Earthshipak, material naturalez eraikitako etxebizitzak

Enara Zarrabeitia eta Izaskun Alvarez

Orain dela gutxira arte, gure inguruko etxebizitzak ingurunea errespetatuz eraikitzen ziren. Euskal baserriak, oro har, eraikitzen ziren eguzkiaren orientazioa, aire-korronteak, eta beroa sortu edo mantentzeko distribuzioa kontuan izanda; eta, zer esanik ez, lekuan lekuko materialez baliatuz. Baina hori guztia alde batera utzi, eta eraikuntzak beste norabide bat hartu zuen. Azken urteotan, etxebizitzak eraikitzeko orduan kontuan izan beharreko parametroak zeharo desberdinak izan dira. Jasangarritasun-irizpideetatik oso urrun dago egungo eraikuntza EAEn, baina horrek ez du esan nahi etorkizuneko testuinguruak berdina izaten jarraitu behar duenik.

Gaur egun praktikan dagoen eraikuntza-ereduak eraldaketa bat bizi behar duela esateak ez digu ekarpen berririk egiten, jakina baita, ez duela jendearen eta ingurumenaren oreka bilatzen. Gure ingurua etengabe urratzen duen eraikuntza-ereduak muga jo du edo joko du. Testuinguru horretan kokatzen dira, hain zuzen, bioeraikuntza eta earthshipak.

Irudia: .... (Argazkia: Texas Tiny Homes)

Irudia: Earthshipak material birziklatuaz egindako etxebizitza ekologiko eta autonomo eta pasiboak dira. Ez dira hornidura-sareetara konektatzen modu pasiboan berotzen eta hozten baitira. Izan ere beharrezkoa duten elektrizitatea sortzen dute eta ura ere batzen dute. (Argazkia: Texas Tiny Homes)

Azken urteotan, bioeraikuntzaren oinarriak aplikatuz hainbat motatako etxebizitzak eraiki badira ere (egurrezko etxebizitzak, lastozkoak, lurrezkoak eta abar), horien artean esan daiteke earthshipak izan direla eraikuntza konbentzionalaren eredua guztiz eraldatu dutenak.

Pasa den mendeko hirurogeiko hamarkadaren bukaeran, Cincinnatiko Unibertsitatean arkitektura-ikasketak bukatu bezain laster, teknokrazia industrialaren disidentetzat har daitekeen Michael Reynoldsek (1945) arkitektura konbentzionala alde batera utzi eta Taoseko konderrira joan zen (Mexiko Berria), ingurumenarekiko errespetagarriagoa den arkitekturan lan egiteko. Eraikuntza araurik gabeko lurralde modura ezagutzen zen Taos. Bertan, Earthship Biotecture izeneko konpainia sortu zuen, eta material birziklatu eta diseinu berriekin esperimentatuz, gaur egun mundu osoan zehar zabaldurik dauden eartship eraikin autonomoen kontzeptua garatzen hasi zen.

Earthshipak material birziklatuez eta, neurri handi batean, material naturalez eraikitako etxebizitza ekologiko eta autonomoak dira. Material birziklatuak (pneumatikoak, aluminiozko freskagarri-latak eta kristalezko edo plastikozko botilak) eta material naturalak (lurra) dira earthshipak eraikitzeko funtsezko materialak. Bestalde, earthshipak ez dira hornidura-sareetara konektatzen. Izan ere, modu pasiboan berotzen eta hozten dira; behar duten elektrizitatea sortzen dute eta behar duten ura batzen dute; hondakin-urak tratatzen dituzte eta janaria ekoizten dute ere.

Lehenengo earthshipa Taosen orain dela berrogei bat urte eraiki zen arren, eta gaur egun mundu osoan zehar 3.000 baino gehiago dauden arren, EAEn guztiz ezezaguna da eraikuntza mota hori. Ordea, earthship kontzeptua zabaltzeko eta garatzeko asmoz, 2014ko urtarrilean Earthship Euskal Herria taldea sortu zen. Taoseko Earthship Biotecture Academy izeneko akademian trebatu ondoren, egun, Earthship Euskal Herriko kideek eraikin horien inguruko informazio eta aholkularitza eskaintzeaz gain, earthship bat eraikitzeko beharrezko urrats guztietan zerbitzua eskaintzen dute: proiektu-fasean, gauzatze-fasean eta mantenu-fasean.

Tokian tokiko berezitasunak kontuan izanda, EAE lurralde egokia da horrelako eraikuntzak egiteko. Klimatologia aldetik lurralde egokia da, eta eraikuntza-metodo modura autoeraikuntza aukeratuz gero, etxebizitza konbentzional bat egitea baino merkeagoa izango litzateke. Legediari dagokionez, ordea, aztertutakoaren arabera arazorik egon behar ez lukeen arren, EAEn earthshipetan aurrekaririk eta tradiziorik ez izatea oztopo bihur daiteke eraikuntza horiek legeztatzeko orduan.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 28
  • Artikuluaren izena: Earthshipak: Bideragarriak al dira hornidura-sarearekiko konexiorik behar ez duten etxebizitza ekologikoak Euskal Autonomia Erkidegoan?
  • Laburpena: Earthshipek eraikuntza konbentzionalaren eredua erabat eraldatu dute. Azken urteotan, hain zuzen, bioeraikuntzaren oinarriak aplikatuz hainbat etxebizitza mota eraiki dira, baina haien artean earthshipak izan dira etxebizitza konbentzionalekiko haustura nabarmenena ekarri dutenak. Hala, gaur egun praktikan dagoen eraikuntza-ereduak eraldaketa bat igaro behar duela esateak ez digu ekarpen berririk egiten, jakina baita, eredu horrek ez duela helburu gisa jendartearen eta ingurumenaren oreka. Gure ingurua etengabe urratzen duen eraikuntza-ereduak muga jo du edo joko du. Kontu horri erreparatzen dio, hain zuzen, earthship filosofiak: inguruaren eta gizakien arteko oreka erabatekoa helburu modura duen eraikuntza-eredua. Lehenengo earthshipa Taosen (Mexiko Berrian) eraiki zen orain dela berrogei bat urte, eta gaur egun, mundu osoan zehar 3.000 baino gehiago daude, baina Euskal Autonomia Erkidegoan guztiz ezezaguna da eraikuntza mota hori. Horregatik, ikerlan honetan aztertuko da earthshipak zer diren, berauen oinarriak zein diren, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere bideragarriak ote diren.
  • Egileak: Enara Zarrabeitia Bilbao eta Izaskun Alvarez Meaza.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-25
  • DOI: 10.1387/ekaia.13182

—————————————————–
Egileez: Enara Zarrabeitia eta Izaskun Alvarez UPV/EHUko Bilboko Goi Ingeniaritza Eskola Teknikoko Enpresen Antolakuntza Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia 28

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>