Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Janaria
Animalia mitikoa da Komodoko herensugea (Varanus komodoensis). Ez da egiazko herensugea, Varanidae familiako muskerra baino, den muskerrik handiena. Hiru metroko luzera izan dezake eta 80 kg-ko pisua (zenbait iturriren arabera, 140 kg-tara hel daiteke). Desagertzeko arriskuan omen dago eta Indonesiako lau uharte hauetan bizi da: Komodo, Rinca, Gili Motang eta Flores[1].
Animalia sarraskijalea da, baina harraparia ere izan daiteke. Hala ere, Komodoko herensugeak ez du ohiko harrapariek bezala egiten; beste era batera jokatzen du. Izan ere, «eseri-eta-itxaron» harraparien jokabidea du, eta horrela jokatzean, ez du harrapakina kosk egitean hiltzen. Kosk egitean zauritu egiten du eta, harrapakinak alde egin arren, denbora laburrera hiltzen da. Orduan Komodoko herensugeak harrapakinaren aztarnari jarraitu behar dio, eta ia beti aurkitzen du harrapakinaren gorpua.
Naturari buruzko dokumentaletan askotan ateratzen dute Komodoko herensugea, eta hau da hari buruz ematen duten azalpena: Varanus komodoensisek hortz zorrotzak ditu, oso zorrotzak, baina ez du indar handiegirik egiten masailezurrekin. Horregatik alde egiten dute harrapakinek hasieran, herensugearen indarra ez omen baita harrapakina geldiarazteko nahikoa. Dokumental horien arabera, odola ez gatzatzeko entzimak eta bakterio toxikoen multzo bat txertatzen dizkio harrapakinari kosk egiterakoan. Bakterioen eragina bat-batekoa ez denez, denbora igaro behar da infekzioa hedatu eta, ondorioz, heriotza gertatu arte. Horrelaxe aurkezten dute dokumentalek Komodoko herensugearen elikatze-jokabidea, eta ezaugarri horiei egotzi diete haren ehizatze-estrategiaren arrakasta.
Gauzak, baina, ez omen dira horrela gertatzen. 2009ko maiatzean jakitera eman den ikerketa baten arabera, arruntagoak dira; izan ere, pozoia da, eta ez bakterio toxikoen multzoa, harrapakina hiltzen duena.
Lana egin duten ikertzaileek hildako banako baten burezurraren anatomia aztertu zuten, eta orduan ikusi pozoi-guruinak zituela. Gero, gainera, pozoi-guruinak kendu zizkioten hiltzear zegoen beste banako bati, eta horrela pozoiaren ezaugarriak aztertu ahal izan zituzten. Beraz, Komodoko herensugea animalia mitikoa da, bai, baina ez da uste zen bezain misteriotsua, ehizatzeko moduari dagokionez behintzat narrasti arrunta baita.
Oharra
[1] Flores-eko gizakiaren uharte bera.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
1 iruzkina
[…] kg-ko pisua (zenbait iturriren arabera, 140 kg-tara hel daiteke). Desagertzeko arriskuan omen dago. Harraparia da; kosk egitean zauritu egiten du eta, harrapakinak alde egin arren, denbora laburrera hiltzen da. Orduan, aztarnak jarraituz, ia […]