Obesitatea duten pertsonek janariaren zaporearekiko sentikortasun baxuagoa dute eta berriro ere pisua galtzen dutenean dastatzeko gaitasuna berreskuratzen dute. Ideia hori ezaguna zen eta aldeko ebidentziak ere bazeuden, baina, orain arte ez dira ikertu izan obesitateak dastamenean dituen efektu molekularrak. Helburu horrekin, AEBko Cornell Unibertsitateko ikertzaileek laborategiko saguetan dietak dituen efektu fisiologikoak aztertu dituzte. Ikerketaren emaitzak PLOS Biology aldizkarian argitaratu berri dituzte eta, lehen aldiz frogatu ahal izan dutenez, gehiegizko pisuak eta obesitateak dastamen-papilen kopurua murrizten du.
Kontua da pertsona obesoen gantz metaketak eragiten duen hantura kronikoaren ondorioz dastamen-papilen berritze prozesua eten egiten dela eta, pixkanaka, haien kopurua murriztu egiten da, elikagaiak dastatzeko gaitasuna kaltetuz.
Obesitatea munduko osasun arazo handienen artean sailkatzen da, batez ere herrialde garatuenen kasuan -esaterako, AEBko populazioaren heren batek obesitatea du-. Gehiegizko pisua eta obesitatea aski lotua dago heriotza-tasa altuagoarekin, gaixotasun kardiobaskularrekin, diabetesarekin, garun-isuriarekin eta hainbat minbizi motekin. Obesitatearen tratamendua, gainera, erronka eta zailtasun handiez josita egoten da, nagusiki, obesoek dieta osasungarriak jarraitzea ez da erraza izaten. Obesitatearen ondorio larriak aski ezagunak diren arren, askok osasungarriak ez diren dietak jarraitzen dituzte. Ikerketen arabera, gorputz-masaren indizea eta dastamen gaitasuna lotuta daude, baina, orain arte ez zen aztertu horren arrazoi molekularra. Kaufman eta bere lankideek egindako ikerketak, ordea, arlo honetan zeuden zenbait itzal argitzera dator.
Dastamen-papila batek 50-100 zelula ditu, hiru mota desberdinetakoak izan daitezkeenak. Zelula desberdin horiek bost zapore primarioak dastatzeko balio dute. Jakina denez, dastamen-papilak etengabe, eta bizitza guztian zehar, berritzen doaz eta epe motzekoak dira gainera: gutxi gorabehera 10 eguneko bizia dute dastamen-papiletako zelulek. Kaufman eta bere lankideek dastamen-papilen berritzen eragina duten prozesu molekularrak aztertu dituzte eta, horretarako, sagu ereduak erabili dituzte.
Sagu talde batek dieta arrunta jaso zuen –%14ko gantz-edukia duena– eta beste taldea, aldiz, dieta obesogeniko batekin elikatu zuten –%58ko gantz-edukia–. Espero zitekeen modura, zortzi asteren buruan, dieta obesogenikoa jaso zuen sagu taldeak heren bat gehiago pisatzen zuen. Alabaina, eta hauxe da ikerketaren muina, sagu obesoen dastamen-pilen kopurua %25 murriztu zen. Ikerketaren emaitza berresteko, ikertzaileek esperimentua errepikatu zuten obesitatearekiko erresistenteak izateko genetikoki eraldatutako saguekin. Sagu horiek, obesoak ez izateko eraldatuak izan direnak, dastamen-papila kopuru bera mantentzen zuten dietaren gantz-edukia edozein zela ere. Hortaz, horrek frogatzen du obesitateak -eta ez dietaren gantz-edukiak- eragiten duela dastamen zentzuaren murrizketa.
Ikerketaren garrantzia
Orain arte ez zen ezagutzen obesoek jaiotzetiko dastamen-papila gutxiago ote zituzten -hortaz, hori izan zitekeen obeso izatearen arrazoia-. PLOS Biology aldizkarian argitaratu berri den ikerketaren ondorioaren arabera, ordea, orain gehiago ezagutzen da kausa-efektu hori eta frogatu ahal izan da gehiegizko pisuak murrizten duela dastatzeko gaitasuna. Ikerketaren emaitzetatik ondoriozta daitekeenez, gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonek gehiago jan behar dute dastamena asetzeko eta horrek pisu gehiago hartzea eragiten du. Pisu igoerak dastamena murrizten du eta, horrela, eteten oso zaila den zirkulu anker batean sartzen dira.
Oraindik frogatzeko dago sagu-ereduetan ikusi diren efektuak gizakiaren kasura ere aplika daitezkeen, baina, hipotesia oso probablea da kontuan hartzen bada aski frogatuta dagoela gantz metaketaren eta dastamen gaitasunaren gutxitzearen arteko lotura. Gainera, ezaguna da lotura hori itzulgarria dela, alegia, obesitateak eragindako hantura desagertzen denean dastamen-papilak kopuru arruntera itzultzen direla. Ikerketaren egileek diotenez, obesitatea edo gehiegizko pisua duten pertsonak tratatzeko aurrerapauso bat dakar ikerketak; izan ere, dastamen gaitasunaren murrizketari aurre egiteko modurik balego, pertsona horiek dieta osasungarriagoetara itzultzea errazagoa litzateke. Etorkizunean, dastamen-papila kopurua berreskuratzeko tratamenduak diseina litezke eta, modu horretan, obesitateari aurre egiteko estrategia berriak gara litezke. Hala ere, oraindik ikusteko dago etorkizunak zer ekarriko duen.
Erreferentzia bibliografikoa
Kaufman A, Choo E, Koh A, Dando R, (2018). Inflammation arising from obesity reduces taste bud abundance and inhibits renewal. PLOS Biology, 16(3), e2001959. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pbio.2001959
Informazio osagarria
- How obesity makes it harder to taste, A. Cunningham, sciencenews.org, 2018
- Obesity dulls sense of taste, study suggests, H. Devlin, theguardian.com, 2018.
- Los obesos tienen menos sentido del gusto, efefuturo.org, 2018
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
2 iruzkinak
[…] baxuagoa dutela eta berriro ere pisua galtzen dutenean dastatzeko gaitasuna berreskuratzen dutela kontatu digu Josu Lopez Gazpiok. Kontua da pertsona obesoen gantz metaketak eragiten duen hantura kronikoaren ondorioz […]
[…] eragiten die mundu osoan. Obesitatearekin batera, hilkortasunanabarmen handitzen duten hainbat patologia agertzen direla onartuta dago. Hala ere, obesitatea pairatzen duten pertsona guztietan ez da egoera hori antzeman; […]