Algoritmo berri bat garatu dute UPV/EHUko ikerketa batean bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izan dadin.
Bularraren azelerazioa oinarri hartuta, konpresio torazikoak zein sakonerarekin eta maiztasunarekin egin behar diren kalkulatzen du algoritmoak. Bihotz-birikak gelditzen diren kasu errealetan jasotako azelerazio-seinaleekin algoritmoa baliozkoa dela bermatzen du.
Bihotz-birikak gelditzean bi ekintza dira ezinbestekoak pazienteen biziraupenerako: bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) eta desfibrilazioa. Pazientearen bularraldea erritmikoki sakatzean datza BBBa, gutxieneko odol jarioa mantentzeko eta bizitzeko ezinbestekoak diren organoak (bihotza eta garuna) ez kaltetzeko. Desfribilazioan, berriz, deskarga elektrikoa aplikatzean datza, arritmia leheneratzeko.
Bihotz-biriketako bizkortzea ongi egitea ez da erraza, ezta entrenatuta dauden adituentzat ere. Izan ere, bularraldea maiztasun eta sakonera jakin batekin sakatu behar da (100-120 konpresio minutuko eta 5 eta 6 cm artean). Konpresioen kalitateak zerikusi zuzena du pazienteen biziraupenarekin . Horrenbestez, bihotz-biriketako berpiztearen kalitatea denbora errealean monitorizatzen duten feedback sistemak gomendatzen dituzte suspertze-gidek.
Bularreko azelerazioan oinarrituta, gomendatutako konpresioen sakonera eta maiztasuna kalkulatzen duen algoritmo berria garatu dute UPV/EHUko Seinale eta Komunikazioen Taldeko ikertzaileek. Gaixoaren bularraldean jartzen den azelerometro bati esker uneoro eta denbora errealean neurtzen da gaixoari egiten ari zaizkion konpresioen sakonera eta maiztasuna eta, beraz, behar izanez gero, zuzendu daiteke kalitatezko BBBa egiteko.
Algoritmoak oso modu zehatzean kalkulatzen ditu konpresioen maiztasuna eta sakonera egiazko bihotz-biriken gelditzea izan duten gaixoen kasuan neurtutako azelerazio-seinaleak aztertuta.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Algoritmo berri bat garatu dute bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izan dadin.
Erreferentzia bibliografikoa
Ruiz de Gauna, Sofia et al., (2018). Monitoring chest compression quality during cardiopulmonary resuscitation: Proof-of-concept of a single accelerometer-based feedback algorithm. Plos One, 13(2), e0192810. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0192810
3 iruzkinak
[…] Algoritmo berri bat garatu dute UPV/EHUko ikerketa batean bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorrago…. Bularraren azelerazioa oinarri hartuta, konpresio torazikoak zein sakonerarekin eta maiztasunarekin egin behar diren kalkulatzen du algoritmoak. Gaixoaren bularraldean jartzen den azelerometro bati esker uneoro eta denbora errealean neurtzen […]
[…] gertuko esperientziak (HGE) izan dituztela adierazi dute. Bihotz geldialdi baten ondoren bihotz biriketako bizkortze (BBB) batetik bizirik atera diren gizabanakoen % 10ek erreanimazio aldian deskribatzen dute HGE, […]
[…] gertuko esperientziak (HGE) izan dituztela adierazi dute. Bihotz geldialdi baten ondoren bihotz biriketako bizkortze (BBB) batetik bizirik atera diren gizabanakoen % 10ek erreanimazio aldian deskribatzen dute HGE, […]