Zitosoleko lipido-tanten sorrera eta erabilera

Argitalpenak · Dibulgazioa

Zitosoleko lipido-tantak (lipido-gorputz edo adiposoma ere deituak) ia zelula guztietan agertzen diren egitura azpizelularrak dira.

Irudia: Beti horrela izan ez bada ere, gaur egun, lipido-tantak benetako organulutzat hartzen dira.

Klasikoki lipido-biltegi inerteak kontsideratu dira, azterketa klasikoak lipidoen metaketan espezializatutako ehunetan (hala nola ehun adiposoan) egin izan baitira, eta horregatik lipidoen metaketarako eta mobilizaziorako barrunbe zelulartzat hartu dira betidanik. Gaur egun, lipido-tanten konplexutasunagatik eta metabolismoan eta beste fenomeno zelularretan duten partaidetzagatik, benetako organulutzat hartzen dira.

Lipido-tanten egituran bi eremu bereiz daitezke: gune anhidroa eta gainazal anfipatikoa. Gunean triazilglizerolak eta kolesteril esterrak bezalako lipido neutroak eta hidrofobikoak dira nagusi. Azala mintzetako lipidozko geruza bakun batez eta horri loturiko proteinez osatuta dago. Proteina horien kopurua eta konposaketa oso aldakorra da ehun motaren eta egoera fisiologikoaren arabera.

Lipido-tantak erretikulu endoplasmatikoan sortzen dira. Bertan daude kokatuta lipido neutroak sintetizatzen dituzten entzima nagusiak: diazilglizerol aziltransferasa (triazilglizerolen biosintesiko azken urratsa katalizatzen duena) eta azil-A koentzima:kolesterol aziltransferasa (kolesteril esterren ekoizlea). Entzima horien produktuak bigeruzaren erdiko aldean (gune anhidroan) metatzen dira konkor bat sortuz. Sortzen ari den lipido-tanta zitosolerantz kimatu behar da; prozesu horretan proteina laguntzaileek hartzen dute parte, erretikulu endoplasmatikoaren hemimintz zitosolikoaren okerdura egokia (konbexutasuna) bermatuz.

Erretikulu endoplasmatikotik askatu ondoren, beren bizitzan zehar hazkuntza, lipidoen eta proteinen transferentzia, fusio prozesuak, beste organuluekin elkarrekintza espezifikoak, eta abar erakusten dituzte. Gaur egungo lipido-tanten biologiaren inguruko ikerkuntza garrantzitsu asko organulu horren proteinen konposaketari eta horien trafikoari buruzkoak dira.

Lipido-tantetako proteina ezagunenen artean perilipinak (PLIN) ditugu, 5 kidek osatzen duten familia. PLIN1 eta PLIN2 konstitutiboak dira, beti agertzen dira lipido-tantei lotuta; PLIN3, 4 eta 5 aldiz fakultatiboak dira, zelularen egoeraren arabera zitosolaren eta lipido-tanten artean lekualdatzen dira. Perilipinek lipido-tantetan gordetako lipidoen hidrolisia erregulatzen dute, azilglizerol lipasa ezberdinen jardueraren gain eraginez. Horretaz gain lipido-tanten sormenean hartzen dute parte, eta baita lipido-tanten arteko lipido-transferentzian ere.

Lipido-tantek gordetzen dituzten lipidoak erregai zein beste molekula batzuen aitzindari gisa erabiliak izan daitezen, lipolisi eta lipofagia prozesuen bidez modu erregulatuan askatzen dituzte. Erregaien hornikuntzaz eta horien erabilpenaren erregulazioaz gain, beste funtzio asko betetzen dituztela frogatu da.

Lipido-tanten proteomaren analisi ugari egin dira organismo eta zelula mota ezberdinetan. Analisi horiek aurkitu dute, lipidoen kudeaketarako beharrezkoak diren proteinez gain, oso prozesu ezberdinetan parte hartzen duten proteinak ere dituztela, hala nola zitosolekoak, nukleokoak, erretikulu endoplasmatikokoak edo mitokondriokoak. Gaizki tolestutako proteinen behin-behineko biltegi izan daitezke, gene adierazpenaren modulazioan eta proteinen degradazio prozesuetan parte hartzen dute eta ziklo zelularrean histonen biltegi modura joka dezaket. Lipido-tantek prozesu patologikoetan ere hartzen dute parte; besteak beste, birus batzuen erreplikazioan ezinbestekoak dira, birusaren osagaien mihiztaduran lagunduz. Hori da, adibidez, C hepatitisaren birusaren kasua.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Zitosoleko lipido-tanten sorrera eta erabilera.
  • Laburpena: Lipido-tantak klasikoki lipido-biltegi inertetzat hartu badira ere, gaur egun benetako organulutzat hartzen dira, beren konplexutasunagatik eta metabolismoan eta zelulen beste fenomenoetan dituzten zereginengatik. Erretikulu endoplasmatikoan sortu eta bertatik askatu ondoren, beren bizitzan zehar hazi egiten dira, lipidoen eta proteinen transferentzia egiten dute, fusio prozesuetan hartzen dute parte eta elkarrekintza espezifikoak izaten dituzte beste organuluekin. Gordetzen dituzten lipidoak erregai zein beste molekula batzuen aitzindari gisa erabiltzen dira, eta horretarako lipolisi eta lipofagia prozesuen bidez askatzen dituzte modu erregulatuan. Lan honetan laburki aztertzen dira prozesu horiek eta lipido-tantek betetzen dituzten funtzio ezkanonikoak.
  • Egileak: Hiart Navarro-Imaz, Lino Arisqueta, Yuri Rueda, Olatz Fresnedo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 33-43
  • DOI: 10.1387/ekaia.16388

Egileez: Hiart Navarro-Imaz, Yuri Rueda eta Olatz Fresnedo UPV/EHUko Fisiologia Sailekoak dira eta Lino Arisqueta Universidad Inernacional del Ecuadoreko Escuela de Medicinakoa.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.