Txikiagotzen ari diren ardiak

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Geroari begira


Hirta uhartean bizi diren Soay ardien tamaina txikiagotzen ari da azken hogeita bost urteotan. Ez zekiten zergatik gertatzen ari den hori, baina orain ba omen dakite.

Irudia: Soay ardiak gero eta txikiagoak dira.

Hirta uhartea St. Kilda uhartedian dago, Eskoziako Mendebaldeko Uharteetatik 60 km-tara. Joan den mendearen hasiera arte, gizakiak bizi ziren han, uharte txiki eta pobrean, baina bizi-baldintzak hain ziren gogorrak, gizakiek handik alde egiteko erabakia hartu behar izan baitzuten. Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak St. Kildari buruz idatzi du bere Bilbao-New York-Bilbao narrazioan. Uhartearen historia laburtu du eta hango biztanleek uhartea noiz eta zergatik abandonatu zuten azaldu du. Pasarte ederra da eta, luzea izan arren, egoki iritzi diogu pasarte horretako bi zati hona ekartzeari.

«ST KILDA irla da Rockall-etik hurbilen dagoen lur zatia 1930. urtera arte jendea bizi izan zen bertan. Orduantxe atera ziren bertatik azkeneko biztanleak, orduantxe bukatu baitzen bi mila urteko bizitza, 1930ko abuztuaren 28an hain zuzen, egun eguzkitsu batean gauzak jaso eta irla utzi zutenean, betiko. Berrogei lagun baino gutxiago ziren orduan herrian, gazteak alde eginak ziren lur berrien bila eta jende heldua baino ez zen geratzen irlan.

St Kildako aztarnak, baina, antzina-antzinakoak dira, neolito garaikoak. Bostehun urtetan zehar MacLeod familiarena izan zen irla. Urtean behin egiten zuen bidaia ugazabaren mandatariak irlara, udan. Orduan, alogera jasotzen zuen eta irlakoek behar zituzten gauzak eramaten zizkien. Bitxia da ikustea zer gauza eskatzen zituzten irlako biztanleek. Behiak eta gailuak eskatzen zituzten, baina baita arropa ere. Horietako zerrenda batean agertzen zen nola eskatu zituzten gizonentzako dozena bat boneta.

Aparteko irla hartan modarekin zuten harremana deigarria da XIX. mendearen bukaeran turista aberatsak iritsi ohi ziren bertara udan. Exotikoa zen Britainia Handiko irlarik urrunenera bidaia egitea. Behin, emakume bat harri-harri eginda geratu zen portura iritsi eta ikusi zuelako irlako emakume bat Londresko Oxford Streeten moda-modako ziren arropekin jantzita. Barkuan iritsi ziren turistak baino modernoago jantzita zihoan irlako emakume hura. Jantziok nola lortu zituen galdetu eta emakumeak erantzun omen zion pasa zen udan aldatu zizkiola barkuan etorri zen turista bati. Irlako emakumeak inor baino modernoago izan gura zuen.

Urteroko barku hori izan zen mendeetan zehar mundu zibilizatuarekin irlako biztanleek zuten lotura bakarra. Posta igortzeko oholezko barkutxo batzuk eraikitzen zituzten, olgetakoak balira bezala, jostailuak. Bertan gutuna eta peny bat sartu eta bota egiten zuten itsasora argipen batzuekin. Ontziak “Please, open” esaldia izaten zuen kanpoan idatzita.

……

Irla uzteko erabakia gaixotasun batek ekarri zuen. Gaixotasuna ez zen larria ordea. Apendizitis xume batek bultzatu zuen irlaren uztea. Mary Gillies izeneko emakume bat urdaileko minez hasi zen 1930ko urtarrilean. Zamaontzi bat zegoen orduantxe portuan eta abisu bat bidali zuten andrea gaixorik zegoela. Otsailaren 15a arte ez zuten eraman Glasgow-eko ospitalera. Hantxe hil zen emakumea.

Biztanleek oso gaizki hartu zuten Mary-ren heriotza eta irla uztea erabaki zuten, biltzarrean bilduta, ohitura zaharrei jarraituz. Ordurako, 15 gizon eta 22 emakume baino ez ziren bizi irlan. Gainontzekoek emigratzea erabaki zuten-eta, Amerikara edo Australiara.

Zaharrenek ez zuten irlatik atera nahi, bertan uzteko esaten zieten etxekoei, hantxe hil nahi zutela beren senide eta lagun hildakoen ondoan.

Diotenez, oso gaizki egokitu ziren St Kildatarrak bizimodu berrira. Ez zuten sekula ahaztu aparteko irla ekaiztsu hartan zuten bizitza.» (151-154 or.)

Gizakiak joan ondoren ardiak heldu ziren, Bute-ko markesak hara eraman zituelako, uhartedi bereko Soay uhartetik, hain zuzen ere. Hirurogeita hamar urte baino gehiago daramate han eta, beraz, erabat finkatuta daude orain. Lehen esan bezala, duela hogeita bost urte baino txikiagoak dira orain.

Itxaron zitekeenaren aurkakoa da gertaera hori, ardi handiek txikiek baino bizirik irauteko eta ugaltzeko aukera gehiago baitute. Hori da behintzat animalien eboluzioan adituak direnen iritzia. Horregatik ez zuten ulertzen zergatik txikiagotzen diren han bizi diren ardiak. Baina orain bai, ingurumen-baldintzei erreparatuz eta eredu matematikoak erabiliz aurkitu bide dute txikiagotzearen arrazoia.

Dirudienez, txikiagotzeak eguraldiarekin du zerikusia. Azken urteotan nabarmen hobetu da St. Kilda uhartediko eguraldia. Neguak lehen baino laburragoak dira orain, eta tenperaturak ez dira asko jaisten. Lehen, neguak gogorragoak zirenean, arkume handienek soilik gainditzen zuten negua. Orain, berriz, arkume txiki askok ere gainditzen dute. Horren ondorioz, ez da tamaina txikiaren aurkako hautespen naturalik gertatzen, eta horrek populazioaren banakoen txikiagotzea dakar.

Gertaera interesgarria da hau, agerian uzten baitu ingurumen-baldintzen eta animalien bizi-zikloen ezaugarrien arteko harreman estua. Bizi-zikloen ezaugarriak (bizitzaren iraupena, ugaltze-adina, ugaltze-ahalegina, hazkunde-tasa, eta abar) oso garrantzitsuak dira eboluzioaren ikuspuntutik. Izan ere, espezie baten arrakasta, askotan, ezaugarri horien menpe dago. Baldintza abiotikoekiko erresistentzia garrantzitsua da; energia-baliabideak eskuratzeko ahalmena ere, arrakastaren osagai gakoa da. Bada, bizi-zikloaren ezaugarriak ere, hautespen-presioaren pean egoten dira eta presio hori ingurumen-baldintzen araberakoa da. Horixe da adibide honetan ikusi duguna. Baldintzok gogorrak zirenean, ardien tamainak handiagoa behar zuen, txikiek ez baitzuten bizirik irauteko aukera handiegirik; baina biguntzen direnean, tamainaren garrantzia gero eta txikiagoa da. Ondorioz, gero eta txikiagoa bilakatzen da Hirtako populazioaren ardien batez besteko tamaina.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.