Eklipseez

Zientziaren historia

Esan daiteke Lurreko gainazalean kokatutako begirale batentzat ia berberak direla Eguzkiaren eta Ilargiaren diametro angeluarrak; hala, noizbehinka bi gorputzak lerrokatu egiten dira eta Ilargiak Eguzkia eklipsatzen du. Ezagutzen den lehenengo eguzki-eklipse erregistroa k.a. 2136ko txosten bat da, Txinakoa.

1. irudia: XIX. mende erdialderako astronomoek eguzkiaren kanpo-atmosferarekin lotzen zituzten jada eklipse osoetan ikusgai diren eguzki-koroa eta protuberantziak.

Ilargiak proiektatutako itzalak oso gutxi ebakitzen duenez Lurraren gainazala, eguzki-eklipse oso bat ibilbide estu batetik baino ezin daiteke ikusi. Gehienez ere, eklipse oso batek zazpi minutuko iraupena izaten du. Edmond Halley astronomoak grabitazio-fisika newtondarra erabili zuen Ilargiaren mugimendu orbitala kalkulatzeko, horren ondorioz, eguzki-eklipse baten ibilbidea lehen aldiz aurreikusteko gai izan zen 1715ean.

Eguzki-eklipse oso batek aukera ematen du beste era batera antzemateko zailak diren eguzki-ezaugarriak ikusteko. Hain zuzen, XIX. mende erdialderako astronomoek eguzkiaren kanpo-atmosferarekin lotzen zituzten jada eklipse osoetan ikusgai diren eguzki-koroa eta protuberantziak. Era berean, kromosferako argi-keinuak (flashak) 1870ean hartu ziren eta XX. mendeko 30eko hamarkadarako bazekiten koroa oso ionizatuta zegoela eta bataz besteko tenperatura 1.000.000º C baino askoz altuagoa zuela.

2. irudia: 2017an Estatu Batuetan ikusgai izan zen eklipsean zehar hartutako irudian kromosferako argi-keinuak ikus daitezke.

Eguzki-eklipseen ikerketa beste mota bateko informazio iturri ere bada. Historian zehar, lekuko askok eklipseen ibilbide posizioak ikusi izan dituzte, zeinak hainbat txostenetan bildu izan baitira; horiek gertutik ikertu ostean, ikusi da Ilargia gero eta urrutiago dagoela Lurretik. Ondorioz, mendetik mendera, eguna bi milisegundo luzeagoa da.

Arthur Eddington astrofisikariak 1919ko maiatzaren 29ko eguzki eklipsea erabili zuen Einsteinen erlatibitate orokorraren teoria «baieztatzeko». Teoriak aurreikusi zuen Eguzkiaren grabitazio-eremuak 1,75 segundo hirurogeitar desplazatzen zituela bere gainazalera tangentzialki pasatzen ziren izarren argi-izpiak eta Eddingtonek antzeko kopurua antzeman zuen.

Ilargi-eklipseei dagokienez, Ilargia Lurrak proiektatzen duen itzal-konotik pasatzen denean jazotzen dira. K.a. III. mendean, Samoko Aristarkok ondorioztatu zuen Ilargia 60 lur-erradiora dagoela Lurretik; izan ere, batetik modu zehatzean neurtu zituen Ilargi-eklipsearen faseen denborak eta, bestetik, Ilargiaren diametro angeluarra zein Lurraren erradioa ezagutzen zituen.

3. irudia: Ilargia Lurrak proiektatzen duen itzal-konotik pasatzen denean gertatzen dira ilargi eklipseak.

Halaber, Eguzki-sistemako beste eklipse batzuek ere garrantzia izan dute astronomiaren historian. XVII. mendean Ole Rømer daniarrak Jupiterren ilargien eklipseen iraupena neurtu zuen Lurra bere orbitaren posizio desberdinetan zegoenean. Hala, nahikoa informazio izan zuen argiaren abiaduraren kalkulu bat egiteko. Galileok, zeinak 1609an sateliteak aurkitu baitzituen, proposatu zuen eklipseak nahiz sateliteen arteko bat etortze optikoak oinarria izan zitezkeela Lurreko hainbat lekutatik ikusi ahalko zen erloju estandar baterako. Nolanahi ere, halako erloju baten aplikazio nagusia, hau da, itsas zabaleko ontziek luzera zehaztea, ezinezkoa zen praktikan, zeren bat etortzeak neurtzeko beharrezko teleskopioa ezin zen gauzatu ontzian bertan. Berrikiago (1985 eta 1991 artean), Plutonen Karonte satelitearen eklipseak behatuz, bi gorputzen tamaina eta koloreen kalkulu zehatzak egitea lortu zen.

Azkenik, izar-eklipseen garrantzia Edward Pigott eta John Goodricke astronomoei esker hasi zen ezagutzen. XVIII. mendeko 80ko hamarkadan Algol (Beta Persei) izarraren distira-aldaketak behatu ostean, proposatu zuten aldaketa horiek gutxi gorabehera Algolen tamaina erdia zuen planeta batek eragin zitzakeela, zeinak izarraren inguruan orbitatu eta noizbehinka eklipsatzen baitzuen.

Friedrich Argelander astronomoak, berriz, datu zehatzagoak eman zituen izar-eklipseek eragindako distira-aldaketen inguruan 1843. eta 1870. urteen artean. 1919an, Gustav Müller eta Ernst Hartwig astronomoek eklipsatzen ziren 131 izar bitarrez osatutako katalogoa argitaratu zuten. Joel Stebbins-ek selenio-fotometroa sortu zuen 1910ean eta haren bitartez Algolen argi-kurbaren gutxiengo sekundarioa aurkitu zuen; horrek adierazten zuen albokoa izar ahula zuela eta ez planeta bat. Eklipsatzen diren izar bitarren argia analizatzeak bi izarren tamaina eta argitasunaren inguruko informazioa lortzea ahalbidetzen du.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.