Flatulentziak, hots, puzkerrak

Eduardo Angulo

Behin norbaitek galdetu zidan
zer den puzkerra,
eta hona nik erantzun nuena:
halaxe da puzkerra
aireaz gorpuztua, haizea bihotzean
penatan dabilen arima
batzuetan putzetan, batzuetan trumoietan
ura, isurian dabilena
beti indarrez eta korrika doakiguna

Francisco de Quevedo , ‘Olerki bat puzkerrarentzat’

Euskaltzaindiaren Hiztegia: Uzkitik behingoan kanporatzen den haizea, bereziki zarata egiten duena.
Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa: Puzkerra: Uzkitik kanporatzen den gasa. Flatulentzia: 1. Med. Urdaileko nahiz hesteetako distentsioa, gas-pilaketaren ondoriozkoa. Mina eragiten zenbaitetan (horrelakoetan, haize-min ere esaten zaio).
1. irudia:

1. irudia: Flatulentzia edo puzkerra, uzkitik kanporatzen den gasa da.

Gasak ditugu gorputz barruan eta gehienetan guztiz edo neurri batean birxurgatzen ditugu digestio-hodian. Batez ere hestean ditugu gasak, digestio prozesuan sortu eta uzkitik kanporatzen direnak. Flatulentziak dira, edo gordin esanda, puzkerrak. Denok ezagutzen dugu eta denok hitz egiten dugu beraiei buruz, baina gutxi idatzi izan dute beraiei buruz zientzialariek eta zientzia-dibulgatzaileek.

Bi mota ditugu. Lehenengoko motakoak, bolumen txikikoak eta leunak dira eta kontrolpean kanporatzen dira zaratarik egin gabe . Bigarren motakoak indartsuak eta zaratatsuak dira, eta gas-bolumen asko askatzen da kontrolik gabe eta zarata handia eginda. Animalia guztiek kanporatzen dute gasa bere digestio-aparatutik eta hala egiten dute har batzuek, intsektuek eta xinaurriek ornogabeen artean, eta hegaztiek, arrainek, narrastiek eta jakina, ugaztunek, ornodunen artean.

Magendie fisiologo ospe handikoak aztertu zituen gizon osasuntsuen heste-gasak XIX. mendearen hasieran. Horretarako, zoritxarrez “material” ugari zuen garai hartan: gillotinatutako jendea. Oxigenoa eta karbono dioxidoa aurkitu zituen, eta metanoa ere egon litekeela susmatu zuen. Egungo ikerkuntzek berretsi egin dituzte Magendieren aurkikuntzak.

Gasak hiru prozesutan sortzen dira. Neurri batean, jatean barneratzen dira gorputzera. Beste parte bat urdailean sortzen da digestio azidoaren ondorio modura. Azkenik, hesteetako bakterioek hidrogenoa, metanoa eta sufredun produktuak ekoizten dituzte, iristen zaizkien elikagaien digestioaren ondorioz.

Gas hauen %75 dira bakterioek sortutakoak. Hesteetako edukia oso dentsoa da, ura birxurgatu egiten delako, eta gasak barreiatu beharrean burbuiletan biltzen dira. Janaria hestean aurrera egiten doan neurrian, gero eta dentsoago bilakatzen doa eduki hori. Burbuilak isolatuak mantentzen dira uzkira iritsi arte. Bertan, ohiko usainak eta zaratak eragiten dituzten, apurtu eta kanporatzen direnean. Janariarekin batera hartzen dugun nitrogenoaren %23a-%80a askatzen da horrela, eta oxigenoaren %0.1-%2.3a. Hala gertatzen zaio era berean bakterioen fermentazioan sortutako metanoaren %26ari, karbono dioxidoaren %29ari eta bakterioek sortutako hidrogenoaren %0.06-%47ari. Gainera, sulfuro aztarnak ere badaude tartean. Metanoa eta hidrogenoa sukoiak dira, hurrenez hurren %5etik gora eta %4tik gora.

2. irudia:

2. irudia: Flatulentziak %75 bakterioak sortutakoak dira. Gutxi gorabehera, 100.000 bilioi bakterio daude digestio-hodian. Sulfuroa duten gasek dira kirasdunak.

Izan ere, batzuek pentsatzen dute hobe genukeela flatulentziak erre eta ezabatzea. Horrela bada, hesteko edukiaren solidotzea eragiten du azken batean gasen diluitzea eta isurtzea. Digestio-hodian, nahiko gas gutxi dago (100-200 ml) eta egunero 500-1500 ml sortzen dira. Egoera arruntetan, 8-20 gas-askapen egiten dira egunero, bakoitzean 5-375 ml askatuta. Ez dago esan beharrik gehiegizko askapen kirasdunak desatseginak gertatzen direla lagunen artean, gizarte-esparru orokorretan eta bereziki lan-esparruetan.

Uste dute 100.000 bilioi bakterio daudela digestio-hodian. 500-1.000 espezietakoak dira. Besteak beste, baditugu metagenoak, Archaea taldekoak. Hauek funtsezkoak dira hestearen funtzionamenduan, baina metanoa sintetizatzen dute, beste bakterio batzuek sortutako hidrogenotik eta guk digeritzen ez ditugun karbohidratoetatik abiatuta. Metanoa ez da toxikoa baina desatsegina da hestean metatu ostean kanporatu egiten denean. Metanoak eta hidrogenoak ez dute usainik, baina esan bezala, sukoiak dira eta leher egin dezakete, bibliografian plazaratu denaren arabera.

Beste bakterio batzuen kasuan, hidrogenoak parte hartzen du sufredun konposatuen sintesian. Hauek dira kirasdunak direnak. Izan ere, bateraezinak dira bide hauek: batetik sulfurodunak kirasdunak dira, eta bestetik metanodunak, usaingabeak ditugu. Azken hauek, dena dela, bolumen handikoak izan daitezke, eta horrek ere eragozpen bat dakar. Edonola, denek eragiten dute zarata.

Kasu gehienetan, dieta hobetzeak onura ekar diezaioke kontu honi. Izan ere, dieta motaren menpe dela eta bai hestea kolonizatzen duten bakterioen menpe ari gara. Hesteko bakterioei substratua eskaintzen dioten elikagaiak saihetsi behar dira batez ere. Adibidez, neurriz hartu behar dira lekaleak eta batez ere indabak, karbohidrato asko dauzkatelako, eta hori ondo datorkielako Archaea taldekoei. Oro har, zuntz askokoak ekidin behar dira, bertan karbohidrato ugari daudelako: azak, Bruselako azak, alkatxofak bezalako barazkiak, bananak edo okaranak bezalako frutak, ogi integrala… Dieta astebetean kontrolpean izatea nahiko da hobekuntzak nabaritzeko.

Neurri batean, ulergarria da indabek duten ospe txarra: 2011n egindako ikasketa batzuetan, ikusi zen indaba pintoez elikatutako gizaki batzuen %50ak, lehenengo astearen bukaeran nabaritu zuen flatulentzien gorakada; indaba beltzek, bi aste behar izan zituzten ondorio nabariak eragiteko. Azenario egosiek ere bigarren astean azaleratu zuten bere eragin kaltegarria. Dietak zortzi aste hartu ondoren, indabak jan zituztenen %6ak baizik ez zuen eraginik sumatu.

2. irudia:

3. irudia: Dieta aldaketak lagungarriak izaten omen dira flatulentziak murrizteko.

Testu honi bukaera emateko, egokia izan daiteke kiratsei buruz eta toki itxietan gertatzen diren gas-leherketei buruz egiten ari diren ikerketak aipatzea.

Adibidez, bidaiari-hegazkin batean arazoak sor daitezke iraupen luzeko bidaietan. Bertako klimatizazioa aire-zirkuitu itxi baten bidez egiten da, beti ere airea iragazteko eta tenperatura mantentzeko. Bertan flatulentzia asko askatzekotan, metatu egingo lirateke bidaia osoan zehar. Ikerlariek hainbat estrategia proposatu dituzte. Lehenengo eta behin, zer esanik ez, flatulentziak botatzeko gogoari eutsi.

Baina hori ez da erraza, zeren eta batzuk arduragabeak dira, lotan joaten dira, eta gainera horrelako hegalaldiek flatulentzia gehiago eragiten dizkiete bidaiariei. Batzuetan irtenbiderik ez dago: pentsa ezazue pilotua izan litekeela flatulentzia gehien askatzen dituena, eta onar dezagun gogoari eutsi beharrak kontzentrazioa galaraziko diola langileari. Lehentasunak ezarri beharko dira eta horrelakoetan, hobe kiratsa pairatu eta hegazkina ondo pilotatua izatea.

NASAn ere aztertu ziren horrelakoak joan den mendeko 60. eta 70.eko hamarkadetan. Hainbat dieta erabili ziren, astronauten metano eta hidrogeno-ekoizpena geldotzeko. Gogoan izan behar da gas sukoiak eta lehergaiak direla eta espazio-ontzi haien kabinak txikiak zirela oso. Garbi zegoen astronautek ez zutela indabarik jan behar.

Bukatzeko, gogora dezagun metanoak negutegi-efektua eragiten duela eta beraz, parte hartzen bide duela klima-aldaketan. Izan ere, bera da karbono dioxidoaren atzetik eragin handiena daukana eta frogatua dago abelgorriengandik askatzen dela atmosferara metanoaren %20a. Guk ez bide dugu horretan errua, zeren… beren digestio-hodi berezia dela eta, ahotik botatzen baitute metano gehien behiek, korrokada modura.

—————————————————–

Egileaz: Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko zelula-biologiaren irakasle izan da erretiratu arte. Zientzia-dibulgazioan ere aritu da. Hainbat liburu argitaratu ditu eta La biologia estupenda liburuaren egilea da.

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>