Sagar mota bakarrarekin egindako sagardoak aztertu ditu UPV/EHUko ikerketa batek, sagar mota bakoitzak edariari ematen dizkion ezaugarriak ezagutzeko.
Sagardoa egiteko, Euskal Herrian oro har, sagar mota ezberdinak nahasten dira eta sagar mota bakoitzak edarian duen eragina ezezaguna da, neurri handi batean pHan eragina duela jakina bada ere. Sagar mota bakarreko muztioetatik abiatuta sagar barietate bakarreko sagardoak egin dira ikerketan, sagar mota bakoitzak sagardoari ematen dizkion edo eman ahal dizkion ezaugarriak zehatz-mehatz aztertzeko.
Sagarretan dauden polifenolak dira aztertutako molekulak. Gaitasun antioxidatzailea dute polifenolek eta oso garrantzitsuak dira, batetik, zapore mikatza eta astringentzia (aho lehortasuna) eragiten dituztelako eta, bestetik, sagardoa iluntzeko prozesuan esku hartzen dutelako, oxidatzean konposatu ilunak sortuta. Horretaz gain, uhertasuna eta sedimentuak sortzen dituzte proteinekin batzen direnean.
Hamalau sagar barietate hautatu eta aztertu dira hiru urtean (2012-2014). Sagar zuku bakoitzaren profil polifenolikoaren bilakaera aztertu da, besteren artean:
- Indar antioxidatzailea
- Proteinekin hauspeatzeko gaitasuna
- Uhertasuna
- Iluntze-prozesua
Sagar mota bakarreko zukuekin sagar-mota horren ezaugarriak nabarmentzen dira eta, askotan, muturreko sagardoak lortzen direla azaltzen du Andoni Zuriarrain ikertzaileak. Ikuspegi orokorrago bat izateko eta sagardoa egiteko sagar nahasketa aproposena zein den jakiteko asmoz, zenbait nahasketa ere egin dira ikerketan.
Lortutako sagardo guztiak, sagar mota bakarrekoak zein nahasketak, Fraisoro Ingurumen eta Nekazal Laborategira bidali ziren aditu-talde batek dastatzeko. Hainbat irizpide kontuan hartuta puntuatu dute sagardo bakoitza, sagardo horiek kontsumitzaileen artean zenbateko onarpena izan dezaketen baloratuta.
Urtebi Txiki, Manttoni eta Urdin sagarrak nagusi
Urtebi Txiki, Manttoni eta Urdin sagar barietateen sagardoak izan dira orekatuenak eta onarpen handiena lortu dutenak. Gezamina sagarrarekin egindako sagardoa izan da guztietan bereziena. Sagar mota honekin egindako sagardoa oso mikatza eta, koloreari erreparatuta, iluna da; garagardoaren antzekoa. Moko, Merabi eta Narbarte Gorria sagarrekin egindako sagardoak, bere aldetik, muturreko sagardoen taldean sartu dituzte, oso mikatzak eta gaziak baitira.
Sagar nahasketekin egindako sagardoei dagokienez, nahasketa bitarrek jaso dute puntuaziorik altuena:
- Goikoetxea %40 + Moko %60
- Narbarte Gorria %36 + Urtebi Txiki %64
- Manttoni %62 + Udare Marroi %38
- Frantzes Sagarra %33 + Manttoni %67
Ikerketa honetako datu horiek guztiak sagardogileentzat edo sagardoa ekoiztu nahi duen ororentzat baliagarriak izan daitezkeela uste du ikertzaileak, bai sagarrondoak landatzeko garaian kontuan hartzeko edota irizpide horiek esku artean dituztela zer nahaste egin erabakitzeko.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Sagar-mota bakoitzak zer ematen dion sagardoari.
1 iruzkina
[…] ditu UPV/EHUko ikerketa batek, sagar mota bakoitzak edariari ematen dizkion ezaugarriak ezagutzeko; Zientzia Kaierak argitaratu […]