Asteon zientzia begi-bistan #174

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Klimatologia

Pirinioetako glaziarrek 243 ha-ko azalera hartzen dute gaur egun, 1850ean baino % 88 gutxiago. Ikerketa lan honetan parte hartu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Ibai Rico eta Magallanes Unibertsitateko Eñaut Izagirre glaziologoek. Glaziarren egungo azalera kalkulatzeko 2016ko satelite-irudiak erabili dituzte. Guztira 19 glaziar topatu dituzte. Hortaz, 1850etik 2016ra, 52 glaziar izatetik 19 izatera pasa dira. Ikertzaileek badute aurreikuspen bat: “Litekeena da Pirinioetako glaziarrak XXI. mendearen erdirako desagertzea”.

Animaliak

Intsektuen munduan murgildu gara aste honetan. Ezagutzen diren bizidunen artean, talderik anitzena da. Biomasari dagokionez, lurreko ekosistemetan garaile ateratzen dira ere: biomasarik handiena osatzen dute. Baina hori arriskuan dago ikerketa batek berretsi duenez. Azken 27 urteetan Alemaniako intsektuen biomasa %75 baino gehiago gutxitu dela ohartarazi du Radboudeko Unibertsitateko (Herbehereak) Caspar Hallmaninek zuzendutako ikerketa talde batek. Ikertzaileek diote: “Emaitzek iradokitzen dute azken urteetan intsektu hegalarien komunitate osoan triskantza izan dela”. Ildo horri jarraiki, azaldu dute beherakadak ez duela zerikusirik habitat motarekin, eguraldian izandako aldaketekin edota lurraren erabilerarekin. Horregatik, iradoki dute eskala handiagoko beste faktore batzuk daudela tartean. Klima eta nekazaritza aztertu behar direla diote.

Pilotu-izurde hegalaburrak 500-1.000 metroraino urperatzen dira harrapakinen bila. Urperatze-denbora 20 minutukoa da. Bere ehizatzeko modua aztertu dute artikulu honetan: “Urperatze sakonak egiten dituztenean, esprint azkar batean heltzen dira tokirik sakoneneraino eta une horretantxe egiten dute burrunba bat”. Ehizatzeko modu hori, baina, arrisku handiko jokabidea da. Izan ere, egiten dituzten saioen erdia bakarrik da arrakastatsua. Jokabide hau ezezaguna zen; horregatik egin dute ikerketa bat beste zetazeoen portaerak ikusteko eta dirudienez, zifioen urperatzeak luzeagoak dira baina zifioen elikatze-portaera ez da “arrisku handiko/etekin handikoa”, askoz era kontserbadoreagoan jokatzen dutelako. Hortaz, ezberdinak dira pilotu-izurde hegalaburren eta zifioen taktikak, baina biak dira emankorrak, testuan adierazten den legez.

Genetika

Giza geneak gorputzeko ehun desberdinetan nola espresatzen diren marrazten duen atlasa argitaratu du nazioarteko ikerketa talde batek; orain arte argitaratu den katalogorik osatuena da. Gainera, jasotako datuak Interneten ipini dituzte, guztion eskura. Atlas horretan zer azaltzen da, bada? Funtsean, gorputzeko organoetan gene bakoitzaren jarduera nola arautzen den ikus daiteke. Hortaz, gene bakoitzak proteinak sortzeko duen gaitasuna jakiteko modua izan dute ikertzaileek. Izan ere, RNAk mezulari edo bitartekari lanak egiten ditu: horri esker, geneetan dagoen informazioa proteinak sortzeko erabil daiteke. Hainbat gaixotasunen jatorri genetikoa hobeto ulertzeko bidea emango du tresna horrek.

Genoma eraldatzeko teknika berri bana aurkeztu dute. Broad Institutuko (Harvard Unibertsitatea) eta MITeko ikertzaileek parte hartu dute bietan eta horietan gaitzak eragiten dituzten mutazio molekular txikiak zuzentzea dute helburu. Teknika biek CRISPR/Cas9 sistema dute oinarri, Lehengoari ABE (Adenine Base Editor) deitu diote, bigarrenak REPAIR (RNA Editing for Programmable A to I Replacement) du izena. Bai ABE bai REPAIR laborategian probatu dituzte, giza zeluletan. ABE erabilita, hematokromatosi heredagarriaren mutazioa konpondu dute, eta REPAIRen bidez, berriz, Fanconi anemiarena.

Nanoteknologia

Metal likidoak erabilita material bidimentsionalak sintetizatzea lortu dute Australiako RMIT Unibertsitateko ikertzaileek. Duela hamarkada bat baino gehiago konturatu ziren fisikariak erabat aldatzen direla konposatuen ezaugarriak, materialak xafla fin-finetan antolatzen direnean; hau da, sendoak, ultramalguak edo supereroaleak izan zitezkeen. Lehena, Grafenoa izan zen. Orain, lortu dute HfO2, Gd2O3 eta Al2O3 bidimentsionalak sortzea. Gainera, metodo berria taula periodikoaren elementuen herenarekin erabilgarri izan daitekeela aurreikusi dute.

Geologia

Ikertzaileek uste dute Lurraren historian beste bi superkontinente garatu direla gutxienez: Columbia edo Nuna eta Kenorland deitutakoak. Horretaz gain, eta testuan azaltzen den moduan, superkontinenteen sorrera-prozesuaren arabera bi superkontinente mota bereiz daitezke: alde batetik, aurreko superkontinentearen apurketan zehar sortutako “barne-ozeanoen” ixtearen ondorioz garatutakoak, eta bestetik, superkontinentea inguratzen duen “kanpo-ozeanoaren” ixtearen ondorioz garatutakoak. Eta apurketa-prozesu horiek azaltzeko bi dira sortu diren ereduak: luma gorakorrik erabiltzen ez dutenak eta luma gorakorrak erabiltzen dituztenak. Egin dituzten azken ikerketek erakutsi dute luma gorakorren eta superkontinenteen apurketaren arteko harremana. Modu berean, ikertzaileek iradoki dute jatorri magmatikoko edo hidrotermaleko superkontinenteen zikloak harreman zuzena izan lezakeela sistema-mineralekin. Hau da, luma gorakorren ondorio diren kontinente-rift sistema erraldoiak hobi-mineralen fabrikatzat jotzen dira.

Fisika kuantikoa

Energia edo partikula fluxu bat behatzeak fluxuaren noranzkoa alda dezakeela frogatu du UPV/EHUko ikerketa batek. Hasiera batean akats bat zela pentsatu zuten baina ikusi zuten korrontearen noranzko aldaketak modu kontrolatuan egin zitezkeela. Sisteman behatzaile bat sartzeak oztopo egiten duela da gakoa, ura daraman hoditeria batean erretena ixtea bezala. Ikuspuntu teorikoan oinarrituta egin dute ikerketa hau. Prozesua esperimentalki egitea, ordea, beste kontua da. Adibidez, behatzaileak diseinatzeko mugak daude.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.