Alessandra Giliani (1307-1326): Hilotzen artean

Uxue Razkin

Birritan ikusita ere, inork ez zukeen ezagutuko. Giliani, Ziliani, Guilani… bere abizena aldatzeko joera zeukaten ingurukoek ere. Pentsa, existitzen ez dena izendatzeko zenbat termino erabiltzen ditugun, bakoitzak mitoa edo legenda ulertzen duen modura egokituz. Mitologiako pertsonaia izan zitekeen Alessandra, eta halaxe zela pentsatzen zuten gehienek; hildakoen erreinuko Hades bezala, azpimunduko jaun eta jabe, Herioz inguraturik bizi zena. Ez da kasua, ez bere osotasunean bederen. Hezur-haragizkoa zen, emakumea –gizonezkoek janzten zuten arropa erabiltzen bazuen ere– eta jakina, XIV. mendeko dokumentuetan erregistratu zen lehen emakume patologo eta anatomista izan zen.
Irudia:

Irudia: Mondino de Luzzi medikuak 1316. urtean idatzi zuen Anathomia Corporis Humani liburuaren azaletik hartutako irudia. Liburua 1478. urtean argitaratu zen.

Giza-gorpuak disekzionatzen zituen Alessandrak. Berari zegokion hilotzak prestatzea Boloniako Unibertsitatean ematen ziren anatomia klaseetarako. Gorpuen zaintze prozesuaz arduratzen zen, hori gauzatzeko beharrezkoak ziren teknikak ezagunak zituelako. Mondino de Luzzi mediku eta irakasle ezagunaren laguntzaile gisa lan egin zuen. Zoritxarrez –medikuntza arloan etorkizuna zuelako Gilianik-, Herioak goizegi egin zion bisita: hemeretzi urterekin zendu zen, septizemia batek eraginda.

Mito faltsutik aldenduz

Gilianiren jaiotza data ez da zehazki ezagutzen baina badirudi 1307. urtean munduratu zela San Giovanni in Persiceton, Italiako Emilia-Romagna eskualdean. Esan bezala, kirurgia laguntzaile bezala lan egin zuen aipaturiko unibertsitatean de Luzzi medikuarekin batera. Irakasleak hilotzak erabiltzen zituen bere anatomia klaseetan eta Gilianik horiek prestatzen zituen disekziorako. Antza, giza gorpuen zaintze-teknikak ezagutzen zituen. Medikuaren klaseetan parte hartzen zuen ere. Dena dela, bere kabuz, ikerketa anatomiko ugari abian jarri zituen. Horietatik, metodo garrantzitsu bat garatu zuen emakume gazteak. Arterietako eta zainetako odola erauzten zuen eta odol-hodiak betetzen zituen gogortzen ziren koloreko fluidoekin; koloredun argizari likidoa erabiltzen zuen, hain zuzen. Teknika horri esker, odolak egiten zuen bidea marraztea lortu zuen, giza-gorputzaren zirkulazio aparatua modu zehatz batean irudituz. Horrenbestez, praktika horrek ahalbideratu zuen ikasketa xehea egitea zirkulazio aparatuaren inguruan.

Bertutezko Gilianiz gain, De Luzzik beste laguntzaile bat zeukan, Otto Agenius izenekoa. Alessandra hemeretzi urterekin hil zenean, San Pietro e Marcellino elizan oroitarri bat hautatu zuen emakumea omentzeko:

Encerradas en esta urna las cenizas del cuerpo de Alessandra Giliani, doncella de Periceto, hábil con el pincel en las demostraciones anatómicas, y discípula, igualada por pocos, del muy notable médico, Mondino de Luzzi, esperan la resurrección. Vivió diecinueve años; murió consumida por sus trabajos el 26 de marzo de 1326. Otto Agenius Lustrulanus, privado por su pérdida de lo mejor de sí mismo, su excelente compañera merecedora de lo mejor, ha erigido esta lápida.

Ez zen debekurik

Erdi Aroan ez zegoen debekurik gorpuak tratatzeko eta ikerketetan erabiltzeko, baldin eta praktika horrek helburu didaktikoak bazituen. Hain zuzen ere, Tourseko Kontzilioak egin zuen ediktua (1163) eta Bonifacio VIII.a aita santuak XIV. mendearen hasieran egindako dekretua ez dira behar bezala ulertu. Izan ere, ez dago arau unibertsalik aro horretan disekzioa eta autopsia debekatzen zuenik. Halaber, XIV. eta XVI. mende bitartean, Boloniako eta Paduako Unibertsitateetan burututako giza-disekzioek anatomia arloaren berpizkundea eragin zuten eta horrek kirurgia-teknikak hobetzea ekarri zuen ezinbestean. Mondino de Luzzik argitu zuen bidea, Gilianiren laguntzaz ziur asko, 1316an idatzi zuen disekzioetarako gidarekin, gerora medikuntzaren eta, zehatz-mehatz, anatomiaren oinarria bilakatu zena.

Iturria:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>