Bergmann-en araua

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Geroari begira


«Iparralderantz espezie handiak bizi dira nagusiki eta espezie txikiak hegoalderantz». Karl Bergmann biologo alemaniarrak idatzi zuen hori 1847 urtean.

Irudia: Bergman arauaren salbuespena da elefantea, izan ere, nahiz eta klima epelean bizi tamaina handikoa da.

Honako beste bi hauek ere idatzi zituen: «Bi animalia-espezie bereiziko lituzkeen ezaugarri bakarra tamaina izango bada, bi espezie horien banaketa geografikoa baldintzatzen duen ezaugarria tamaina izango da» eta «Baldin eta genero jakin bateko espezieak bereizten dituen ezaugarri bakarra tamaina bada, klima beroagoan biziko da tamaina txikiagoko espeziea». Esaldi horien bitartez adierazi zuen Bergmannek geroztik haren izenez ezagutu den araua, Bergmannen araua alegia. Animalia endotermoak dira, nagusiki, arauaren menpe daudenak.

Bergmannen arauaren azpian dauden faktoreak ez daude oso argi, baina orain arte eraentze termikoa eta animalien tamainaren artean dagoen harremana izan da araua azaltzeko erabili den zioa. Argudio horren arabera, eskualde hotzetan ugaztun eta hegazti txikiek handiek baino zailtasun handiagoak dituzte. Izan ere, eta liburu honetan adierazi dugun bezala, animalia handien gorputzek animalia txikien gorputzek baino masa-unitateko azalera txikiagoa dute. Hori dela eta, animalia txikiek handiek baino beroa galtzeko joera handiagoa dute, eta, ondorioz, lan metaboliko handiagoa egin behar dute barne-tenperatura konstante mantentzeko. Ez dezagun ahaztu lan metaboliko handiago hori egiteko energia gehiago behar dutela eta energia-baliabide gehiago lortu behar dituztela, ondorioz. Hori horrela, zentzuzkoa dirudi eskualde hotzetan animalia txiki gutxiago egoteak.

Kontuak, hala ere, ez daude oso argi. Batetik, badira arauaren salbuespen nabariak. Esaterako, errepara diezaiogun elefanteari, lur gaineko ugaztunik handienari. Eskualde beroetan bizi da, nahiz egia izan hori dela hain belarri handiak behar izateko arrazoia. Bestalde, salbuespenik bada ere, animalia poikilotermoetan ere behatu izan da joera bertsua. Izan ere, poikilotermoetan beroa galtzeko arriskuaren kontuak ez luke inolako zentzurik izango, poikilotermoek ez baitute beroa galtzea saihestu behar.

2010eko otsailean argitaratu den ikerketa baten emaitzek azalpen berria eman diote Bergmannen arauari. Azalpen horren arabera, latitude altuko landareak aberatsagoak dira, hazkurritsuagoak, eta horrek ahalbidetzen du landare horiek jaten dituzten animaliak handiagoak izatea. Laborategian goi-latitude eta behe-latitudeetako landareez elikatu dituzte espezie desberdineko animaliak, eta esperimentu horien bitartez heldu dira lehenago azaldu dugun ondoriora. Egia da hasiera batean belarjaleen banaketa azaltzeko balio dezaketela esperimentu horiek, baina zer gertatzen da haragijaleekin? Bada, ikertzaileen ustez, toki hotzetako animalia karniboroek ere profitatzen dute landare elikagarriagoen eragina, harrapakin handiagoak jaten dituztelako.

Lanaren egileek uste dute hori ez dela Bergmannen araua azaltzeko hipotesi bakartzat hartu behar. Haien aburuz, kontuan hartu behar da faktore metabolikoen garrantzia. Izan ere, Bergmannen arauaren oinarrian faktore bat baino gehiago dagoela proposatzen dute ikertzaileek.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.