Bihotza da Lurraren atalik gazteena

Amaia Portugal

Liverpoolgo Unibertsitatean egin duten lan baten arabera, gure planeta duela milioi bat urte eta erdi inguru hasi zen barne nukleoa garatzen. Gainera, martxa honetan, Lurraren eremu magnetikoak bere horretan jarraitu beharko luke beste milioi bat urtez, ikertzaileok ondorioztatu dutenez.

Lehen ere hitz egin izan dugu blog honetan, Lurraren kanpo nukleoak betetzen duen funtzio babesleaz. Hiru mila kilometro baino gehiagoko sakoneran daukagun geruza hori likidoa da, nagusiki irakiten dagoen burdinaz osatua, eta gure planetaren eremu magnetikoaren eragile ere bada. Bestela esanda, kanpo nukleoari esker gaude hemen, eremu magnetikoa Lurra inguratzen duen alegiazko aterki baten modukoa baita, eta Eguzkiak jariatzen duen zaparrada elektrikoari eusteko balio du.

Bada, Lurrak badu geruza are sakonago bat, kanpo nukleoaren bihotzean dagoena, eta barne nukleoa da hori. Bost mila kilometro baino gehiago egin behar da lurrazalean behera harekin topo egiteko, eta kanpo nukleoa ez bezala, solidoa da hau, burdinazko bola gogor baten modukoa, eta Pluton baino zertxobait handiagoa. Hain zuzen ere, irakiten dagoen kanpo nukleoaren barnealdea hozten hasi zenean, solido bihurtu zen, eta hala hasi zen garatzen barne nukleoa.

Horrenbestez, esan liteke Lurraren geruzarik gazteena dela barne nukleoa, baina orain arte ez zegoen garbi noiz osatu zen, zehazki. Orain, Liverpoolgo Unibertsitatean zuzendu duten ikerketa batean adierazi dutenez, gutxienez duela milioi bat urte eta gehienez duela milioi bat urte eta erdi sortua behar du izan. Hala argudiatu dute, Nature aldizkarian plazaratutako artikulu batean.

Irudia: Lurraren geruzak. Inner core edo barne nukleoa planetaren bihotzean dagoen burdinazko bola solidoa da. (Argazkia: Kelvinsong / CC BY-SA 3.0)

Irudia: Lurraren geruzak. Inner core edo barne nukleoa planetaren bihotzean dagoen burdinazko bola solidoa da. (Argazkia: Kelvinsong / CC BY-SA 3.0)

Ondorio horretara iristeko, jatorri magmatikoa duten Aurrekanbriar garaiko arrokak ikertu dituzte; Lurra sortu zenetik duela bostehun milioi urte arteko tartea hartzen duten garaikoak, hain zuzen. Harri horien erregistroak erakusten duenez, Lurraren eremu magnetikoa oso nabarmen indartu zen duela milioi bat urte eta erdi inguru. Ikertzaileon ustez, kanpo nukleoa hozten hasi eta Lurraren bihotza lehenbizikoz solido bihurtu zen unearen adierazle litzateke indartze nabarmen hori.

Jakina da gure planeta duela lau milioi urte eta erdi osatu zela gutxi gorabehera, eta jakina zen ere barne nukleoa nahiko gaztea dela: duela bi milioi urte baino geroago eta duela 500.000 urte baino lehenago sortua. Baina ikerketa honetan, nabarmen mugatu dute haren jaiotza data, eta aldi berean, egiaztatu dute Lurrak ez zuela gaur egun duen bihotz solido hori izan bere bizitzako lehen hiru milioi urteetan.

Andy Biggin Liverpoolgo Unibertsitateko ikertzailearen eta artikulu honen egile nagusiaren arabera, “aurkikuntza honek aldatu egin dezake Lurraren barnealdeaz eta bere historiaz dugun ezagutza. Burdin solidoaren lehen agerpenaren datak eztabaida handiak eragin izan ditu, baina funtsezkoa da planetaren barne propietateak eta historia zehazteko, eta lotura handia du Lurraren eremu magnetikoaren sorrerarekin”.

Lurraren nukleoari buruzko bideoa, ingelesez

Gainera, ikerketa lan honetatik ondorioztatu dutenez, Lurraren bihotza ez da aurrez uste bezain azkar hozten ari, eta batez beste, barne nukleo solido hori milimetro bat ari da hazten urtero-urtero. Bigginek gaineratu duenez, “bildutako datuekin ondoen bat egiten duen eredu teorikoaren arabera, nukleoa inoiz baino motelago ari da beroa galtzen, eta energia fluxu honekin, Lurraren eremu magnetikoak bere horretan jarraitu beharko luke beste milioi bat urtez, gutxienez”.

Eremu magnetikoak bizitzarako duen garrantziaren erakusle, kontuan izan behar da Martek izan bazuela halakorik bere hastapenetan. Itxura guztien arabera, bostehun milioi urteren ondoren galdu egin zuen, ordea. Planeta gorriak izan lezakeen bizitza apurraren bila gabiltza orain, baina aurkituta ere, gaur egun, behintzat, alde nabarmena dago Marteren eta oraindik ere biodibertsitate handia duen Lurraren artean. Eremu magnetikoak ematen digun oskolak badu zerikusia horretan.

Erreferentzia bibliografikoa:
J. Biggin et al. Palaeomagnetic field intensity variations suggest Mesoproterozoic inner-core nucleation. Nature, 526, 245–248 (08 October 2015). doi:10.1038/nature15523

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>