Emakumeak luzeago bizitzea, gaur goizeko kontua

Amaia Portugal

Oro har, heriotza-tasa ikaragarri murriztu zen XIX. mendearen bukaeran herrialde garatuenetan. Emakumeena gizonena baino %70 arinago txikitu zen, ordea. Tabakoa eta bihotzeko gaitzak daude alde handi horren atzean, Kaliforniako Unibertsitatean egindako ikerketa batean azaldu dutenez.

Europar Batasunean, gaur egun, gizonen bizi-itxaropena 77,8 urtekoa da, emakumeena 83,3 urtekoa den bitartean. Euskal Herrian, zifra batez besteko hori baino are handiagoa da gizon zein emakumeetan, baina gurean ere, amildegi nabarmena dago bi sexuen artean. Horren erakusle, emakume baino gizon gehiago jaiotzen da Euskal Herrian, baina 55-59 urteko adin tartera iristerako, bi sexuen arteko proportzioa parekatu egiten da. Handik aurrera, adinean gora egin ahala, emakumeak gero eta gehiago nagusitzen dira.

Datua ez da berria, baina ezta uste bezain zaharra ere. Izan ere, Kaliforniako Unibertsitatean (UCLA) egindako ikerketa batean argitu dutenez, XIX. mendearen bukaera aldean hasi ziren hainbeste desberdintzen gizon eta emakumeen heriotza tasak. Ikertzaileok ondorioztatu dutenez, tabakoa erretzeak eta bihotzeko gaixotasunek handitu dute, nagusiki, bi sexuen arteko bizi itxaropenaren amildegia. Hala azaldu dute PNAS aldizkarian plazaratutako artikulu batean.

1. irudia: Euskal Herriko adin-piramideak erakusten duen bezala, emakumeak nagusitu egiten dira 55 urtetatik aurrera, eta proiekzioek diote hala izaten jarraituko duela etorkizunean ere. (Argazkia eta iturria: Gaindegia)

1. irudia: Euskal Herriko adin-piramideak erakusten duen bezala, emakumeak nagusitu egiten dira 55 urtetatik aurrera, eta proiekzioek diote hala izaten jarraituko duela etorkizunean ere. (Grafikoa: Gaindegia)

Hiram Beltran-Sanchez UCLAko Osasun Publikoko Fakultateko kidea da artikulu honen egile nagusia. Hura gauzatzeko, 135 urte biltzen dituzten datu historikoak hartu dituzte kontuan. Zehazki, 1800etik 1935era bitarteko 1.763 jaiotza multzori erreparatu diete, garatutako hamahiru herrialdetatik jasoak (Ingalaterra, Frantzia, Italia eta Espainiatik, besteak beste).

Espero zitekeen bezala, datuek erakusten dute heriotza tasa ikaragarri murriztu zela, oro har, denbora tarte horretan. Izan ere, medikuntzan aurrerapen handiak egin ziren hamarkada horietan, eta jendearen bizimodua ere onerako aldatu zen. Baina, batez ere 1880tik aurrera, emakumeen heriotza tasa gizonena baino askoz ere azkarrago txikitu zen; %70 arinago, hain zuzen. Orduan hasi zen bi sexuen arteko tartea nabarmen handitzen. Batez ere 50-70 urteko adin tartean antzematen da gizon eta emakumeen arteko heriotza tasaren alde handia, eta fenomenoa berdintsua da aztertutako 13 herrialdeetan.

Ikerketak iradokitzen duenez, emakumeak luzeago bizi dira, bihotzeko gaitzen eta tabakoarekin loturiko gaixotasunen inpaktua txikiagoa delako haiengan. Horregatik, azterturiko urte horietan, bi sexuen arteko bizi-itxaropenean dagoen alde handia bizi ohituretatik datorrela pentsa daiteke, kausa biologikoetatik baino gehiago.

2. irudia: 1880tik aurrera hasi zen handitzen gizon eta emakumeen heriotza tasaren arteko aldea. (Argazkia: Bordecia34 / CC BY 2.0)

2. irudia: 1880tik aurrera hasi zen handitzen gizon eta emakumeen heriotza tasaren arteko aldea. (Argazkia: Bordecia34 / CC BY 2.0)

Hasteko, oro har, tabakoa gizonek baino ez zuten erretzen XX. mendearen hasieran. Eta hain zuzen, ikerketa honen arabera, 1900-1935 urteetan jaiotakoen artean eta 50-70 urteko adin tartean, bi sexuen arteko heriotza tasan zegoen aldearen %30a tabakoak eragindako gaitzei egotzi dakieke.

Dena dela, bihotzarekin loturiko gaixotasunak dira gizonen heriotza tasa emakumeenari gailentzeko kausa nagusia: 1880tik 1919ra jaiotakoen artean, 55-80 urteko adin-tartean, emakume baino gizon gehiago hiltzen baziren, kasuen %40an bihotzarekin zerikusia zuten gaitzengatik izaten zen.

Artikuluan iradokitzen denez, gaixotasun kardiobaskularrek eragin dezaketen hilkortasun handia agerikoagoa bihurtu zen XIX. mendearen hondarretik aurrera, hain zuzen ere, nabarmen murrizten hasi zirelako ordura arte heriotza ugari eragin zituzten izurrite beldurgarriak. Gizonek emakumeek baino bihotzeko gehiago jasaten zituzten, eta jasaten dituzte oraindik ere. Badirudi elikadura ohiturek zerikusi handia izan dutela horretan. Izan ere, batez ere 1900 urtearen bueltan, gizonek gantz asko zuten elikagaiak jaten zituzten, emakumeek baino gehiago. Eta hain zuzen, gantzak zerikusi handia du bihotzeko gaixotasunak garatze aldera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hiram Beltrán-Sánchez, Caleb E. Finch and Eileen M. Crimmins. Twentieth century surge of excess adult male mortality. PNAS, 2015, 112 (29), 8993-8998. Doi: 10.1073/pnas.1421942112

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>