Eraikuntza lanak erraztuko dituen materiala

Argitalpenak · Dibulgazioa

Eraikuntzaren alorrean, aurreiritzi ugari azaleratzen dira sarri gizarte, ekonomia eta ingurumenean duen eraginaren ondorioz. Hala ere ezin uka liteke, gizarteak jardun ezberdinak aurrera eramateko beharrezko dituen espazio kontrolatu eta babestuak, ezinezkoak liratekeela hura barik. Hormigoia bezalako eraikuntza materialen inguruko ikerketari dagokionez, hainbat dira iraunkortasun eta kostu eraginkortasunari loturiko ildoak. Alabaina, hari atxikitako ikuspegi mediatiko negatiboa gailendu egiten zaie.

Irudia: Azalera handiko elementu lauak dira altzairu-zuntzez indarturiko hormigoiarentzat egokienak, zuztzen bidez lor daitekeen esfortzu-birbanaketaz erarik eraginkorrenean baliatzeko.
Irudia: Azalera handiko elementu lauak dira altzairu-zuntzez indarturiko hormigoiarentzat egokienak, zuntzen bidez lor daitekeen esfortzu-birbanaketaz erarik eraginkorrenean baliatzeko.

K.A. VIII milurtekoaz geroztik, hainbat dira eraikuntza materialak indartzeko zuntzak erabiltzeko joera. Anatoliako Çatal Höyük hiri zaharrean buztina lasto eta belar onduarekin nahasten zen gisara, A. Bernardek altzairu ezpalak erabili zituen, 1874an erregistratutako patentearen arabera, alde batetik hormigoia indartu eta beste aldetik hondakin industrialak berrerabiltzeko asmoz. Nabarmentzekoa da, hormigoi armatuaren aitzindaritzat hartzen diren Jean-Louis Lambot (1856) eta Joseph Monieren (1867) patenteen garaikidea izan zela. Azken hauek ez bezala, altzairu zuntzez indarturiko hormigoiak, matrize hauskorra indartzeko ausaz kokatzen diren milaka zuntz labur baliatzen ditu, gaur egun ohikoagoak diren barren ordez. 1962an James Romualdik gidaturiko saiakuntzek beharrezko bultzada eman eta puri-purian jarri dituzte altzairu zuntzez indarturiko hormigoiaren ikerketak.

Laborategiko mailan egindako saiakuntzek aski ondo frogatu dute materialaren egokitasun mekaniko eta erresistentea. Aldiz, ikusteke dago eskala txikiko mugalde-baldintzak aldatuz gero, zelan berma litekeen egituraren segurtasuna. Hori dela eta, hormigoiaren baitan zuntz horiek hartzen duten kokapen eta orientazioa zehaztea lehentasunezkoa da. Ikerketa ildo ugarik buru-belarri dihardute kalitate kontrol teknika berriak aztertzen. Horietako askok, materialen propietate elektriko eta magnetikoak hartzen dituzte oinarri, saiakuntza ez-suntsikorrak garatuz, adibidez: korronte alternoko inpedantzia-espektroskopia (AC-IS ingelesez), erresistibitate elektrikoa, transmisio lerro ardazkidea zirkuitu irekian, uhin-gidari antenak eta metodo magnetikoak. Argi dago, teknika hauek eraginkorragoak direla zuntzak material ferromagnetikoz, altzairuz, osatzen badira.

Hormigoia era berritzailean indartzeko erabiltzen diren beste material naturalen kasuan, egur-zelulosa edo koko-zuntza kasu, ordenagailu bidezko tomografia axialak erabil litezke, elementu edo laginaren barreneko zuntz, poro edo edozelako beste gorputzak zehaztasun oso agertzen dituztelarik. Hala ere, teknika honen kostua altua da eta ezinezkoa suertatu ohi da tamaina handiko egitura elementuetan erabiltzea. Gaurkotasun handikoak diren jasangarritasun alderdiak sustatu egiten dira saiakuntza ez-suntsikor hauen erabileraz. Teknika berri hauek gauzatzea arin eta sinplea denez, interesgarria litzateke neurketa ekipoak garatu, gailu mugikor bati atxiki eta etengabeko neurketen erregistroa biltzea egituraren indartze-mapa osatuz.

Hurbilean badira hainbat adibide material hau erabiltzen dutenak, esate baterako, Bilbao Exhibition Centreko pabiloien lauzak, Bermeoko portua, Metro Bilbaoren tunel tarte baten sostengua eta LKS Ingeniaritza enpresaren egoitza nagusia. Azken hau da guztietan adierazgarriena. 660 metro karratuko forjatuak 300 mm-ko lodiera duten lauzez eraiki dira eta, zuzenean eta inolako haberik gabe, 8 x 7,8 metrora irits daitekeen zutabe sarearen gainean bermatzen direlarik. Era honetan, nabarmenki murriztu dira muntaia eta eraikitze lan eta kostuak.

Etorkizunera begira, zuntz horien kokapen eta orientazioa detektatzeaz gain, datu horiek aurreikusteko egoeran izango gara, batik bat, ordenagailu bidezko jariakinen dinamikaz baliatuz. Horrez gain, pitzadurak berez sendatzeko gai diren hormigoiak garatze bidean dira, materialaren iraunkortasuna handituz.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
  • Artikuluaren izena: Altzairu-zuntzez indarturiko hormigoia: Eraikuntza lanak erraztuko dituen etorkizun oparoko materiala.
  • Laburpena: Altzairu-zuntzez indarturiko hormigoia, AZIH (ingelesez SFRC), arrunki ezagutzen dugun hormigoi armatuaren anaia txiki eta ezezaguntzat har genezake. Hala ere, bere ibilbidea anaia zaharrenaren eskutik egin du teknologia hauen garapenean zehar, eta orain etorkizun oparoa aurreikusten zaio. Aldi berean, azken bolada honetan garatzen dabiltzan hainbat azterketa teknika ez-suntsikorrek, kalitate kontrol erraz eta zehatza egitea ahalbidetzen dute. Hori baita AZIHak duen desabantailetako bat, hau da, behin hormigoia gogortuta, ez da hain erraza zuntzek hormigoi matrizearen baitan hartzen duten orientazioa ikusten. Hala ere, materialak merkatuan harrera ona izan dezan, ezinbestekoa da laborategiko maila gainditu eta eskala errealeko egitura-osagaien ikerketa bultzatzea.
  • Egileak: Aimar Orbe
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 137-144
  • DOI: 10.1387/ekaia.14494

Egileaz: Aimar Orbe Bilboko Goi Ingeniaritza Eskolako irakaslea da eta Eraikuntza Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzailea.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia_ale_berezia_2016

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.