Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Janaria
Der Rote «Gorria» zientzia-fikziozko eleberri bat da. Bernhard Kegel biologo alemaniarra da idazlea. Eleberriaren literatura-kalitatea, apalegia izan gabe ere, ez da beste munduko gauza. Ondo idatzita dago, hori bai, eta, gainera, bistakoa da idazlea zientzialaria dela eta idazten duenaz badakiela. «Technothriller» kategorian sailkatu den eleberri horren El rojo izenez argitaratutako itzulpeneko pasartea (141. or.) da honako hau:
«Noizean behin, larruazal leun eta garbi haien gainetik pasatzen zuen mihia. Baina bakarrik itxura fresko eta osasungarria zuten animalietan, nazka ikaragarria ematen baitzion. Ehunek amoniakoa ote zeukaten jakin nahi zuen: animaliek amoniako usainik ez zutenez, eta berak laborategirik ez zuenez, gustu-zentzumenera jo behar zuen egiaztatzeko. Haien ehunetan amoniako asko duten txibiek flota dezakete, grabitatearen eraginpean egongo ez balira bezala; txibia handiek ere ―txibia erraldoiek barne― flota dezakete horri esker. Jon Deaver-ek erakutsi zion amarrua, baina erakutsi aurretik, bakarrik gourmet eta zefalopodomanoei gomendatzeko modukoa zela esan zion, eta barregura sarkastiko bat azaldu zuen aldi berean. Orain Hermann-ek bazekien bere adiskide australiarrak zer adierazi nahi zion.»
Eleberriko pasarteak ederki azaltzen du txibia erraldoien ezaugarri bitxi hori. Izan ere, Asturiaseko kostaldeko uretan harrapatu dituzten txibiei buruz horixe azpimarratu izan dute egunkarietako kroniketan, amoniako asko eta oso haragi gogorra dutela. Jakina, txibia erraldoiak jateko egokiak ote diren izaten da egunkariek aipatzen duten kontua, eta jateko modukoak ez izateko bi horiek dira ematen diren arrazoiak. Gizakiok ezin ditzakegu jan, ez, baina zeroiek ez dute jateko inolako eragozpenik; izan ere, kaxaloteen harrapakinak dira txibia erraldoiak [1].
Architeuthis generoan sartu dituzte orain arte aurkitu diren txibia erraldoi guztiak. Zortzi espezie deskribatu dira, baina litekeena da egiazko kopurua txikiagoa izatea. Izenak berak dioenez, tamaina handikoak dira, ornogabe handienak, zalantzarik gabe. Eme handienak 13 metro luze dira hegal kaudalaren puntatik bi garro luzeenetako puntetara, eta 10 metroko luzera dute ar handienek. Garroak kenduta, 5 metro dute luzean, gutxi gorabehera. Gutxi da animalia hauei buruz dakiguna; izan ere, bizirik eta haien medioan zebiltzan Architeuthis generoko txibien lehen argazkiak 2004 urtean atera zituzten eta 2006ko abenduan egin zieten lehen filmaketa.
Txibien artean eta, oro har, ornogabeen artean ere, luzeena da Architeuthis. Ez da, baina, masa handiena duena. Masari erreparatuz gero, txibia kolosala da ezagutzen den ornogabe – eta txibia – handiena. Izen zientifikoa Mesonychoteuthis hamiltoni du, eta kolosal horri buruz txibia erraldoiaz baino gutxiago dakigu. Izan ere, oso banako gutxi harrapatu izan dira. Txibia kolosal handiena, 2007ko otsailean harrapatu zuten Zeelanda Berriko uretan. Ia 500 kg-ko pisua zuen eta 10 metroko luzera. Hala ere, adituek uste dute 12-14 metroko luzera dutela espezie honetako banako handienek.
Bai txibia erraldoiak, bai kolosalak ere, biak bizi dira ozeanoetako ur abisaletan. Ehunetan duten amoniakoari esker, uraren dentsitate berbera lortzen dute, eta horrek flotatzeko ahalmen handia ematen die. Harrapariak dira, baina, aldi berean, baita harrapakinak ere. Lehen esan bezala, kaxaloteen harrapakinak dira. Izan ere, kaxaloteen urdailetan aurkituriko aztarnak oso garrantzitsuak izan dira ur sakonetako zefalopodo horien ezaugarri anatomikoak ezagutzeko.
Bi txibia-espezie horiek gigantismo abisal edo ur sakonetako gigantismo izenez ezagutzen den gertaera baten adibide ezin hobeak dira. Ur sakonetan bizi diren ornogabe asko eta asko oso handiak dira, sakonera txikiko uretan bizi diren beren taldeetako kide hurbilenak baino askoz ere handiagoak. Isopodo erraldoia (Bathynomus giganteus), txangurru japoniarra (Macrocheira kaempferi), sardinzarren erregea (Regalecus glesne), zazpi besoko olagarroa (Haliphron atlanticus) eta beste txibia zenbait dira gigantismo abisal horren beste adibideak.
Ur sakonetako gigantismoaren zergatia azaltzeko bi hipotesi nagusi erabili dira: bizi-zikloen teoriaren araberakoa da bata, eta oinarri metabolikokoa bestea. Lehen hipotesiaren arabera, baliabideak urriak direnean eta banako handienak bizirik irauteko probabilitatea banako txikienena baino handiagoa denean, hazkunde somatikoari ematen zaio lehentasuna eta, beraz, atzeratu egiten da ugaltzea. Banako helduen tamaina handia izaten da horren ondorioz, oso handia zenbait kasutan. Metabolismoaren eta tamainaren artean dagoen erlazioan du oinarria bigarren hipotesiak. Horren arabera, handia izateak abantaila nabarmenak ditu baliabideak oso urriak diren tokietan, energetikoki animalia handiak txikiak baino askoz ere eraginkorragoak baitira. Gogora ezazu, irakurle, «Elefantea eta basasagua» izenburuko atalean idatzi duguna; hantxe azaldu dugu metabolismoaren eta tamainaren artean dagoen erlazioa.
Oharrak
[1] Kaxaloteen harrapakin nagusiak ez diren arren, askotan esaten edo idazten denaren aurka. Izan ere, oso gutxi dira zeroien urdailetan aurkituriko txibia erraldoien aztarnak.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
1 iruzkina
[…] kolosalez eta hondo abisaletako beste animalia erraldoiez aritu gara «Erraldoi abisalak» izenburuko atalean. Animalia erraldoiekin jarraitu nahi dugu hemen, baina oraingo honetan bi […]