Proposatutako teoriaren arabera, Ilargia ez zen sortu talka baten ondoren jaurtikitako Lurraren zati batetik; horren ordez, Lurrarekin batera sortu zela diote, “synestia” deritzon estruktura baten barruan.
Ilargiaren osaketari buruzko teoria nagusi bat finkatuta dago zientzia komunitatean. Horren arabera, duela 4.500 milioi urte inguru, Marteren tamainako planeta batek (Tea izena eman zaio horri) lurraren kontra jo egin zuen, eta talkaren ondorioz sortu zen Ilargia. Hondamendi erraldoi hori zela eta, Lurraren inguruan hondakinez osatutako eraztun erraldoia eratu zen, eta denborarekin, akrezioaren poderioz, pixkanaka Ilargia osatu zen.
Zabalduen dagoen teoria hori Lurraren eta Ilargiaren osaketa kimikoan dagoen antzekotasunean oinarritzen da. Izan ere, Apollo (AEB) eta Luna (SESB) programei esker Ilargiaren laginak eskuratu zirenean, analisi kimikoek erakutsi zuten lotura handia zegoela bi objektuen artean. Horrek behin betiko alboratu zituen ordura arte proposatutako beste zenbait teoria. Horien arabera, Ilargia eguzki sistemako beste toki batean sortu zen eta ondoren Lurraren grabitazioa harrapatu zuen.
Harrapaketaren teoria eguzki sistemako beste zenbait ilargiren kokapena azaltzeko erabili izan da. Halere, kontuan izan behar da normalean eguzki sistemaren kanpoko aldean dauden planeta erraldoiei buruz ari garela, grabitazioaren ikuspegitik oso indartsuak diren planetei buruz, alegia. Barneko eguzki sistemaren kasuan, Lurra ia-ia bitxikeria da. Merkuriok eta Artizarrak ilargirik ez dute, eta Marteko Phobos eta Deimos sateliteak oso txikiak dira. Bestetik, ez dirudi logikoa denik beste nonbaiten sortutako objektu batek Lurrarekiko hain gertukoa den osaketa kimikoa izatea.
Hortaz, denborarekin, 1974an William Hartmann eta Donald Davis ikertzaileek proposatutako Tea objektuaren talkari buruzko teoriak hartu zuen ospe gehien. Dena dela, hipotesi horrek hainbat arazo izan ditu, eta, horregatik, zientzialariek proposamen berrien bila ari dira.
Berriki izan da azkena: AEBko eta Erresuma Batuko zientzialari talde batek Ilargiaren jaiotzaren bestelako “argazkia” osatu dute. Journal of Geophysical Research: Planets aldizkarian plazaratu dute proposamena.
Harvardeko Unibertsitateak zabaldutako ohar batean, bertako Lurra eta Zientzia Planetarioen Saileko ikerlari Simon Lockek esan du Tearen talka “20 urtez egon den eredu kanonikoa” izan dela. “Agertoki kanoniko honetan behar adina masa orbitan jartzea zinez zaila da, eta egoera hau sortzeko gai diren balizko talken errepertorioa oso txikia da”. Datuekin babestu du esandakoa: ilargiaren sorrera ahalbidetzeko, bi graduko tarte eskasean jo behar zuen Teak, eta, gainera, oso tamaina zehatza izan behar zuen. Egin dituzten ereduek erakusten dutenez, baldintza horiekin ere, hainbat inpaktuk ez omen dute “funtzionatzen” ilargi bat eratzeko orduan.
Donut itxurako estruktura
Horren ordez, Ilargiaren sorrera “synestia” izeneko estruktura batean abiatu zela proposatu dute. Hiztegian sartzeko moduko hitz berri honekin izendatu nahi izan dute biraka ari den eta lurrundutako harriez osatuta dagoen “donut” itxurako estruktura erraldoia. Berez, talkaren ideia ez dute baztertu, baina gertakarien hurrenkera aldatu dute. Talka batek synestia bat sortu zuen, eta estruktura horren barruan sortu ziren biak ala biak, Lurra zein Ilargia.
Proposatutako agertokiaren arabera, eskala geologikoan bizitza laburra izan zuen synestia horrek: ehunka urte inguru. Hoztu zenean, harri lurruna likidoan kondentsatu eta urtutako objektua bilakatu zen. Egoera horretan, presio handian 2.200-3-3000 graduko tenperaturan eratu zen Ilargia. Hortaz, kanpoan ez baina estruktura horren baitan sortu zen ondoren satelite bilakatuko zen objektua. Lehen kondentsazio horren ostean Ilargia atera zen, eta ondoren kondentsatu zen Lurra. Teoria berriaren arabera, beraz, satelitea planeta baino lehenago sortu zen.
Proposamen berriak bi gorputzen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak azaltzeko gaitasuna du ere, nahiz eta aurretik hainbat ikerketek hori ere jorratu duten. Ilargia sortu zenean, tenperatura handiek aise lurruntzen diren elementuen galera eragin zuten. Lurrean potasioa, sodioa edo kobrea bezalako elementu lurrunkorrak ohikoak diren bitartean, Ilargian eskasagoak dira. Alde hori Ilargiaren sorreran synestiaren barruan izandako tenperatura handiek ahalbidetu omen zuten.
Locken esanetan, “zailtasunak azaltzeko gai izan den lehenengo eredua da hau, eta, gainera, modu kuantitatibo batean egiteko gai izan gara”. Nabarmendu duenez, Ilargiaren sorrera azaltzeko modu guztiz desberdina da ikerketa honetan proposatutakoa. “Inoiz ez zenuke pentsatuko gorputz baten barruan satelite bat sor daitekeenik, baina, antza, hau izan zen gertatu zena”.
ArXiv biltegian ere eskuragarri dagoen artikuluan xehetasun gehiago eman dituzte. “Talka erraldoiei buruzko simulazio numerikoek aurreikusten dute ilargi-disko kanonikoa batez ere objektu jotzailetik datorrela. Halere, Lurreko eta Ilargiko laginekin egin diren analisiak gero eta zehatzagoak dira, eta analisi horiek erakusten dute Lurrak zein Ilargiak elementu askoetan antzeko ratio isotopikoak dituztela komunean”. Alabaina, objektu planetarioen artean ratio isotopiko horiek dezente desberdinak direla gogoratu dute. Horregatik, logikak agintzen du objektu jotzailearen osaketa isotopiko desberdina izan beharko lukeela.
Erreferentzia bibliografikoa
Lock S.J. et al. The origin of the Moon within a terrestrial synestia. Journal of Geophysical Research: Planets, 123. DOI:10.1002/2017JE005333
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] sortu zen Ilargia? Bere sorrera definitzen duen gertaera oso finkatuta dago jada. Halere, orain iradoki dute ilargia ez zela sortu talka baten ondoren jaurtikitako Lurraren zati batetik, baizik, Synestia izeneko estruktura baten barruan; hau da, […]