Izaro Goienetxea: “Niretzat, naturala izan da informatikan sartzea”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Duela gutxi aurkeztu ditu Izaro Goienetxea Urkizuk bere orain arteko lanaren emaitzak. BertsoBot robot bertsolariaren proiektuaren barruan plazaratu ditu, baina argi utzi du Goienetxeak bere lanaren helburua ez dela izan robota bertsotan jartzea, baizik eta musika-sorkuntza automatikoko eta musika sailkatzeko metodo bana sortzea.

Horra iristeko egin duen bidea “nahiko naturala” izan dela onartu du Goienetxeak. Izan ere, etxetik datorkio teknologiarekiko zaletasuna; anaiek ordenagailuak zituzten eta haiekin ibiltzea gustatzen omen zitzaion: “Ordenagailuekin jolastea gustatzen zitzaidan, baina ez nekien nola funtzionatzen zuten. Horrek jakin-mina piztu zidan, eta horrek bultzatu ninduen Informatika ikastea”.

Irudia: Izaro Goienetxea informatika-ingeniaria.

Robotak eta zientzia-fikzioa ere gustuko zituen, eta, horrekin batera, bazuen, eta badu, beste zaletasun bat: musika. Hain zuzen, txikitatik jotzen du biolina. Horrenbestez, maite dituen bi munduak, teknologiarena eta musikarena, uztartu ditu bere lanean.

Aurretik, informatika-ikasketak amaitu zituenean, Vicomtech ikerketa-zentroan aritu zen lanean, medikuntza-irudiekin eta aplikazio biomedikoetan. Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Masterra ere egin zuen, eta orduan sortu zitzaion aukera lana egiteko UPV/EHUn Informatika musikala lantzen zituen ikertzaile batekin.

Alde horretatik, zorte ona izan duela iruditzen zaio: “Europako beste leku batzuetan hemen baino garatuagoa dago musika eta teknologia nahasten dituen ikerketa. Bartzelonan egiten da zerbait, baina hemen oso gutxi; beraz, zorionekoa naizela esan dezaket”. Hori bai, aitortu du lanean hasi aurretik zituen aurreikuspenak aldatu egin direla. “Beti gertatzen da, magia galtzen da. Arazoak sortzen dira, gauzak ez dira beti norberak nahi duen bezala ateratzen… Baina oso gustura nabil”.

Doinu berriak eta sailkapenak

Emaitzak ere lortu ditu. Lehenik, musika automatikoki sortzeko metodo bat sortu du. Hasteko, corpus bat behar zuen, eta horretan ere zorte ona izan duela esan du: “Justu proiektua hasten ari nintzela, Euskadi Irratian entzun nuen Joanito Dorronsorok landutako bertso-doinuen corpusa aurkeztu zuela Xenpelarrek. Corpus hori altxor bat da, ez baita erraza horrelako corpus osatu eta eguneratu bat topatzea. Haiekin harremanetan jarri ginen, eta horrela hasi zen dena”.

Kasualitatea izan zela dio Goienetxeak. Edonola ere, berriro ere bere zaletasunak lanarekin uztartzeko aukera eman zion horrek, bertsozalea ere bada eta. “Gainera, nire osaba baten laguna zen Joanito Dorronsoro. Hortaz, lehendik nuen harremana”. Corpus horretan oinarrituta garatu du doinu berriak automatikoki sortzeko metodoa.

Robotika eta Sistema Autonomoen Taldekoek (RSAIT) ikusi zuten Goienetxearen lana aproposa zela sailkapen-metodo bat sortzeko ere, eta halaxe hasi zen haiekin elkarlanean. Haiekin eta BertsoBot robot bertsolariarekin, hari aplikatzen baitizkiote sortzen dituzten aurrerapenak. Hain zuzen, gizakien eta roboten arteko elkarrekintza hobetzea da RSAITen helburua.

Musika sortzeko eta sailkatzeko metodoak bakoitza bere aldetik garatu ditu, baina orain badu biak konbinatzeko asmoa. Hain zuzen, tesiaren azken urtean dabil, eta bi metodoen uztarketa aurkeztuko du. Etorkizunera begira, gustatuko litzaioke arlo horretan jarraitzea, baina ez ditu baztertzen bestelako aukerak: “Azkenean, datuen analisiko metodoak dira, eta beste arlo batzuetan aplika daitezke. Esaterako, irudi biomedikoekin aritu nintzenean, oso gustura ibili nintzen. Interesgarria bada, berdin zait arloz aldatzea”.

Fitxa biografikoa

Izaro Goienetxea Urkizu 1985eko abuztuaren 29an jaioa, Lezon, Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen UPV/EHUn, eta, gero, hiru urtez, Vicomtech ikerketa-zentroan lan egin zuen, aplikazio biomedikoen sailean. Aldi berean, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Masterra egin zuen, eta, jarraian, UPV/EHUn lanean hasi zen, Informatika Musikaleko taldean. 2014. urtean, berriz, Ingeniaritza Informatikoko doktoretzako ikasketak hasi zituen, eta laster aurkeztuko du tesia.
———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.