Asteon zientzia begi-bistan #126

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

eagle-1753002_1280

Kimika

Sagardo naturalari heldu dio Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Hasieratik argitzen digu kontua esaldi batekin: sagardoa ez da naturala. Halere, sagardo botila guztietan naturala dela jartzen du. Orduan, zer? Lopez-Gazpiok ederto batean azaltzen digu ‘natural’ hori 1979ko abuztuaren 28ko Estatuko Aldizkari Ofizialean agindutakoa betetzen duen sagardoa delako. Aginduaren 4. artikuluan definitzen da: praktika tradizionalak jarraituz egindako sagardoa da, gehitutako azukrerik gabekoa eta jatorri endogenoko gas karbonikoa besterik ez duena. Definizio horrek islatzen du praktika tradizionalekin egindakoa dela naturala. Hau da, praktika tradizionalak dira eta ez naturalak.

Teknologia

Panorama iluna irudikatu du Yuval Noah Harari intelektualak aurrerapen teknologiko-zientifikoen gainean. Gizakia Jainko bihurtzen ari dela dio, “literalki, ez zentzu metaforikoan: gizakiak diseinatzen eta fabrikatzen ikasten ari gara”. Bere hitzetan, XXI. mendeko ekonomiaren produktu garrantzitsuenak ziurrenik gorputza eta burmuina izango dira. Argiak gerturatu dizkigu bere hausnarketak. Azpimarragarriena, honakoa: teknologia berriez informatuago egoteko eta gure ordez erabakitzen ez uzteko gomendatzen du. Haren irudiko, “arrisku handiak daude, baina gauzak aldatzeko garaiz gaude”.

Biologia

Ipar Amerikako hego-mendebaldeko basamortuetan bizi diren kanguru-arratoiak (Dypodomys generokoak) asteetan eta hilabeteetan egon daitezke urik edan gabe. Hazi eta landare lehorrak jaten dituzte metabolismoa asetzeko behar duten energia lortzeko. Animalia txikiak dira (10-20 cm-koak, eta gehienetan 100 gramotik berakoak) eta oso aktiboak. Inguruan urik ez dagoen egoera batean, animalia hauek janaritik lortzen dute ura. Elikagaiek berez duten ur-kantitatea inguruko hezetasun-mailaren araberakoa da. Basamortuan egonda, ur galerak murriztu behar dituzte orduan. Eta hori nola lortzen dute? Batetik, horretara zuzendutako bizimodua dute: gauez ateratzen dira bakarrik. Bestetik, azal oso iragazgaitza dute, eta, beraz, tegumentutik apenas galtzen dute urik.

Biologiari jarraiki, flatulentzien inguruko artikulua dugu hau. Datu ugari ematen dizkigute. Adibidez, Magendie fisiologo ospe handikoak aztertu zituen gizon osasuntsuen heste-gasak XIX. mendearen hasieran. Oxigenoa eta karbono dioxidoa aurkitu zituen, eta metanoa ere egon litekeela susmatu zuen. Egungo ikerkuntzek berretsi egin dituzte aurkikuntza hori. Horretaz gain, gasak hiru prozesutan sortzen direla azaltzen da. Neurri batean, jatean barneratzen dira gorputzera. Beste parte bat urdailean sortzen da digestio azidoaren ondorio modura. Azkenik, hesteetako bakterioek hidrogenoa, metanoa eta sufredun produktuak ekoizten dituzte, iristen zaizkien elikagaien digestioaren ondorioz.

Ingurumena

Europak 47,8 milioi tona plastiko eskatu zuen 2014an, eta tona horien % 90ek iturri berriztaezinetan zuten jatorria. Gainera, 25,8 milioi tona plastiko zaborretara bota ziren, eta horietatik % 30,8k zabortegietan bukatu zuten bizi zikloa. Hori da EBko herrialde askotan hondakinak kudeatzeko erabiltzen den plana. Baina alternatiba bat badago: ekonomia zirkularra. Azken honek baliabideak produktu bilakatzen ditu, produktuak hondakin, eta hondakinak atzera baliabide. Horrela, erabilitako baliabideen, sortutako hondakinen eta ingurumeneko isurien kopurua txikitzen da. UPV/EHUko Biomat ikertaldeak industriako hondakin eta azpiproduktuekin produktu biodegradagarriak edo konpostagarriak lortu nahi dituzte. Biomatek produktuaren hondakinak erauzteko, ekoizteko eta tratatzeko prozesuak hobetzeko lan egiten du. Besteak beste, itsas hondakinak balioztatzen ditu material berriak lortzeko.

Nazioarteko ikerketa batek zuhaitzen inbentario handiena bildu du. Ondorioztatu dutenez, basoak espezieen aldetik zenbat eta anitzagoak izan, orduan eta azkarrago eta gehiago hazten dira zuhaitzak, eta beraz, egurrari merkatuan ateratzen zaion etekina handiagoa da. Horrenbestez, ekonomiari dagokionez, ikus daiteke benetan aberasgarria dela. Datuak kontuan hartuta, 770.000 lursailetik gora aztertu dituzte eta 30 milioi zuhaitz eta 8.700 espezie baino gehiagori buruzko informazioa jaso. 44 estatutako baso ekosistema nagusi guztiak hartu dituzte kontuan. Horien artean: Siberiakoak, Patagoniakoak, Errusiako Oimyakon eskualdekoak (hotzenak), Ozeaniako Palau artxipelagokoak (beroenak).

Europan egindako ikerketa batek agerian utzi du airearen kutsaduraren eta trafikoaren zarataren eraginpean modu jarraian jartzeak hipertentsioa eragin dezakeela. Norvegia, Suedia, Danimarka, Espainia eta Alemaniako 41.000 herritarrekin egin da ikerketa, ESCAPE proiektuaren baitan. Ondorioetan azpimarragarriena honakoa izan da: Alemaniak eta Espainiak dute aireko kutsadura handiena eta Suediak eta Espainiak trafiko-zarata handiena.

Gure ingurua etengabe urratzen duen eraikuntza-ereduak muga jo du edo joko du. Testuinguru horretan kokatzen dira, hain zuzen, bioeraikuntza eta earthshipak. Nolakoak dira eraikuntza hauek, bada? Artikulu honetan topa dezakegu erantzuna: material birziklatuez eta, neurri handi batean, material naturalez eraikitako etxebizitza ekologiko eta autonomoak dira. Bestalde, earthshipak ez dira hornidura-sareetara konektatzen. Izan ere, modu pasiboan berotzen eta hozten dira; behar duten elektrizitatea sortzen dute eta behar duten ura batzen dute; hondakin-urak tratatzen dituzte eta janaria ekoizten dute ere.

Medikuntza

Ikerketa berri batek espezie barruko garunaren desberdintasunak ikertu ditu eta tolesdurak adinarekin aldatzen direla ikusi dute. Artikuluan azaltzen digutenez, zahartzearen lehenengo kanpo-adierazlea larruazala da, irmotasuna eta elastikotasuna galtzen duelako. Baina garun-azalari ere antzeko zerbait gertatzen zaio: zahartzen goazen heinean tentsioa murrizten da eta garun-azalaren tolesturan igartzen da.

Astronomia

Marten dira jada ExoMars misioa osatzen duten TGOsatelitea eta Schiaparelli izeneko lurreratze modulua. Satelitearen egoera ona bada ere, moduluarekiko komunikazioak eten ziren lurreratzearen azken segundoetan, eta ESA Europako Espazio Agentziak galdutzat eman du modulua; planetaren kontra jo eta txikitu zela onartu du. Juanma Gallegok Berrian azaltzen dizkigu maila honetako misioak dituen zailtasunak. Esaterako, Marten lurreratzeak zailtasun tekniko handiak dakartza. Planetak oso atmosfera arina duenez, ziztu bizian doan espaziontziaren abiadura azkar eta zehaztasun handiarekin geldiarazi behar da. Egoera horrek istripua izateko arriskua handitzen du. Hasiera-hasieratik, ESAk «frogatzailetzat» jo du Schiaparelli modulua. Izatez, ESAk 2020an bidali nahi duen noranahikoa han pausatzeko lehen ahalegina izan da.

Emakumeak zientzian

Aste honetan, Alessandra Giliani ezagutzeko aukera izan dugu. XIV. mendeko patologoa eta anatomista izan zen. Hilotzak prestatzen zituen Boloniako Unibertsitateko anatomia klaseetarako (Mondino de Liuzzi medikuak ematen zituen klaseak). Gorpuak prestatzen zituen disekziorako. Horretaz gain, bere ikerketak ere egin zituen arlo horretan eta horietatik metodo garrantzitsu bat garatu zuen: arterietako eta zainetako odola erauzten zuen eta odol-hodiak betetzen zituen gogortzen ziren koloreko fluidoekin; koloredun argizari likidoa erabiltzen zuen.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.