Osasun zerbitzu unibertsalik ez duten herrialdeetan, laneko aseguruaren bitartez ordaintzen dira, maiz, sendagileak. Enplegurik gabe, ordea, litekeena da gaixoei diagnostikoa beranduegi egitea, eta tratamendua atzeratzea edo eskasa izatea”, azaldu du Rifat Atun artikuluaren egileetako batek.

Osasun gastu publikoa murrizteak heriotzak ekar ditzakeela iradokitzen du artikuluak. Horrenbestez, Mahiben Maruthappu ikertzaileak eta artikuluaren beste egileetako batek gaineratu bezala, “osasun sistema finantzatzeko arazoak izatekotan, eraginkortasuna hobetu behar da. Gaixoek zaintza bera jasotzen dutela bermatu behar da, haien ekonomia eta lan egoera edozein dela ere”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Mahiben Maruthappu et al. Economic downturns, universal health coverage, and cancer mortality in high-income and middle-income countries, 1990–2010: a longitudinal analysis. The Lancet. Published Online: 25 May 2016. doi: http://dx.doi.org/10.1016/S0140-6736(16)00577-8


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.