Germen (hazi) hitza, jatorri latindarrekoa, XIX. mendean erabili zen aurrenekoz mikrobio patogenoez aritzeko. Gaixotasunen jatorria “hazi” batekin lotzea antzinate klasikoan bila badaiteke ere, De contagione liburua aipatu ohi da erreferentzia garaikide gisa, Girolamo Fracastoro-k 1546an argitaratua.
Mikroskopiaren garapenak, XVII. mendearen hasieran, ahalbidetu zuen ordura arte ezezagunak ziren izaki bizidunak aurkitzea. Antoni van Leeuwenhoek-ek mendearen azken laurdenean egindako behaketa aitzindariek agerian jarri zuten “animaliakulu”-en existentzia ur ezberdinetan, hortzetan edo giza esperman. Eskuragai zeuden tresna optiko gehienen akatsek eragotzi zuten behaketa zinez esanguratsuak egitea XIX. mendeko 30eko urteak arte.
1835ean Agostino Maria Bassi-k frogatu zuen onddo ñimiño batek muskardina eragiten zuela zeta-harretan. Laster lotuko ziren mikrobioak beste gaixotasun batzuekin: aipagarria da Casimir Joseph Davaine, behin eta berriz behatu zituena barra-itxurako egiturak –berak “bakteridia” deitutakoak – karbunkoz (antrax) hiltzen ziren animalien odolean. Egitura horien eta gaixotasunaren arteko lotura, alegia kausa ala ondorio ote ziren, eztabaida irekia zen.
Garai horretatik aurrera, hartzidura- eta usteltze-prozesuetan interesatutako zientzialari europarrak pixkanaka hasi ziren gaixotasunaren teoria germinal bat garatzeko bidean. 1840an Jacob Henle-k horrelako teoria baterako marko teoriko orokorra finkatu zuen; aldi berean, Theodor Schwann-ek frogatu zuen airean zegoen zerbait –eta ez airea bera– zela izaki bizidunen gorputzetan usteltzea hasten zuena. 1864an Louis Pasteur-ek zientzialarien eta herritarren arreta erakarri zuen teoria germinalaren kausalitatearen bere azalpenarekin. Horrek eztabaida handia sortu zuen hurrengo hamarkadan, harik eta Robert Koch-ek lehenbizi karbunkoaren azken eragilea identifikatu zuen arte (1876) eta geroago tuberkulosia eta kolerarena. Dena den, gaixotasunaren hainbat teoria germinalek hedatzen jarraitzen zuten XIX. mendeko azken hamarkadetan; XX. mendeko hasiera arte ez zen adostasunik lortuko.
Koch-ek eta bere kolaboratzaileek teoria germinalari egindako ekarpena mikroorganismoen identifikaziotik haratago zabaldu zen. Kochek programa bat idatzi zuen, informalki “Kochen postulatuak” izenaz ezagutzen zena. Programa horrek indarrean jarraitzen du hainbat berrikuspenen ondoren, oinarrizko tresna gisa baita mikrobio jakinen eta gaixotasunen arteko lotura kausala berresteko. Kochek eta bere kideek ekarpen garrantzitsuak egin zizkioten bakterioen identifikazioari, tindaketa-teknikak garatuz garaiko koloratzaile industrialetan oinarrituta; horrela, 1900erako finkatuta zeuden dozenaka gaixotasunen kausa bakterianoak. Horrek bi ondorio nagusi izan zituen: lehenik, mediku asko konbentzitu ziren gaixotasun bakoitzaren kausa bakterio bat izan behar zela, eta bigarrenik, gaixotasunak soilik sintomen bidez ezagutzeari utzi zitzaion, eta beren kausengatik ere hasi ziren ezagutzen, laborategian.
Bakterio-iragazpen prozesuen hobekuntzek, 1880. urtetik aurrera, ikusarazi zien ikertzaile askori existitu behar zirela gaixotasunak eragiten zituzten agenteak, bakterio ezagunak baino txikiagoak zirenak. Horrela, 1896an Martinus Willen Beijernick-ek birus iragazlearen ideia proposatu zuen, oso eztabaidagarria baina balioduna: ustez uretan disolbagarria den mikrobio bat, aski txikia iragazkietatik pasatzeko, eta ikusezina garaiko mikroskopioetan. Identifikatutako mota horretako lehen eragileak tabakoaren mosaikoarena, ahoeriarena (abereen sukar aftosoa) eta sukar horiarena izan ziren. Birologia azkar asko garatu zen zientzia gisa XX. mendearen hasieran. Fagoen fenomenoa ―bakterioak bakarrik kutsatzen dituzten birusak― Frederick William Twort eta Félix d’Hérélle-k identifikatu zuten, nork bere aldetik, Lehen Mundu Gerran. Mikroskopio elektronikoaren garapenak, 30eko urteetan, birusak ikustea ahalbidetu zuen.
XX. mendean zehar germenen ideia herritarren kontzientzian errotu zen, neurri handi batean erakundeen publizitate-kanpainei esker eta, neurri handiagoan, norberaren eta etxearen garbiketarako produktuei esker.
Germenak, oraindik ere, etengabeko mehatxu dira giza osasunerako, mundu-mailako garraioaren unibertsaltasun eta bizkortasunak, eta industria-mailan prozesatutako elikagaien erabilerak larriagotua.
Birusen egituraren argitzeak eta, XX. mendeko azken hamarkadetan, prioien (proteina infekziosoak) aurkikuntzak ezinbesteko egin dute teoria germinal klasikoa berrikustea, organismo patogeno bizien ideian oinarritzen dena.
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao
1 iruzkina
[…] Germenak izan dira protagonista gaurkoan. XVII. mendearen hasieran, mikroskopioaren garapenak ahalbidetu zuen ordura arte ezezagunak ziren izaki bizidunak aurkitzea. 1835ean Agostino Maria Bassi-k, adibidez, frogatu zuen onddo ñimiño batek muskardina eragiten zuela zeta-harretan. Laster lotuko ziren mikrobioak beste gaixotasun […]