Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Defentsak eta erasoak
Eboluzioan zehar hainbat animalia-taldek askotariko estrategiak garatu dituzte, bai elikagaiak izango dituztela bermatzeko, bai etsaietatik babesteko. Estrategia horien artean animaliek ekoizten dituzten toxinak daude. Pozoiak erabiltzen dituzten animaliak talde askotakoak dira: ekinodermoak, zelenteratuak, anelidoak, moluskuak, artropodoak, arrainak, narrastiak, anfibioak… eta horietako batzuek oso egitura eta mekanismo sofistikatuak erabiltzen dituzte pozoia txertatzeko.
Sinapsietan gertatzen den neurotransmisore-askapenean eragiten duten toxinak eta toxina horien ekintzen ondorioak ikusi ditugu aurreko atal batean. Baina badago beste toxina-talde bat neurotransmisorearen askatze-prozesuan eraginik ez izan arren hurrengo prozesua zapuzten duena.
Toxina horien artean dugu, esaterako, α-bungarotoxina. Bungarus multicinctus krait sugegorri marradunaren pozoia osatzen duten peptidoetariko bat da toxina hori. α-bungarotoxina modu itzulezinean lotzen zaio azetilkolinaren hartzaile mota bati (hartzaile nikotinikoei), eta, horren ondorioz, azetilkolinak ezin ditu kanalak ireki. Sugegorriak, koska egitean eta pozoia txertatzean, toxinak daukan eragin horri esker paralizatzen ditu harrapakinak. Eragin bera dute kobra sugearen α-neurotoxina peptidoak eta itsas sugegorriaren erabutoxina peptidoak.
Harrigarria gerta badakiguke ere, oso antzekoa da Hego Amerikako zenbait indiok erabiltzen duten prozedura. Amazoniako tribu batzuetan kurarea erabiltzen dute gezi-puntak bustitzeko; kurareak lehen aurkeztutako toxinen eragin bera du. Egia da kurareak ez daukala animalietan jatorria, Chondrodendron tomentosum landarearen toxinen nahastea den aldetik, baina horrek ez ditu kontuak gehiegi aldatzen: animalia bat (gizakia) dugu landare jatorriko pozoi bat (kurarea) erabiltzen harrapakina errazago ehizatzeko. Azken batean, Amazoniako indioek naturak eskainitako produktu bat baliatzen dute animalia pozoitsuek bezala jokatu ahal izateko.
Kontu honi dagokionez, ez dira salbuespen itsasoko ornogabeak. Hor dugu esaterako itsasoko barraskilo konikoen pozoia, konotoxinaz osatuta dagoena. Hainbat peptidoren nahastea da konotoxina (batzuk kanalak blokeatzen dituztenak) eta horien artean azetilkolinaren hartzaileak blokeatzen dituztenak ere aurkitu daitezke. Sinapsi neuromuskularraren kasuan uzkurketa inhibitzen da blokeatze horren ondorioz. Hau da, harrapakinaren nerbio-sistemak giharrei mugitzeko agindua eman arren, hauek ezin dute erantzun, agindua atariraino baino ez baita iristen. Egoera horretan harrapariarengandik ihes egiteko aukerak oso urriak dira, eta barraskiloak erraz asko irentsi dezake ehizakia.
Clostridium generoko bakterioek ekoitzitako toxinak aurkeztu ditugunean, toxina botulinikoak medikuntzan eta estetikan duen erabilera ikusi dugu. Hemen aipatutako pozoi batzuk ere zenbait gaixotasuni aurre egiteko erabiltzen dira edo erabili ote daitezkeen ikertzen da. Kurarea, esaterako, erlaxatzaile muskular modura erabili izan da. Itsas jatorriko konotoxinak ere ikertzen hasi dira; morfina bera baino askoz eraginkorragoa da, eta opiazeoa ez izaki adikziorik eragiten ez duenez, dagoeneko konotoxinak dituen farmakoren bat atera da merkatura min muskularrak arintzeko. Beraz, pozoiak berak ere, neurri egokian eta ongi erabilita, onuragarri!
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
2 iruzkinak
[…] animalia-taldek estrategia ugari garatu dituzte elikagaiak izateko eta etsaietatik babesteko. Animalia horiek toxinak ekoizten dituzte. Horietako batzuk, gainera, mekanismo sofistikatuak […]
[…] nahikoak dira 100 μg; izan ere, puxika-arrainaren tetrodotoxina baino 10 aldiz toxikoagoa edo kurarea baino 15 aldiz toxikoagoa da batraziotoxina, baina ez da pozoi botulinikoaren toxizitate-mailara […]