Uraren garrantzia etorkizun handiko minbizi biomarkatzaile batean

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Tn antigenoaren bi aldaera ikertu dituzte, itxuraz berdintsuak direnak baina uretan konformazio oso ezberdina dutenak.

Irudia: Itxuraz antzeko diren Tn antigenoaren bi aldaera oso ezberdin jokatzen dute uretan.

Tn antigenoak minbizien %90ean azaltzen dira eta metastasiarekin lotuta daude. Minbizi-zelulak identifikatzeko etorkizun handiko biomarkatzaileak dira eta minbiziaren aurkako terapientzako itu erakargarriak bilakatu dira. Antigorputzen sorrera eragiten duten molekulak dira antigenoak, sistema-immuneak mehatxu gisa antzematen ditu eta erantzun immunitarioa eragin lezake.

Itxuraz berdintsuak diren Tn antigenoaren bi aldaera ikertu dituzte: serina edo treonina aminoazidoan baino bereizten ez dira. Uretan portaera oso ezberdina dute. Ikuspuntu esperimentala zein konputazionala erabiliz, egiaztatu da.

  • Tn antigenoa treoninarekin lotuz gero, egitura zurruna osatzen du uretan, egitura egonkortzen laguntzen duen ur-molekula bati esker.
  • Tn antigenoa serina aminoazidoari lotzen zaionean egitura-elementu hori falta zaio eta malgua da uretan.

Ezberdintasun horiek ez dira gas-egoeran behatu, bi molekulek portaera berdina azaldu baitute. Beraz, lehenengo aldiz eta zalantzarik gabe ikusi da urak zeregin garrantzitsua duela molekula horien egitura tridimentsionalean.

Uraren egitekoa gertutik ezagutzeko ur-molekulak banan-banan gehitu dituzte, Tn antigenoaren portaera aztertzeko. Ikusi dute ur-molekula bakarra gehitzea nahikoa dela bi antigeno horien egitura aldatzeko eta, gainera, ura molekularen zati ezberdinetan gehitzen dela ere behatu dute.

Litekeena da Tn antigenoaren konformazio ezberdinek elkarrekintza ezberdinak izatea zelula-errezeptoreekin eta antigorputzekin eta egitura horiek ulertzeak minbizia modu eraginkorrago batean detektatzeko erreminten eta minbiziaren aurkako botiken diseinua erraz dezake. Minbiziaren aurkako txerto potentzialak ekoiztera bideratuta dagoen epe luzerako proiektu baten barnean dago lan hau.

Tn antigenoak duen arazorik nagusienetako bat da gorputzean naturalki ere aurkitzen dela; ondorioz, gorputzaren erantzun immunea oso baxua da, ez baitu eragile arrotz bat moduan identifikatzen. Hala ere, ikusi da molekula horren kontzentrazioa areagotuz gero, minbizia garatuta dagoela esan nahi duela. Alegia, molekula horren ibilbidea jarrai daiteke, minbiziaren garapen-maila ezagutzeko.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Uraren garrantzia minbiziaren aurkako etorkizun handiko biomarkatzaile batean.

Erreferentzia bibliografikoa

Bermejo, Iris A., et al., (2018) Water Sculpts the Distinctive Shapes and Dynamics of the Tumor-Associated Carbohydrate Tn Antigens: Implications for Their Molecular Recognition. Journal of the American Chemical Society, 140 (31), pp 9952–9960. DOI: 10.1021/jacs.8b04801

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.