Genero berdintasunaren paradoxa zientzian eta teknologian

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Neska eta emakume gutxiegi daude zientzian. Ez zientzian bakarrik, oro har, STEM delako arloetan -zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika- emakumeen presentzia txikiegia da. Antza, datuen arabera emakume gehiago espero beharko lirateke STEM alorretan. Zalantza hori argitu nahian, genero berdintasunaren paradoxa sakonki aztertu duen ikerketa bat argitaratu berri dute Missouriko Unibertsitateko Gijsbert Stoet eta David C. Geary ikertzaileek.

Ondorioa, esan bezala, paradoxikoa da: genero berdintasun maila handiagoa duten herrialdeetan emakume gutxiago graduatzen dira zientziaren arloko unibertsitate-ikasketetan. Are gehiago, zenbat eta berdintasun maila handiago izan, emakume gutxiago graduatzen dira unibertsitatean STEM arloetan.

genero
1. irudia: Herrialde bateko genero berdintasuna handitu ahala, emakume gutxiago graduatzen dira STEM alorretan. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematikan neska eta emakume gutxi egotea mundu mailako fenomenoa da. Herrialde guztietan gertatzen da, baina, zenbait herrialdetan joerak nabariagoak dira. Joera horiek aldatzeko ahaleginak egin izan badira ere, STEM alorretan emakumeen presentzia egonkor mantendu da azken hamarkadetan. Desberdintasun horien egonkortzeak argi adierazten du orain arte hartu diren neurriak ez direla behar bezalakoak izan. Stoet eta Geary ikertzaileek emakumeen aukeraketa hori -STEM alorretara ez jotzea- bultzatzen duten testuinguru-faktoreak aztertu dituzte eta ondorioak hasiera batean espero ez direnak izan dira. Aurkitu dutenez, genero berdintasun handia duten herrialdeetan gizonen eta emakumeen arteko alderik handiena nabari da zientzia eta teknologiaren inguruko unibertsitate-graduetan eta Bigarren Hezkuntzan.

Hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxa izena jarri diote fenomeno horri eta hura argitzen ahalegindu dira ikertzaileak. Paradoxa ulertzeko adibide argigarri bat: Finlandian genero berdintasun maila handia dago –Munduko Ekonomia Foroaren arabera- eta nerabeen artean neskek mutilek baino gaitasun gehiago dute zientzian aritzeko –OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera-. Alabaina, Finlandian mundu mailako gizonen eta emakumeen arteko alderik ia handiena dago STEM alorreko unibertsitate-graduetan. Suedian eta Norvegian ere antzekoa gertatzen da -STEM graduatuen %25 bakarrik dira emakumeak-. Aljerian, Tunisian edo Turkian, aldiz, emakume gehiagok lortzen dute STEM graduatua, %35-40 artean. Joera horiek mundu mailan errepikatzen direla ikusi da eta horixe da, hain zuzen ere, hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxa.

Nola aukeratzen dira unibertsitateko ikasketak?

Genero berdintasunaren paradoxa bi prozesuk gidatzen dute, dirudienez. Alde batetik, ikasleek beraiek aukeratzen dute zer ikasi nahi duten eta horretarako gaitasun akademikoetan oinarritzen dira. Beste aldetik, testuinguru-faktoreetan -esaterako, ikasketak amaitzean espero den soldatan- oinarritzen dira aukeraketa egiteko. Ikertzaileen arabera, faktore horrek eragin handiena du unibertsitate-graduaren aukeraketan eta, aztertu dutenez, mutilek uste dute gaitasun hobeak dituztela zientzian eta teknologian.

2. irudia: Unibertsitateko ibilbide akademikoa aukeratzerakoan hainbat faktorek eragiten dute, nagusiki, norbanakoaren aukerak eta testuinguruaren eragina. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Testuinguru faktoreei dagokienez, herrialdearen garapen ekonomikoa eta arrisku ekonomikoak kontuan hartu behar dira. Horren arabera, egoera ekonomiko okerragoan dauden herrialdeetan STEM alorreko lanbideak erakargarriagoak dira soldata altuagokoak izan ohi direlako eta emakume gehiagok jotzen dute zientzia eta teknologia ikastera. Frogatu denez, egoera ekonomiko zailetan norbanakoaren interesak eta gaitasunak gehiago eragiten du ibilbide akademikoaren aukeraketan.

Ikerketaren muina

Hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxa ikertzeko 67 herrialdetako 475.000 nerabe aztertu dituzte Missouriko Unibertsitatean. Ikerketan PISAko datuak erabili dituzte gaitasunak neurtzeko: zientzia-alfabetatzea, irakurmen gaitasuna eta matematiketarako gaitasuna aztertu dira. STEM alorrak definitzeko UNESCOren sailkapena erabili dute, eta talde horretan sailkatu dituzte natura-zientziak, matematika, estatistika, informazio eta komunikazio teknologiak, ingeniaritzak, fabrikazioa eta eraikuntza. Erabilitako datuen arabera, STEM graduatuen emakumeen portzentajea %12,4tik -Macaon- %40,7ra -Aljerian- mugatzen da. Generoen arteko aldea balioesteko Munduko Ekonomia Foroaren GGGI indizea –Global Gender Gap Index- erabili da. Indize horrek 14 indikatzaile hartzen ditu kontuan eta aztertutako 67 herrialdeei dagokienez, indizerik baxuena Arabiar Emirerri Batuetan dago, 0,593 eta altuena, aldiz, Islandian, 0,881.

Emaitzak gaika aztertuta, Stoet eta Gearyren ikerketak dio zientzia-alfabetatzean ez dagoela desberdintasun adierazgarririk nesken eta mutilen artean -neskek emaitza zertxobait hobeak lortzen dituzte, hala ere-. Horrek, gainera, ez dauka loturarik generoen arteko aldea neurtzen duen GGGI indizearekin. Indargune akademiko intraindibidualei dagokienez, aldiz, mutilak zientzian hobeak dira beste alorretan baino. Neskak, berriz, gaitasun intraindibidual erlatibo handiago dute irakurketan zientzian edo matematikan baino. Hain zuzen ere, nesken %51ak du irakurketa gaitasuna indargune akademikoa bezala. Esandakoaren arabera, neskek eta mutilek zientziarako antzeko gaitasuna dutela ondorioztatu da. Alabaina, mutilek beste alorretan gaitasun baxuagoa dutenez, STEM alorretan gaitasun erlatibo handiagoa dutela nabari dute eta horren eraginez mutilek joera handiago dute STEM alorrak aukeratzeko. Nolabait, mutilek uste dute gaitasun hobeak dituztela zientzian eta teknologian -haien indargune moduan ikusten dutelako, nahiz eta balio absolutuetan, oro har, neskek eta mutilek antzeko gaitasuna duten.

Zientziarekiko jarrerei dagokienez, autoeraginkortasuna, interesa eta zientziarekiko gozamena ebaluatu dituzte ikerketan. Paradoxikoki, aztertutako herrialde guztietan hiru jarrera horietan mutilek neskek baino balio altuagoak ematen dituzte. Herrialdeen %58an mutilek zientziarekiko autoeraginkortasun altuagoa dute, %76an mutilek zientziarekiko interes handiagoa dute eta herrialdeen %43an mutilek neskek baino gehiago gozatzen dute zientziaz aritzean -beste herrialdeetan antzeko jarrerak dituzte-. Berriro ere paradoxikoa badirudi ere, herrialdearen berdintasun indizea zenbat eta handiagoa izan mutilek zientziarekiko jarreretan puntuazio hobeak lortzen dituzte neskek baino. Bestalde, bitxia da aipatzea herrialdeen %49an mutilek zientzian dituzten gaitasunak gehiegi estimatzen dituztela, alegia, uste dutena baino gaitasun baxuagoa dute. Nesken kasuan, aldiz, %5ak bakarrik uste du benetan duena baino gaitasun gehiago duela. Hala eta guztiz ere, jarrerak eta gaitasunak bakarrik aztertu neska eta emakume gehiagok aukeratu beharko lituzkete STEM alorreko unibertsitate-ikasketak. Zergatik gertatzen da hori? Zein da arrazoia emakume askok zientzia eta teknologiaren alorrari uko egiteko?

Paradoxaren balizko azalpenaren bila

Genero berdintasunaren paradoxaren erantzulea herrialdearen egoera ekonomikoa eta ongizate-maila izan daitekeela proposatu da. Berdintasun indize altuagoa duten herrialdeak aberatsagoak izan ohi dira eta arrisku ekonomikoak murritzagoak dira. Biztanleriak segurtasun handiagoa du eta bizi baldintzak hobeak dira. Testuinguru horretan, etorkizun ekonomiko oparoagoa eskaintzen duten STEM alorreko ikasketak ez dira hain erakargarriak. Ikerketan frogatu dutenez, bizi kalitate okerragoa izatea espero denean neskek pizgarri gehiago dituzte zientzian eta teknologian aritzeko eta arlo horretako unibertsitate-ikasketak egiteko.

Zentzu horretan, mutilak hobeak dira zientzian beste alorretan baino, nahiz eta neskak mutilak baino hobeak diren alor guztietan. Nesken artean, aldiz, irakurketan gaitasun altuagoa dute zientzian baino eta, hortaz, neskek ez dute STEM alorra haien indargune bezala ikusten. Hortaz, testuinguru sozioekonomiko erosoan -horiek ere berdintasun maila handiagoa duten herrialdeak izanik-, neskek ez dute zientzia eta teknologiara jotzen. Horixe da hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxaren azalpena, ikertzaileen aburuz.

3. irudia: irudia: Espero baino emakume gutxiago dago STEM alorrekin lotutako unibertsitate-graduetan. (Argazkia: skeeze – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Paradoxa arazo bat den edo ez eztabaidatzeko kontua da. Alde batetik, esan behar da gizarte berdinzaleena ez dela izango alor guztietan nesken eta mutilen banaketa berdin-berdina duena. Beste aldetik, ikerketa hau edo antzekoak ezin dira erabili berdintasun politiken aurkako argudio moduan. Unibertsitate-ikasketetan %50-%50 banaketa lortzea ez da helburua, baina, bai genero kontuengatik bidean inor ez galtzea. Ikerketaren arabera, neska gehiagok aukeratu beharko lituzkete STEM arloko graduak; izan ere, alde handia dago zientzia eta teknologian graduatzen diren emakumeen eta modu arrakastatsuan STEM alorrean graduatu ahalko liratekeen emakumeen artean. Alde hori murrizten joateko, behar-beharrezkoak dira gertatzen dena azaltzen lagunduko duten ikerketak, irtenbide egokienak bilatze aldera. Hala ere, ikertzaileen arabera, argi dago alde hori ez dela murriztuko berdintasun politikekin bakarrik edo nesken zientzia-hezkuntza hobetzen bakarrik. Irtenbide integral eta eraginkorrak bilatzen diren bitartean kontuan izan behar da agian, besterik gabe, segurtasun ekonomikoa duten neskek nahiago dutela STEM arloak ez diren beste ikasketak egitea. Olga Khazan idazleak dioenez, lana interes ekonomikoengatik bakarrik aukeratu beharrean, haien gaitasun anitzetan oinarrituta egiten dute aukeraketa eta hori izan daiteke, hain zuzen ere, genero berdintasunaren paradoxaren erantzulea. Hortaz, baliteke lortutako emaitza korrelazio baten ondorio izatea, baina, benetako kausa-efektua oraindik aurkitu ez izana. Hala ere, hausnartzen jarraitzeko datua lortu dute Missouriko ikertzaileek: mutilen erdiek uste dute benetan dutena baino gaitasun handiagoa dutela zientziarako eta nesken kasuan, aldiz, %5ak bakarrik pentsatzen du hori. Ikerketa gehiagoren beharrean, oraingoz, eztabaida irekita dago.

Erreferentzia bibliografikoa:

Stoet G, Geary D. C., (2018). The Gender-Equality paradox in Science, Technology, Engineering, and Mathematics education. Psychological Science, 29(4), 581-593. DOI: https://doi.org/10.1177/0956797617741719

Informazio osagarria:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.