Geneen sekretua argitzeko, 42 geruzatako mapa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Giza geneak gorputzeko ehun desberdinetan nola espresatzen diren marrazten duen atlasa argitaratu dute zientzialariek. Tresna berriak hainbat gaixotasunen jatorri genetikoa hobeto ulertzeko bidea emango duela espero dute adituek.

Ezagutzaren zuhaitzera hurbiltzeagatik Jainkoak gizateria paradisutik bota zuenetik, gizakiak ikasi du bere gorputzaren barrenean daudela argitu beharreko sekretuak. Horretan ari dira genetistak, zeluletan ezkutatuta dauden kodeak deszifratu nahian, batez ere gaixotasunei hobeto aurre egin ahal izateko.

Berriki, norabide horretan beste aurrerapauso garrantzitsua izan da. Nazioarteko ikerketa talde batek giza gorputzeko geneen erregulazioa azaltzen duen atlasa sortu du; orain arte argitaratu den katalogorik osatuena da. Datuen katalogoa Interneten argitaratu dute, nahi duen orok kontsultatzeko moduan. Era horretan, mundu osoko ikertzaileek tresna hobeagoa eskura izan dezakete, gaitzen atzean egon daitezkeen zio genetikoak hobeto ulertzeko. Datu horietan oinarritzen diren lehen artikulu zientifikoak ere argitaratu ditu Nature aldizkariak.

Funtsean, gorputzeko organoetan gene bakoitzaren jarduera nola arautzen den azaltzen du atlasak. Zelula guztiek komuneko genoma badute ere, ehun bakoitzean gene desberdinak espresatzen dira. Espresio horri esker, hain zuzen, geneek proteinak sortzeko ahalmena dute, eta horietan oinarritzen dira gure biologiaren aldamio guztia.

1. irudia: Geneek proteinak sortzeko ahalmena dute, eta horietan oinarritzen dira gure biologiaren aldamio guztia (Argazkia: James J. Caras/National Science Foundation)

Guztira, 449 emaileren 7.000 laginak hartu dituzte zientzialariek, gorputzeko 42 ehunetan sailkatuta; lagin horietan gene bakoitzak sortzen duen RNA kopurua neurtu dute. Horrela, gene bakoitzak proteinak sortzeko duen gaitasuna jakiteko modua izan dute ikertzaileek. Izan ere, RNAk mezulari edo bitartekari lanak egiten ditu: horri esker, geneetan dagoen informazioa proteinak sortzeko erabil daiteke.

GTEx izeneko partzuergoaren bitartez ehunetako gene guztien jarduera normalaren argazki erraldoi hau lortu da. “Normaltasuna” zein den jakinda, egoera horretatik aldentzen diren egoera guztiak errazago atzemango dira hemendik aurrera. 201oean hasi zen GTEx proiektua. NHI Osasunerako Institutu Nazionalen eta 11 herrialdetako beste hainbat erakunderen elkarlanean abiatuta.

Aldaera arraroak

Naturen argitaratutako lehen ikerketa artikuluan, zientzialariek datu-base hori erabili dute bertatik ondorio garrantzitsua erauzteko. Aldaera genetikoak ia gene guztien espresioan eragiten duela argitu dute. Gainera, aldaera horiek kilobase jakin batzuetan kokatuta daudela ikusi dute.

Beste artikulu batean egileak saiatu dira oso ohikoak ez diren aldaeren eta gene espresioaren arteko lotura argitzen. Gaixotasunak aztertzean normalean kontuan hartzen ez diren gene aldaerak dira horiek, baina egileek uste dute horiek ezagutzea garrantzitsua izan daitekeela medikuntzan. Hori landu ahal izateko tresna estatistikoa aurkeztu dute.

Azkenik, beste bi artikulutan, datu horiek guztiek RNA editatzeko prozesuan eta X kromosomaren desaktibazioan izan dezaketen rola aztertu dute. Azken fenomeno honi esker, emeek bikoiztuta duten X kromosometako bat “bertan-behera” gelditzen dute, bakarrarekin aski dutelako.

RNA editatzeko prozesuari buruz kaleratu diren datu horiek, gainera, garrantzi berezia izan dezakete, zientzialariek CRISPR teknikaren bitartez RNA manipulatzeko bidea aurkitu dutelako.

Egileek diotenez, proteinak kodetzen dituzten geneetan ez ezik, proteinak kodetzen ez diren genomaren eremuetan ere gizabanakoen arteko aldeak zehazteko ahalmena duten geneak daude. Eremu horietan geneak nola eta noiz espresatu behar duten erabakitzen da.

2. irudia: Gorputzeko 42 ehunetan geneak nola espresatzen diren argitu dute zientzialariek (Irudia: Nature)

Emaitzak aurkezteko ikerketa horiekin batera argitaratutako iruzkin batean, Michelle C. Ward eta Yoav Gilad ikertzaileek nabarmendu dute azken bi hamarkadetan aurrerapauso handiak egin direla. “Gizabanakoen artean dauden alde genetikoek bereizgarri zehatzetan eragiten dute, besteak beste, gaixotasunak garatzeko joeretan. Horiek ulertu eta aurreikustea erronka nabarmena da”.

Mundu osoko ikertzaileek tresna hobeagoa izango dute eskura hemendik aurrera. Biodonostia Institutuko Koldo Garcia ikertzaileak azaldu duenez, orain atera dutena aurreko lan baten eguneraketa handi bat izan da. 2015ean lehen datuak argitaratu bazituzten ere, orain askoz ere lagin gehiago aurkeztu dituzte, eta horrek tresna indartsua bilakatu du datu-base hau. Bestetik, aldaera arraroak hobeto ezagutzeko izango duen garrantzia ere azpimarratu du. “Geneen espresioa aztertu ostean, aldaera genetikoekin harremanetan jarri dute. Ez soilik, gainera, lagun gehienek dituzten aldaerekin, lagun gutxi batzuetan agertzen diren aldaerekin ere alderatu dituzte”. Garciaren ustez, hori da ikerketa honek dakarren berrikuntzarik handiena.

Adituak azaldu duenez, tresna honek asko erraztuko die jarduna gaixotasunen inguruko ikerketak egiten ari direnei. “Normalean aldaera genetikoak eta gaixotasun zehatz bat lotzen dugu, baina ez goaz hori baino aurrerago. Baina hemendik aurrera errazago izango dugu aldaera zehatz bat ikusi eta une bakoitzean zein generi eragiten dion ikusteko. Horrek sakontasun handiagoa emango die ikerketei, bai irekita daudenei zein etorkizunean burutuko direnei. Emaitzak hobeto interpretatzeko aukera izango dugu”.

Hau guztiagatik, Garciak “mugarritzat” jo du GTExek kaleratutako tresna. Bere baliagarritasuna irudikatzeko, Google Maps-en adibidea ekarri du gogora. “Demagun mapa digital hori aurrean dugula, bizpahiru geruzez osatuta. Hemendik aurrera, ikerlariok 42 geruza dituen mapa bat izango dugu eskura, geruza bat ehun bakoitzeko, hain zuzen”.

Erreferentzia bibliografikoa

The GTEx Consortium. Genetic effects on gene expression across human tissues. Nature 550, 204–213 (2017). DOI:10.1038/nature24277


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.