Harraskako uraren mugimendua eta Coriolis efektua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gizartean askok pentsatzen dute harraskako ura hemisferio bakoitzean noranzko batean mugitzen dela Coriolis efektuaren ondorioz. Egia ote da ordea efektu hau dela noranzkoaren eragile nagusia? Zer ote da gainera Coriolis efektua? Bada galdera horiei erantzuten saiatuko gara artikulu honetan.

Mugimenduan dagoen objektu bat errotatzen ari den erreferentzia puntu batetik aztertzean azaltzen da Coriolis efektua. Demagun hegazkin bat A puntutik B puntura doala. Lurrak ez balu bere ardatzaren inguruan birarik emango, hegazkinak lerro zuzen bat egingo luke puntu batetik bestera joateko. Lurra eten gabe errotatzen ari da ordea, eta beraz, desbideratu egingo litzateke eta C puntura iritsiko litzateke. Desbideraketa hori Coriolis efektuaren ondorioa da, eta beraz, hegaldietan kontutan izan behar dute efektu hau, helmugara iristeko.

1. irudia: Hegazkin batek A puntutik B puntura joateko ibilbide zuzen bat egiten badu, desbideratu eta C puntura iritsiko da, Coriolis efektua dela eta.

Fenomeno honek Gustave Gaspar Coriolis fisikari frantsesaren izena darama; izan ere, efektua aldez aurretik ezaguna bazen ere, Coriolisek 1835ean plazaratu zuen efektu hau azaltzen zuen adierazpide matematikoa.

Efektu fisiko hau garrantzitsua da distantzia luzeak edo denbora luzez mugitzen diren objektuetan: naturan haizeen mugimenduan edota ozeanoetako ur-korronteetan eragina dauka, airea edo ura eskala handietan mugitzen direlako. Haizearen kasuan, airea presio altuko eremu batetik presio baxuko eremu batera mugitzen da, baina aire-fluxu horrek ez du lerro zuzen bat egiten. Izan ere alde batetik lurra mugitzen ari da bere baitan eta bestetik biratze-abiadura ez da berdina poloetan edo ekuatorean; ekuatorean errotazio abiadura handiagoa da. Ipar hemisferioan antizikloietan haizea erlojuaren noranzkoan mugitzen da Coriolis efektuaren ondorioz, eta zikloietan berriz, erlojuaren aurkako noranzkoan. Hego hemisferioan haizearen mugimendua aurkako noranzkoan gertatzen da. Coriolis efektua mugitzen ari den objektuaren abiaduraren menpekoa da eta mugimendu hori gertatzen den latitudearen araberakoa; izan ere ekuatorean ez dago desbideraketarik.

Ozeanoetako korronteetan ere eragina dauka efektu honek. Ur korronteak sortzen dituzten faktoreen artean haizea, Coriolis efektua eta gatz kontzentrazio desberdinen ondorioz sortzen den dentsitate gradientea daude. Coriolis efektua eta presio altuko eremu baten inguruan gertatzen den fluxuaren ondorioz, ipar hemisferioan ur korronteak erlojuen noranzkoan biratzen dira, eta hego hemisferioan berriz erlojuaren zentzuaren aurka.

Ikusi dugunez, Coriolis efektuak eragina dauka aire eta ur-masa handien mugimenduan, baina harraskako uraren biraketaren noranzkoan eragiten ote du?

2. irudia: Coriolis efektuak ez du hustubideen noranzkoa zehazten.

Lehenik eta behin kontutan izan behar da urak harraskan egiten duen distantzia oso txikia dela, eta beraz Coriolis efektua oso txikia da bertan gertatzen diren beste efektuekin alderatuz.

Esaterako, uraren hondar-mugimendua ere oso efektu garrantzitsua da. Harraska betetzerakoan urak mugimendu jakin bat izango du eta denbora luzez itxaron beharko da ur horren mugimendua ia guztiz desagertu arte.

Horretaz gain, tapoia kentze hutsak, harraskaren inguruan gerta daitezkeen aire korronteak, tenperatura desberdintasunak edo harraska simetrikoa izateak edo ez uraren mugimendu txikiak eragin ditzake.

Beraz, etxeko harraska batean zaila da Coriolis efektuaren ondoriozko fluxua ikustea, gainontzeko efektuak indar hau baino handiagoak direlako, eta ondorioz horiek izango direlako uraren fluxuaren noranzkoaren eragile nagusi.

Laborategietan ordea, oso baldintza berezietan egin izan dira esperimentuak. Esaterako, 60ko hamarkadan Ascher Shapiro ikertzaileak horrelako esperimentu baten berri azaltzen zuen Nature aldizkarian. Esperimentua egiteko, tanke handi bat eraiki zuten eta urez bete zuten; hor, uraren mugimendua erlojuaren noranzkoan gertatzen zen. Ondoren 24 ordu itxaron zuten uraren hondar-mugimendua desager zedin. Tapoia kenduta, ikusi zuten ura erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan mugitzen zela; honek esan nahi zuen hasierako ur mugimendua guztiz desagertua zela, eta fluxuaren noranzkoa Coriolisen efektuaren ondorioz gertatzen zela.

Laburbilduz, baldintza arruntetan, hau da, gure etxeko harraskan Coriolis efektuak ez du erabakitzen uraren mugimenduaren noranzkoa. Izan ere, gainontzeko efektuak askoz ere sendoagoak dira.

Erreferentzia bibliografikoak

.- Petersen, James F., Sack, Dorothy., Gabler, Robert E (2011). Fundamentals of physical geography. Boston: Cengage Learning.

.- Shapiro, Ascher H. Bath-Tub vortex, Nature (1962), 196, 1080-1081. DOI:10.1038/1961080b0

Iturriak


Egileez: Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak dira Polymat Institutuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.