Burdin Aroko erritu bat polo magnetikoen inbertsioa hobeto ezagutzeko bide

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Aztarna arkeologikoak ikertuta, zientzialari talde batek aukera izan du azken mendeetan Hegoaldeko Afrikan izan diren eremu magnetikoaren aldaketak ezagutzeko. Diotenez, bertan egon daiteke polo magnetikoen inbertsioaren gakoa.

Benetako Bermudetako Triangelua ez dago Karibean, Hego Hemisferioan baizik. Bertan anomalia magnetiko bat dago. Itsasontziei eta hegazkinei ez, baizik eta satelite artifizialei eragiten die anomalia horrek. Bertako eremu magnetikoa ahulagoa izanik, espaziotik datozen partikula energetikoak sakontasun handiagoan sartzen dira atmosferan, eta, antza, horrek dezenteko buruhausteak dakarzkie sateliteak kudeatzen dituztenei.

Zehazki, Hego Amerikaren eta Hegoaldeko Afrikaren gainean kokatzen da Hego Atlantikoko Anomalia izenekoa. Horren jatorria argi ez badago ere, zientzialariek uste dute anomaliak eremu magnetikoaren inbertsiorekin zerikusia izan dezakeela. Izan ere, Historian zehar, polo magnetikoak alderantzikatu egin dira. Geologoek kalkulatzen dute, batez bestean, 300.000 urtez behin aldatzen dela eremu magnetikoaren norabidea. Azken aldaketa, baina, duela 780.000 urte izan omen zen.

1. irudia: Ikertzaileek Limpopo ibaiaren harana (Hegoaldeko Afrikan) arakatu dute aztarna arkeologikoen bila. Irudian, Rochesterreko Unibertsitateko adituak, landa lanean. (Argazkia: John Tarduno/University of Rochester)

Nikelez eta burdinez osatutako barne nukleo solidoa dauka Lurrak. Horren inguruan, likidoa den kanpo nukleo deritzon eskualdea dago. Bi nukleo hauen arteko elkarrekintzak dinamo bat sortzen du, eta horri esker sortzen da planeta babesten duen eremu magnetikoa.

Eremu magnetikoaren historia, literalki, harrietan txertatuta dago. Burdin asko duten arrokek fosildutako iparrorratz baten antzera funtzionatzen dute. Bereziki sumendietako laba koladen ikerketari esker, geologoek posible izan dute jakitea planetaren historia magnetikoa zein izan den.

Asko berotzen direnean, arroka hauek magnetismoa galtzen dute, baina hozten direnean, une horretan dagoen eremu magnetikoaren arabera lerrotzen dira. Zehazki, Curie-ren puntua deritzon tenperatura batera heltzen direnean gertatzen da hau (magnetitaren kasuan, 585 gradu zentigradu ingurura). Behin betiko hozten direnean, hoztu diren uneko “oroimen” magnetikoa gordetzen dute arroka horiek.

Non eman daiteke prozesu hau? Erantzuna agerikoa da: sumendien inguruan. Horregatik, sumendietako laba koladak bereziki erabilgarriak izan dira paleomagnetismoaren historia berreraikitzeko.

Sumendiak gertu ez daudenean, ordea, zailagoa da datazioak egitea. Baina, noizean behin, prozesu hau modu artifizialean egiten da, eta halakoetan zientzialariek aukera bikaina dute paleomagnetismoaren nondik norakoak ezagutzeko. Halakoak ikertzen dituen arloari arkeomagnetismo deritzo.

Burdin aroko aztarnak

Diziplina horrek datu interesgarriak jarri berri ditu mahai gainean: Hegoaldeko Afrikan duela 1000 urte inguru gizakiak erretako buztinek informazio txukuna eman dute Hego Atlantikoko Anomalia hobeto ulertzeko. Nazioarteko ikerketa talde batek bertan induskatu, eta buztin horien analisia egin du. Emaitzak Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu dituzte.

Duela milurteko bat abiatzen da atzean dagoen istorioa. Garai horretan, Hegoaldeko Afrikan bizi ziren bantu hiztunek haien burdinazko etxolak eta zerealak biltzeko estrukturak erre zituzten. Garapen ekonomikoari dagokionean Burdin Aroan bizi ziren lagun horien portaera bitxiaren atzean lehorteari aurre egiteko erritua zegoen. Hasieran aipatu dugun prozesu geokimikoa zela eta, sute horiek burdinetan garaiko aztarna magnetikoa gordetzea ahalbidetu zuten.

Horri esker, zientzialariek paleomagnetismoari buruzko datu berriak eskuratu ahal izan dituzte. Limpopo ibaiaren haranean (gaur egungo Hegoafrika, Botswana eta Zimbabweren arteko mugan) aurretik egindako ikerketak zirela eta, zientzialariek bazekiten 1225-1550 tartean magnetismoaren ahultze prozesu bat jazo zela. Orain, aurretik izandako beste aldaketa bat egiaztatu ahal izan dute, VI. eta VII. menden artean izandakoa. Datu horiek garrantzi handikoak dira: Ipar Hemisferioarekin alderatuz, Hego Hemisferioari dagokion informazio arkeomagnetikoa askoz eskasagoa da. Zehazki, informazioaren %90 iparraldean jasotakoa da.

Datuak mahai gainean jarri dituzte, gainerako ikertzaileek kontuan izan ditzaten. Alabaina, ikerketa egin duten zientzialariek hipotesi bat babestu dute: diotenez, gutxi gorabehera Afrikaren azpian dagoen estruktura batek zerikusia izan dezake anomalia magnetikoaren sorreran, eta, hortaz, Lurreko eremu magnetikoaren inbertsioan.

2. irudia: NOAA erakundearen satelite batek egindako partikula energetikoen neurketa: argi erakusten da Hego Atlantikoko Anomaliaren eragina. (Argazkia: NOAA)

Ikerketa artikuluan horrela laburbildu dute: “Datu berriek gure aurreko inferentziak berresten dituzte. Hego Atlantikoko Anomalia Afrikaren azpian dagoen nukleoan errepikatzen den fenomenoaren azken seinalea besterik ez da: fluxu kanporaketa bat, alegia. Horrek eragin nabarmena dauka eremu magnetikoaren adierazpenean”.

Ohiko mantu lumez gain, Lurraren azpian bi estruktura bitxi erraldoi daudela uste dute geologoek: bat Afrikaren azpian eta beste bat Ozeano Barearen azpian. Teknikoki, LLSVP Abiadura Sismiko Baxuko Lurralde Handi bezala ezagunak dira, eta inguruko mantuko materialak baino dentsitate handiagoa dute.

Lurreko barne estrukturarekin zerikusia duten beste ezaugarriekin gertatzen den modu berean, horiei buruz dagoen informazio eskasa modu ez zuzenen bitartez eskuratzen da (datu sismikoak erabilita, bereziki), eta, oraindik orain, estruktura horien zergatiaren inguruko eztabaida handia dago adituen artean (Arturo Apraiz geologoak eztabaidaren inguruko artikulu-sorta egin du).

Ikerketa talde honen ustez, LLSVP eremuak eta magnetismoan izaten diren gorabeherak lotzeko “gero eta ebidentzia indartsuagoak” daude: “Afrikaren azpian, ezohikoa den zerbait gertatzen ari da nukleoa eta mantuaren arteko mugan, eta prozesu horrek eragin garrantzitsua izan dezake eremu magnetiko globalean”, adierazi du John Tarduno geofisikariak Rochesterreko Unibertsitateak (AEB) zabaldutako ohar batean.

Esku artean duten hipotesiaren arabera, dentsitate handiagoko eremu hauek eragina dute nukleoko burdinaren fluxuan, eta horrek eragiten dio eremu magnetikoaren indarrari. Arrazoinamendu horri jarraituz, Lurreko eremu magnetikoan izaten diren inbertsioek Afrika azpiko LLSVP eremuan izango lukete abiapuntua.

Erreferentzia bibliografikoa

Hare, V. J. et al. (2018). New archeomagnetic directional records from Iron Age southern Africa (ca. 425–1550 CE) and implications for the South Atlantic Anomaly. Geophysical Research Letters, 45, 1361–1369. DOI: https://doi.org/10.1002/2017GL076007


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.