XXI. mendeko arkitekturan berrikuntza handiena ekarri zuen materiala da hormigoi armatua. Egurrak, harriak eta altzairuak ez zituzten propietateak eskaintzen zituen eta honek arkitektura egiteko modu berriak ekarri zituen.
Berez hormigoi armatua bezalako material artifizial baten kalitateak garaiz garai duen bilakaerak ez luke atzerakadarik izan behar. Garapen teknologikoak eta erabileraren jarraipenak bermatu beharko lukete kalitatearen hobekuntza, baldin eta egia balitz teknologiak eta zientziak, bide beretik, norabide berean eta abiadura berarekin egiten dutela beti aurrera. Alabaina, gertaera sozioekonomiko eta politikoek baldintzatu dezakete bilakaera hori, material baten teknologiaren eta ezaugarrien eboluzioa linealki irakurtzea ezinezko bihurtuz. Horren adibide garbia da Espainian hormigoi armatuak izan duen bilakaera. Euskal Herrian aspaldian eraikitako hainbat egitura historikoetan eskuraturiko datuak elkarren parean jarri dira eta kronologikoki aztertu dira garapen hau aztertzeko. Azterketa honi esker argi ikus daiteke hormigoiaren kalitatea aldakorra izan zela aldien arabera. Gainera, hormigoi armatuz Euskal Herrian XX. mende osoan eraikitako egitura batzuetan egindako saiakuntzen emaitzek frogatzen dute XX. mendeko 50. hamarkadaren inguruan erabili ziren hormigoiek akats nabarmenak zituztela, eta atzerapauso nabarmena ekarri zutela, aurreko hormigoiekiko.
Lehenbiziko hormigoi armatuek (1901-1939) konpresio-erresistentzia gero eta handiagoa izateko joera zuten. Izan ere, patenteen eskutik ez ezik, obrako prozedura zorrotz zaintzera zetozen teknikarien begipean egindakoak ziren. Erosiriko sistema bat zen, ardura teknologiko eta zibilarekin.
Gerraosteko murriztapenen aldian aldiz (1939-1960), hormigoiaren kalitateak oso behera egin zuen, erresistentziaren ikuspegitik ez ezik, baita homogeneotasunari, trinkotasunari eta hondamen-koadroei zegokienez ere. Honetan eragin nabarmena izan zuen legez ezarritako materialen murriztapenak sortu zuen merkatu beltzak.
Behin murriztapenen aldia igaro eta gero eraikuntzako materialen merkatu beltza indarra galduz joan zen, oinarrizko materialen eskaintza handitu eta eskuartze-organismoen eskumenak gutxitu ahala. EH-73 araudia indarrean jarri ostean, konpresio-erresistentzia horren balioa gorantz egiten hasi zen, eta 70eko hamarkadaren erdira iristerako, berreskuratuak zituen hormigoiak gerra aurretik erakutsitako erresistentzia-balioak. Ordutik aurrera, gero eta kontrol zorrotzagoak materialaren kalitate kontrastatua eta gaur arteko hobekuntza etengabea bermatu zituen.
Baina nolanahi ere, bai hastapeneko sistematan eta patenteetan, nola gerraostean eta baita 70eko hastapen urteetan ere, erresistentzia bereizgarrien arteko aldeak, garai bereko eta inguru geografiko beretsuko hormigoietan ere, handiak ziren, gorabeheratsuak. Izan ere, materialaren kalitatea kontrolatzen hasi zen garaia iritsi arte, ez zen hormigoiaren kalitatearen hobekuntza egonkortzen hasiko, ez eta erresistentziari buruzko datuak, antzekoak izaten hasiko; hala erakusten dute kontsultaturiko saiakuntza-datuek: EH-73 Araudia indarrean jarri zenez geroztik, konpresio-erresistentzia guztiz egonkortu zela.
Hortaz, emaitza horiek frogatzen dute ezinezkoa dela materialaren bilakaera linealki irakurtzea eta paradoxa honetara iristen gara: duela 100 urteko hormigoi baten erresistentzia eta gaur egun duen egoera izan daitezkeela duela 60 urteko hormigoi batenak baino askoz hobeak.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 32
- Artikuluaren izena: Hormigoi armatuaren eboluzioa linealki irakurtzeko ezintasuna. Espainiaren kasua (1896-1973)
- Laburpena: Material artifizial baten kalitateak garaiz garai duen bilakaerak ez luke atzerakadarik izan behar. Garapen teknologikoak eta erabileraren jarraipenak bermatu beharko lukete kalitatearen hobekuntza, baldin eta egia balitz teknologiak eta zientziak, bide beretik, norabide berean eta abiadura berarekin egiten dutela beti aurrera. Alabaina, gertaera sozioekonomiko eta politikoek baldintzatu dezakete bilakaera hori, material baten teknologiaren eta ezaugarrien eboluzioa linealki irakurtzea ezinezko bihurtuz. Horren adibide garbia da Espainian hormigoi armatuak izan duen bilakaera. Artikulu honek hori azaltzea du helburu, Euskal Herrian aspaldian eraikitako hainbat egitura historikotan eskuraturiko datuak elkarren parean jarriz eta kronologikoki aztertuz.
- Egileak: Maialen Sagarna, Lauren Etxepare, Iñigo Lizundia, Eneko Jokin Uranga.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 167-178
- DOI: 10.1387/ekaia.17746
Egileez
- Maialen Sagarna, Lauren Etxepare eta Iñigo Lizundia arkitekturan doktore dira eta Eneko Jokin Uranga arkitektoa. Denak dira irakasle UPV/EHUn, Donostian.