Babesten gaituen oskola ezagutu nahian

Amaia Portugal

Ez dago iparra galtzerik, atsotitzak halakorik badio ere. Bizi garen artean iparra pixka bat mugituko da beharbada, bai eta bizi ez garen artean iparra hego bihurtu ere, geroxeago azalduko dugunez. Baina ezin dugu iparra galdu, horretarako Lurrak bere eremu magnetikoa galdu beharko bailuke aurrena, eta hori gertatuz gero ez geundeke hemen. Hain zuzen, hura hobeto ezagutzeko, Europako Espazio Agentziak (ESA) Swarm izeneko hiru satelitedun misioa bidali zuen iazko azaroan, eta hasia da datu interesgarriak ematen.

1. Irudia: Lurraren kanpo nukleoa da eremu magnetikoaren eragile nagusia. Argazkia:

1. irudia: Lurraren kanpo nukleoa da eremu magnetikoaren eragile nagusia. Argazkia: ESA/ATG medialab

Eremu magnetikoak gure planeta inguratzen du, baina bere bihotzean du jatorria. Lurraren kanpo nukleoan, 2.900 eta 5.150 kilometro arteko sakoneran, nagusiki burdinaz osatutako zurrunbilo likido bat dago irakiten. Bertan dauden korronte elektrikoek gidatuta, burdinak bizikleta baten dinamoak bezala jokatzen du, eta lurraren eremu magnetikoaren eragile nagusia bihurtzen du horrek. Mantuak, lurrazalak, ozeanoek eta atmosferaren parte diren ionosferak eta magnetosferak ere igortzen dituzte seinaleak, baina zalantzarik gabe, Lurraren bihotzetik datorren burdin horrek du zeresan handiena eremu magnetikoan.

Gure aterkia da Eguzkitik datorren jarioaren aurrean. Izan ere, eguzki koroak kargadun partikulak bidaltzen ditu espaziora etengabe, eta planetek nola edo hala eusten diete zaparrada elektriko horiei. Eguzki sistemako beste planetek ere badute oskol lanak egiten dituen eremu bat inguruan, baina Lurrarena ez da nolanahikoa: daukagun atmosfera hau eman digu. Eremu magnetiko hori gabe ez legoke bizitzarik, eta bizitzarik gabe horrelakoetan pentsatzea inozoa bada ere, sateliteek ere ezingo lukete funtzionatu. Adibide gutxi batzuk aipatzearren, GPSrik, sakelako telefonorik eta eremu magnetikoari esker iparrera begiratzen duen orratzik ez genuke izango.

Eremu magnetikoa aldakorra da, Lurraren kanpo nukleoko burdinazko zurrunbiloa mugitzen ari baita etengabe. Jakina da, adibidez, iparra deitzen dugun hori ez dagoela puntu zehatz batean geldirik; mugitzen ari da pixkanaka. Izan ere, zenbait ehunka milaka urtero polaritatea hankaz gora jartzen da. Hau da, halako batean, iparrorratza hegora begira jarriko da; iraganean gertatu da eta ondo bidean etorkizunean ere gertatuko da, baina ez dirudi horrek planetaren biziraupenari eragiten dionik. Bestalde, azken hamarkadetan eremu magnetikoa asko ahuldu dela ere bada jakina, eta hori izan daiteke kezkagarriagoa.

eremu magnetikoa 2

2. irudia: Lurraren eremu magnetikoa aurtengo ekainean. Urdinez ageri dira zonalde ahulenak, eta gorriz, sendoenak. Argazkia: ESA/DTU Space

Hori guztia ikertzeko asmoz abiarazi zuen Swarm misioa ESAk. Bertako parte diren hiru sateliteetatik bik elkarren ondoan egiten dute lan, altuera berean: 460 kilometroko garaieran hasi ziren, baina 300 kilometrora ere jaitsiko dira misioak iraun bitartean. Hirugarren satelitea gorago dago, 530 kilometrora, eta bere inklinazioa zertxobait desberdina da, bere bi lankideenarekin alderatuta. Besteak beste, inoizko magnetometrorik zehatzenak daramatzate hiru gailuok, bai eta ionosferaren 3D irudiak ateratzeko punta-puntako tresneria ere. Misioak Lurraren eremu magnetikoaren eta bere bilakaeraren mapa zehatza osatzea du helburu, eta guztira lau urte egingo ditu orbitan.

Urte erdi pasatxo besterik ez da igaro misioari ekin ziotenetik, baina Swarm hasia da datu adierazgarriak ematen, eta hain zuzen ere horien berri eman zuen ESAk joan den ekainaren 19an, Kopenhagen egindako biltzar batean.

Datuok eremu magnetikoaren aldakortasun handia berretsi dute, sei hilabeteko denbora tarte txiki hori aski izan baita bilakaera ikusteko. Bildutako datuekin osatutako mapak erakusten duenez, eremua nabarmen ahuldu da Amerika osoaren gainean iazko abenduaz geroztik, baina ikertzaileek aurreikusi gabeko gauza bat ere gertatu da: Indiako Ozeanoan, Madagaskar eta Antarktika artean, sendotu egin da.

3. Irudia: Eremu magnetikoaren sei hilabeteko bilakaera irudikatzen duen mapa. Urdinez, denbora tarte horretan ahuldu diren zonaldeak, eta gorriz, sendotu direnak. Argazkia:

3. irudia: Eremu magnetikoaren sei hilabeteko bilakaera irudikatzen duen mapa. Urdinez, denbora tarte horretan ahuldu diren zonaldeak, eta gorriz, sendotu direnak. Argazkia: ESA/DTU Space

Nils Olsen misioaren lehen faseko arduradunak eta Danimarkako Unibertsitate Teknikoko Espazioaren Institutuko ikertzaileak biltzarrean azaldu zuenez, Hego Amerikaren gainean izaten ari den ahultzea da kezkagarriena: “Ipar Amerikan eremua sendoa da, orduan, azken sei hilabeteotan pixka bat ahuldu izana ez da dramatikoa. Baina Ozeano Atlantikoaren hegoaldean, eta Hego Amerikan bereziki, eremua ahula da, eta are gehiago ahultzeak askoz ere inpaktu handiagoa dauka. Litekeena da sateliteek distortsionatuta dagoen informazio arraroa biltzea hor”. Izan ere, eguzkiak isuritako kargadun partikulek eragin handiagoa dute Lurraren oskola leunagoa den tokietan, eta sateliteei arazoak sorrarazteko aukera dago.

Aurrez aipaturiko iparrak eman du beste datu deigarria. Mugikorra izaki, jakina zen pixkanaka Siberia gaineko eremura ari zela jotzen. Hala ere, espero baino bizkorrago ari da bide hori egiten azkenaldian. “Mugitzen ari da duela ehun urtetik hona. Kontua da, abiadurari begiratuta, batez beste hamar edo hogei kilometro egin dituela aurrera urtero, baina iaz askoz ere azkarrago ibili zen: 50 edo 60 kilometro egin zituen. Are harrigarriagoa, hego hemisferioan ez da halakorik gertatu, ez da hain azkar mugitzen ari”, esan zuen Olsenek.

Hori guztia zergatik gertatzen den ez dakite oraindik, ordea. Izan ere, Lurraren eremu magnetikoaz dagoen ezagutza nahiko mugatua da. 2017aren hondarrean misioa bukatzerako, ezagutza hori dezente zabalagoa izatea espero da.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>