Inge Lehmann (1888-1993): Lurraren bihotzerainoko bidaia kinka larrian utzi zuen sismologoa

Uxue Razkin

XIX. mendean Julio Verne idazleak Lurraren bihotzerainoko bidaia aurkeztu zigun eleberri baten bitartez. Autorearen arabera, Lurra barnetik hutsik zegoen. Hori dela eta, posiblea izan zen eleberriko protagonistentzat Lurraren bihotzeraino iristea eta espedizio hori irakurleei ezagutaraztea. Agerikoa izan zen Inge Lehmann sismologoarentzat, ordea, fantasiazko osagarri ugariz osatu zuela Vernek narrazio hori.
Sismologo daniarrak autorearen ametsa erabat zapuztu zuen garaturiko teoria bati esker. Ikerketa baten bidez, Lurraren bihotza zein zen identifikatu zuen, nukleoa bi zatitan banatuta zegoela aldarrikatuz: alde batetik, likidoz osatutako geruza bat eta bestetik, esfera solido bat. Horretaz gain, Lehmannek Lurraren nukleoan, tenperatura oso altua zela zehaztu zuen, ezinezkoa bihurtuz Verneren bidaia. Aurkikuntza esanguratsu honen muinera iritsi baino lehen, errepasa dezagun haren ibilbidea.
1. irudia: Inge Lehmann sismologoa 1932. urtean. (Argazkia: Wikicommons)

1. irudia: Inge Lehmann sismologoa 1932. urtean. (Argazkia: Wikicommons)

Inge Lehmann Kopenhagen jaio zen 1888an. Bere aita, Alfred Georg Ludvik Lehmann, psikologo esperimentala zen. Eskola pedagogiko progresista batean ikasi zuen emakume daniarrak. Bertan ez zegoen sexu bereizketarik; emakumeek zein gizonek irakasgai berdinak ikasten zituzten. Ikasle bikaina izan zen. Hanna Adlerrek, eskolako zuzendariak, eta bere aitak eragin handia izan zuten bere garapen intelektualean.

Eskola bukatu ostean, matematika ikasi zuen Kopenhageko eta Cambridgeko unibertsitateetan. Bertan bai, mundu matxistaren zipriztinak nabaritu zituen. Orduantxe konturatu zen emakumea izanagatik, oztopo gehiago izango zituela bere ibilbide zientifikoan. Oztopoak oztopo, 1920. urtean, Matematikako Gradua lortu zuen hamabi urtez ikasten egon ondoren (osasun arazo ugari zirela eta, ikasketak behin baino gehiagotan eten behar izan zituen).

Urte batzuk geroxeago, 1925ean, Niels Erik Nørlundekin lan egiten hasi zen laguntzaile geodesiko moduan. Ingeren zeregina Danimarkan eta Groenlandian sismologia-behatokiak sortzea izan zen. 1928. urtean, Sismologia departamentuko burua izendatu zuten. Alor hori gustagarri egin zitzaion eta horretara bideratu zituen indar guztiak. Hala etorri zen bere aurkikuntzarik esanguratsuena: Lehmann lehena izan zen aldarrikatzen Lurraren barne nukleoak bi zati aurkezten zituela. Halaber, uhin sismikoak neurtuz, ondorioztatu zuen barne nukleoak 2.440 km luze zuela. Ohartu zen ere bertako tenperatura oso altua zela, 2.727tik 4.727 gradura bitartean. Verne idazlearen fikziozko bidaia deuseztatu zuen horrela.

Lurraren bihotzaren misterioa

Daniarraren aurkikuntzak aldaketa nabaria ekarri zuen geofisika eta sismologia alorretan; une horretara arte, zientifikoek pentsatzen baitzuten Lurraren nukleoa erabat likidoa zela. Hala ere, sismogrametan lurrikarak interpretatzen hasi ziren heinean, Lurraren bihotzean zerbait arraroa gertatzen ari zela susmatu zuten zientzialariek. Ildo hori berari heldu zion Lehmannek. Hala, 1936an, konturatu zen bi atalez osatuta zegoela Lurraren nukleoa. Aurkikuntza honen giltza, Zeelanda Berrian jazotako lurrikara izan zen. Bertan ikusi baitzuen geruza batek ez zuela soilik Lurraren nukleoa osatzen, baizik eta bazeudela atal likido bat, atal solido bat eta espazio bat non bi geruza horien nukleoek elkarri eragiten zioten.

2. irudia: Inge Lehmann sismologo daniar aitzindaria 1993. urtean zendu zen, 104 urte zituenean.

2. irudia: Inge Lehmann sismologo daniar aitzindaria 1993. urtean zendu zen, 104 urte zituenean.

Bi geruza horien arteko desberdintasuna mugimendu sismikoen bidez ikusi zuen. P uhinek (uhin primarioak erregistro sismologikoan) zati solido hori zeharkatzen zuten bakoitzean, horien abiadura desberdina zela ohartu zen. Hau da, likidoaren eta solidoaren arteko muga igarotzean desbideratu egiten zirela eta abiadura aldatzen zutela (azeleratzen dira) konturatu zen (bat-batean 5.150 km-tara igotzen zen uhin horien abiadura). Hortaz, likidoaren eta solidoaren arteko haustura edo etenune horretan (nukleoaren bi atalak banandu egiten dituena) aldaketa sortzen zela behatu zuen. Nukleoan, atal solido baten existentzia frogatu zuen ebidentzia izan zen hori.

Aurkikuntza Lehmann etenunea bezala izendatu zuten, emakume daniarraren omenez. 1971an Geofisikako Amerikar Batasunaren Bowie domina lortu zuen, alor horretan egindako ikerketei esker. Sari hori jaso zuen lehenengo emakumea izan zen. Azkenik, 1997an, Amerikako Sismologiaren Elkarteak bere ohorez Lehmann Domina ezarri zuen. Sari horrek Lurraren egitura, konposizioa eta dinamika ulertzen laguntzen duen ikerketa garrantzitsuak saritzeko balio du.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Cuando la ciencia es Zientzia #9 | Cuando la ciencia es Zientzia | Cuaderno de Cultura Cie...

[…] una parte sólida y otra líquida que interactúan entre sí. La periodista Uxue Razkin nos cuenta cómo llegó a esa conclusión y cómo la dio a conocer. Y la también periodista, Amaia Portugal, nos cuenta que la Universidad de Liverpool ha estudiado […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>